Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

XXIV

 

karmele eta jazinto

 

KARMELE: Agertzen da kanporako atetik, ondoren Jazinto dela). Hau da zigorra etorri behar zaiguna.

JAZINTO: Zaude isilik emakumea!

KARMELE: Baina, ez al zara konturatzen espetxean bukatuko dugula? Urteetan, ez gaituztela bertatik aterako? (Esertzen da). Orain egin duzun astakeria, neurririk gabekoa izan da. Neurririk gabekoa.

JAZINTO: Baina hala ere, ez naiz geldituko aurrez pentsaturik dudana egin gabe. Ez arranoa!

KARMELE: Asto zaharra!

JAZINTO: Nahi duzuna esan. On Lukaxekin bukatu behar dut lehen bait lehen.

KARMELE: (Zutituz). Baina, erotua al zara zeharo? Beste hori hilik dugula etxean, oraindik ere...

JAZINTO: Orain edo inoiz ez!

KARMELE: Jainkoa!

JAZINTO: ez naiz gainera bihar goizera bitartean ezer egin gabe geldituko. Oraintxe bertan prestatuko dut kafe bat bero-beroa agure zahar horrentzat.

KARMELE: Isildu zaitez gizona edo erori behar dut muturrez aurrera...

JAZINTO: (Lagunduz esertzen karmeleri). Eseri lasai... Hankaz gora edo muturrez aurrera eroriko dena, beste agure zahar hori izango da, hemendik denbora gutxira. (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

KARMELE: (Bakarrik gelditzean). Erotua da!... Erotua da zeharo! Egin behar du izugarrizkoaren bat! (Zutitu nahi badu ere, ezinean da). On Lukaxi deitzea izango dut onena... Alde egin dezala agudo etxe honetatik... (Zutitzen da eta ibili ezinean). Baina, zer gertatzen zait niri? Hankak, ezin ditut erabili... Indarrik ez dut... (Erortzen da lurrera hilik bezala).