X
jazinto eta karmele
JAZINTO: (Agertzen da aurrez alde egin duen atetik, geldi egon ezinean eta haserre). Baina zertara joan behar diat berriro sukaldera? Lehen aurkitu ez dudanean, alferrik begiratzea berriro! Baina, etsai madarikatuak!... Ziur nauk, armairu gainean utzi nuela. Bai arranoa! Nire emazteak ordea izaten dizkik noizbehinka egunak, gauza guztiak aldatzen dituena beraien tokitik. Txukundu edo gauza guztiak nahasten dizkit behintzat gutxienez! Botako ziren nonbaitera, asko konturatu gabe zer zuen eskuetan... Eta behar denean, ezerez! Ez pentsa gero nola nahiko pozoina inguratu nuenik... (Isilune baten ondoren). Moteilakl... Iruditu zitzaidaken gure txakurrari azken afaria hementxe bertan ematea. Jantokian, gure bezeroek egiten duten bezala... (Esertzen da eta katilua eskuetan izango balu bezala hitzegiten du). Hemen nituken ni, eskuetan katiluka esnea nuela pozoindurik. (Lau hankan jartzen da lurrean txakurra izango balitz bezala eta esaten duena egingo du). Guau, guau! Guau, guau!... Zaunkaz eta pozik agertu uken gure txakurra, kanporako atea ireki eta txistua joaz deitu nionean... Guau, guau! Katilua lurrean utzi nion unean berriz, lehenik usain eta usain, esne pozoinduari... Esan behar zerbait igarri ziola. “Tira Mendi, edan zak lasai” esan nion bitartean, ez uken hasi esnea edaten. Katiluan zena bukatu aurrez ordea, plost hankaz gora... Gehiago txinkirik ez.
KARMELE: (Agertzen da etxe barnetik bigarren atetik eta jazinto lurrean ikustean). Baina, zer gertatzen zaizu gizona?
JAZINTO: (Azkar zutituz lotsati). Ezer ez. Ezer ez...
KARMELE: Baina, esango al didazu zer egiten zenuen lurrean etzanda?
JAZINTO: Gure txakur zaharrak egin zuena.
KARMELE: Txakurrak?
JAZINTO: Txakurrak egin zuen, bai. Nik egin dut orain... Eta beste agure zahar horrek egingo luke berehala, baldin gaia aurkituko banu.
KARMELE: Barka zaidazu Jazinto, baina ez dizut ezer ulertzen.
JAZINTO: ez da nik ere zuk egiten dituzunak. Zer egin duzu sukaldeko armairu gainean zen zorro urdinarekin?
KARMELE: Orain ere beti bezala... Zerbait falta duzunean, nik errua.
JAZINTO: Sekula ez dituzulako gauzak behar den tokian uzten.
KARMELE: Edo sekula ez dituzulako beren tokian jasotzen.
JAZINTO: Kaka zaharra! Esango didazu orain, agure zahar horrekin zer egin behar dugun.
KARMELE: Zer ikusia du On Lukaxek, armairu gainean zenuen zorro urdinarekin?
JAZINTO: Zorroarekin ezertxo ere ez, baina beraren barnean zen pozoina behar nuen orain.
KARMELE: Zer?
JAZINTO: Gure txakur zaharra akabatzeko erabili nuen pozoina zen bertan. Eskerrak, janariari botatzea ez zaizun buruan sartu, edo bestela etxeko guztiak hilik ginen honez gero.
KARMELE: Ba, ez dut nik ezer hartu armairu gainetik. Eta zaude isilik mesedez. Egin zazu egin behar duzuna, baina ez zaidazu esan zure asmorik. Pozoina alajaina On Lukaxi...
JAZINTO: Eman zaidazu beste bide bat hobea...
KARMELE: Gure txakurra bezala azkenean.
JAZINTO: Zaude isilik! Unean, ez dakit zer egin beharko dudan berarekin. Pozoin hori ez dudanez, beste zerbait pentsa beharko dut.
KARMELE: ez al litzateke nahikoa izango ikaraldi handi bat ematea, beraren bihotz nekatua bapatean gelditzeko?
JAZINTO: Horixe bakarrik gelditzen zait oraintxe. Izera zuri bat burutik behera hartu eta mamu bat bezala agure zahar horren ondoren ibiltzea. Beraren bihotzea gelditu beharrean, ni geldituko naiz luze-luze lurrean makilkada bat ematen didanean berak. Tira, jarrai zazu zure lanak egiten inork igarri gabe. Zerbait pentsako dut... (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).
KARMELE: (Bakarrik gelditzean). Ziur naiz behintzat oraintxe, hildakoren bat izango dugula etxean bihar goizera bitartean. On Lukaxek ez dakit, baina nik behintzat ez dut bultzada handia behar beste mundurako bidea hartzeko... (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).