XIX
jazinto
JAZINTO: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, tazatxo bat eskuetan duela). Ez diat aurkitu gure txakur zaharra akabatzeko erabili nuen pozoina, baina bera gabe ere osatu diat agure zahar horrentzat edari egokia. Bai arranoa! Arratoientzat erabili dudan pozoina ere, makala duk ba!... Etxekokatu beltza, azkar asko erori duk ankaz gora, pozoindutako kafe honetaz txurrut bat edo bi egin dituenean. Bai horixe! Katuek, zazpi bizitza dituztela? Bat batean moztu zizkiok edari honek gureari. (Uzten du tazatxoa mahai gainean). Ez dik gainera txintirik egin. Txurrut txiki bat edo beste, bi pauso egin eta hankaz gora gelditzeko, begiak zabal-zabal dituela... Kafe honetatik ematea nahikoa diagu gure zaharrari, hankaz gora botatzeko. Ondoren, harrapa gaitzala nahi duenak! (Unetxo baten ondoren). Baina, non ote duk nire emaztea? Esaten diotenean nolako errezeta prestatu dudan, ez dik poz txikia hartuko berak! Ez arranoa! (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik, tazatxoa mahai gainean utzirik).