Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

VII

 

jazinto, markel eta joxepa

 

MARKEL: (Agertzen da kanporako atetik ondoren joxepa dela). Ez da giro txarra, ez. Baina, ateratzea hobe izango dugu. Bihar goizean, goiz jeiki behar dut.

JAZINTO: On Lukax bakarrik falta da orduan etxeratzeko. Ez al duzue ikusi?

JOXEPA: Tartetxo batetan elkarrekin ibili gara.

MARKEL: Baina, zerbait egin behar duela etxeratu aurrez eta hor gelditu da herriko enparantza nagusian.

JOXEPA: Nire iritziz, banketxeko nagusi hoietako batekin bere diruetzaz hitzegiteko asmoz.

JAZINTO: Guri baino errezago emango dio eskatzen duena.

JOXEPA: Egia al da asko duela? (Esertzen da).

JAZINTO: Esaten duen guztia egia bada...

JOXEPA: Guk bezala, nahia horrek ere ziur asko eta dirua auzoan.

MARKEL: Itxura galanki eta ezer ez!

JAZINTO: Ez dakit ba... Ez dakit. Beraren laguna izatea nahiago dut nik, aurka baino. Milioiak izan behar ditu, bai. Milioiak... Baina, oheratu aurrez, nahi al duzue zerbait hartu?

JOXEPA: Nik ez. Ezkerrik asko.

MARKEL: Kafetxo bat, pozik hartuko nuke nik.

JOXEPA: (markeli). Baina...

JAZINTO: Tira, tira... Hori ez da ezer emakumea. Berehala ekarriko dizut. (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

JOXEPA: Lo egiteko asmorik ez al duzu?

MARKEL: Lo? Agure zahar horrekesan dizkigunak hausnartzen nahiko lan dut, lo egitea alde batera utzita.

JOXEPA: Oraindik ere, horrekin pentsatzen al zara?

MARKEL: Baita bihar goizean ere! Jakingo banu muturreko bat eman eta beraren ondasunak eskuratuko nintuzkela...

JOXEPA: Baina, erotua al zara zeharo?

MARKEL: Zerbait egiten ez badut erotuko naiz. Bururatuko banu zerbait... Nolatan beldurtu dezaketen agure zahar hori... Berehala egingo nuke zerbait. Baina, zer?

JOXEPA: Tira Markel, utzi pentsamendu hoiek alde batera.

MARKEL: Zuk uste al duzu ez nukela beldurtuko agure zahar hori, kutxilo handi bat eskuetan dudala beraren logelan agertzen banaiz gauean?

JOXEPA: Isildu zaitez gizona! Beldurtu, ni egin behar nauzu beraren ordez.