XVI
benita, kosme eta lukax
BENITA: (Agertzen da etxe barnetik bigarren atetik, alde guztietara begiratzen duela). Ez duk inor... (Etxe barnera sartu eta berehala agertuko da kosmek lagundurik lukax dakarrela herrastan). Ederra egin duk azkenean!
KOSME: Baina, zer egin behar ninen bestela? Pistola ikusi duenean, hankaz gora erori ez dun ba?
BENITA: Ezer esan baino lehen.
KOSME: Deika hasi bazen okerrago oraindik!
BENITA: Ez diagu ezer jakin, nolatan eskura dezazkegun ondasunak. Eta orain gainera, zer egin behar dugu agure zahar honekin?
KOSME: Zer egin? Lotu eta garajean ezkutatu.
BENITA: Loturik?
KOSME: Hik prestatutako kafesnea, frogatu besterik ez din egin honek eta oraindik esnatuko dun bihotza gelditu ez bazaio behintzat betirako pistola ikusi duenean. Bada ez bada ere, lotuta edukitzea hobe...
BENITA: Hau moteil, hilik duk!
KOSME: Nik esan bezala, loturik utziko dinagu. Geroago, oraindik bizirik bada, jakingo dinagu beraren ondasunak eskuratzeko bidea. Horrela ez bada berriz, itsasora agudo... Tira, heldu zaion, eraman dezagun... Heldu agudo! (Unean, sarrerako txirrina entzuten da).
BENITA: (Beldur). Etsaiak! Hemen diagu norbait!
KOSME: (Heldu lukaxi eta etxe barnera eman nahirik). Heldu!... Heldu zaion agudo! Eman dezagun berriro logelara...
BENITA: (Heldurik lukaxi). Ez zaiguk ezer ongi irtengo... Ez zaiguk irtengo...
KOSME: Hago isilik! (lukax etxe barnera sartzen dute aurrez agertu diren tokitik).