XXIX
karmele, jazinto, markel eta joxepa
MARKEL: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, maleta bat eskuetan duela eta beraren ondoren joxepa). Kaka zaharra, etxe honetan egotea duk! Ez diat nik gehiago zartatekorik hartuko hemen. Ez horixe!
JOXEPA: Uste al duzu muturrekoak hartzera etorri garela?
JAZINTO: (Zutituz). Barka zazue gertatua... Erotua da ziur asko gizonezko hori.
MARKEL: Hori bakarrik?
JAZINTO: Baina...
MARKEL: Lurrean den honi eman zaizkiozu porru-patatak, baldin guztiak han ez baditugu behintzat oraindik.
JAZINTO: Orain artekoa ordaindu gabe, ez duzu alde egingo behintzat...
MARKEL: Ordaindu? Baita zera ere! Hobe duzu gainera isilik egon, edo bestela...
JOXEPA: Tira Markel, goazen agudo etxe honetatik.
MARKEL: Goazen, bai. (Alde egiten du joxepakin batera kanporako atetik).
JAZINTO: Jardun zak honetarako lanean... Baina hau, ez duk honela geldituko. Ez arranoa! Gizonezko arlote nazkagarri hori nik harrapatuko diat oraindik. Baita munduari bi jira eman behar badizkiot ere! (Alde egiten du presaka kanporako atetik).
KARMELE: (Bakarrik gelditzean, esnatzen joango da eta poliki zutitu). Orain ere lurrean? Zer gertatzen zait ordea gaurkoan? On Lukax... On Lukax, bai... Korrika ikusi dudala, amets egin ote dut? Eta tiroak... Tiroak esan al dut? Nire senarra tiroka hasi ote da ba azkenean? (Esertzen da eta konturatu ere egin gabe hitzegiten dela, mahai gainean den tazatxotik edaten du). Ametsetan egin izango dut guztia... Jainko santua! Baina, zeredan dut? Zer zen hemen? Nire senarrak prestatutako zikinkeria ziur asko... Azkenean neu, etxeko katu beltza bezala. Berriro ere lurrera erori behar dudala iruditzen zait... (Erortzen da lurrera eta itzaltzen dira argiak, gertakizuna bukatzen dela).