V
benita eta kosme
BENITA: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik). Azkarrago alde egiten bazekitek hoiek ere! Baina, bat zain denean gertatzen dituk ordea gauza guztiak oker. Baina, nora joan ote da Kosme? Oraindik azaldu ez denan, ez ziok lan txikia agindu izango nagusiak. (Hitzegiten duen bitartean, mahai eta aulkiak txukunduko ditu). Baina, ez diat oheratu behar berarekin hitzegin gabe. Gaurkoan ez! Nire bizitza zeharo alda datitekena bera dela jakinda, gutxiago oraindik... Ahalegin guztiak egin gabe ez diat gelditu behar...
KOSME: (Kanporako atetik agertzen da). Bakarrik al haiz?
BENITA: Baina, non ibili haiz moteil orain artean?
KOSME: Nagusiaren aginduak betetzen. Alde egin al din nagusiak bere aingeru zaindari horrekin?
BENITA: Bapo kostatu bazaiete ere, oraintxe irten ditek, bai.
KOSME: Eta On Lukax edo delako agure zahar hori?
BENITA: Baita bera ere... Zer? Pentsatu al duk zerbait?
KOSME: Bai arranoa! (Ateratzen du patrikatik pistola bat). Muturraren aurrean hau jartzen diodanean, esan beharko din beraren ondasunak nolatan eskuratu dezazkegun.
BENITA: (Beldurti). Ez duk behintzat benetakoa izango?
KOSME: Ezetz? Nahi al dun froga bat egitea?
BENITA: Ez, ez... Hago geldi!
KOSME: Eta noiz hitzegingo dugu gure agure zahar horrekin?
BENITA: Noiz hitzegin behar dugun? Baina, ez al duk ba hik bakarrik hitzegingo berarekin? Zertarako behar nauk ni?
KOSME: Arma hau ikustean zorabiatu eta hankaz gora erortzen bada ere, ez dun gaizki etorriko hi bertan izatea. Ura emateko berari, besterik ez bada ere.
BENITA: Ez diat orduan hire laguntza alferrik aurkitu!
KOSME: Baina, ez al ditugu agure zahar horren aberastasunak bion artean banatu behar?
BENITA: Bai. Horrela erabakia diagu. Baina...
KOSME: Lana ere orduan, erdizka egin behar dinagu. (benitari begira du pistola eskuan), Guztia nik bakarrik egitekotan, alferrikakoa haiz bestela...
BENITA: Tira, Kosme... Beste alde batetara begira jarri zak arma hori edo bestela hankaz gora eroriko dena ni izango nauk.
KOSME: Ez zen behintzat garaia etortzean atzera egin edo bestela zerbait pentsa beharko dinat. Hire txorakeri baten gatik, ez pentsa galduko dudanik oraingo erosotasuna...
BENITA: Zer iruditzen zaik bihar goizean hiztegitea On Lukaxekin?
KOSME: Bihar goizean? Ez jauna! Oraintxe bertan, etxeratzen den unean.
BENITA: Hau duk itolarria dudana!
KOSME: Hago lasai emakumea. Banketxetik dirua ateratzeko txekea sinatzen duenean agure zahar horrek... Pun! tiro bat eta kitto. Guztia bukatuko dun.
BENITA: Tiroa? Tiro bat botako diokela?
KOSME: Horixe! Zer gauza azkarragorik hori baino, berarekin bukatzeko?
BENITA: Kaka zaharra! Ondoren sendagileak berehala igarriko ziok eta espetxera biok...
KOSME: Egia dion... Beste zerbait pentsa beharko dinat...
BENITA: Eskerrak nik zerbait pentsatzen dudan, edo bestela...
KOSME: Makilkada bat buruan! Makilkada bat erdi-erdian! Hori izango dun egokiena!
BENITA: Eta zer esango diok ondoren sendagileari? Izugarrizko koskorrekoa hartu duela konturatzean, zer esan?
KOSME: Besterik ez bada, erori egin dela buruz aurrera. Zerbait jo duela erortzean...
BENITA: ez zegok horrela egiterik eta hago isilik mesedez. Begira nolatan joka behar dugun. Entzun zaidak ondo...
KOSME: Guztia, belarri bihurtua naun...
BENITA: Nagusiak txakurra akabatzeko ibili zuen pozoina, bazekiak non gorderik den eta bera emango zioagu On Lukaxi... Orain etxeratzean, gustatzen zaiok kafetxo bat hartzea. Joango nauk ni beraren logelara kafea eskainaz, aurrez jakina, kafea pozoindu ondoren... Nirekin batera, sartzen haiz hi logelan eta zapla! ateratzen diokarma hori... Gero, galderaketa galderak, beraren ondasunen berri jakiteko eta ondoren, txekea sinatu dezala kafea hartu aurrez...
KOSME: Eta azkenik, kafea eta kitto! Errezegia dela iruditzen zaidan hik asmatutakoa. Bada ez bada ere, nire arma hau prest izango dinat.
BENITA: Tirorik ez behintzat Kosme, edo bestela galduak gaituk!
KOSME: Makilkada bat orduan, zerbait gaizki irtetzen badu.
BENITA: Alferrik duk hiri jardutea eta nahi dukena egin zak!
KOSME: Goazen agudo guztia prestatzera, agure zahar hori etxeratu aurrez.
BENITA: Hau duk ikara jartzen hasi zaidana...(Alde egiten dute biek etxe barnera lehen atetik).