II
Lehengoak, lukax eta benita
BENITA: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik eta on lukax den mahaira hurbiltzen da). Ezer gehiago behar al duzu?
LUKAX: Ez, ez. Ederki gelditu naiz. Atzokoan baino ere porrupatata hobeak ziren gaurkoan. Zorionak eman zaizkiozu etxekoandreari.
BENITA: Emango dizkiot. (Mahai gaineko ontziak jasotzen hasten da).
MARKEL: Zorionak eman etxekoandreari? Bi titiren tartean sartuko nizkiokek porruak eta patatak bero-beroak direnean!
JOXEPA: Zaude isilik gizona!
BENITA: (lukaxi). Ez al duzu gaurkoan jiratxo bat egin behar?
LUKAX: Bai, bai. Giro ederra dugu benetan eta oraindik goiz denez, irten behar dut egunero bezala.
MARKEL: Nolatan ez duk ba izango goiz? Zazpiretako afaldu behar izaten diagu izan ere etxe santu honetan.
JOXEPA: Hori da isildu ezina duzuna gaurkoan!
LUKAX: Pozik geldituko nintzake beste hilabete batetan hemen, baina, joan beharra dut aste honen bukaeran.
MARKEL: Neuk ere pozik alde egingo nikek! (markel eta joxepak hitzegiten duten bitartean, lukax eta benitak ere berdin egiten dute, batak eta besteak zer ikusirik izan gabe).
BENITA: Bai neuk ere!
JOXEPA: Hemen dugun bezalako lasaitasuna, ez dugu aurkituko berehalakoan beste edozein tokitan.
MARKEL: Lasaitasuna? Gerrikoa ere bapo lasaitua dut goseak madarikatzen naizela! Jan... Jan egin behar dugu lehenik behintzat.
JOXEPA: Oraindik gehiago?
MARKEL: Alargun gelditzea nahi ez baduzu behintzat, beharko!
BENITA: Zure ondasunak izango banitu On Lukax, oraintxe bertan alde egingo nuke hemendik.
LUKAX: Ondasun handiak ditut, bai. Baina besterik ez. Gurasoak hilak eta seme edo alabarik ere ez... Bakarrik aurkitzen naiz munduan eta hori ez da oso egokia.
BENITA: Sendiko norbait izango duzu... Lagunak ere bai ziur asko.
LUKAX: Sendikorik ez zait inor gelditzen bizirik. Lagunak ere berriz... Lagunak deitzekoak behintzat, inorez. Nire diruaren ondoren direnak hurreratzen zaizkit ugari... Horregatik naiz, alde batetik bestera ia gelditu gabe urteetan zehar eta denboraldi luzerik egin gabe toki bakoitzean.
MARKEL: Ni ere ibiliko ninduzkek eta gainera hau baino ostatu hobeetan!
JOXEPA: Horrek ere ez du dirutza gehiegirik izango, hemen denean.
LUKAX: Ez du inork nahigaberik izango, ni hiltzen naizenean.
BENITA: Algaraz ziur asko zure ondasunak eskuratzean!
LUKAX: Esan dizut lehen ere, inor ez dela nire zain. Egin dezagun kontu, hemen bertan eta gaur hiltzen naizela...
BENITA: Tira, On Lukax... Ez dezazula horrelakorik esan.
LUKAX: Ez litzateke inor nire bila azalduko. Zure etxekoandreak antolatuko luke nire hileta eta ordaindu ere bai aurreratua diodan diruarekin... Eta kitto!
BENITA: Gainontzeko ondasunak?
MARKEL: Niretzako azkar asko, jakingo banu non gorderik dituken!
JOXEPA: Zaude isilik gizona! Txorakeriak esaten ari zara etengabe!
MARKEL: Agure zahar hori isilduko nuke nik pozik, baldin jakingo banu nolatan eskuratu beraren ondasunak. Bai azkar asko! Muturreko bat eman eta kitto!
JOXEPA: Zeharo erotua zarela ere pentsatzen hasia naiz...
MARKEL: Zer gauza errezago agura zahar hori hankaz gora botatzea baino? Jakingo banu hori egin eta aberastuko nintzakela, ez nuke gehiago pentsatuko. Ez horixe!
JOXEPA: (Zutituz). Tira, goazen hemendik jiratxo bat egitera edo konturatuko dira bestela zer nolako zorakeriak esaten ari zaren.
MARKEL: (Zutituz). Hobe izango dugu, bai.
JOXEPA: (Hurbilduz benitaren ondora, on lukaxi). On egin deizula...
LUKAX: Mila esker.
JOXEPA: (benitari). Esan zaiozu etxekoandreari, jiratxo bat egitera irten dugula. Betiko orduan etxeratuko gara...
LUKAX: Kaleratzeko asmoan zuek ere?
JOXEPA: Eguneroko ibilalditxoa egiteko asmoan, bai. Zuk ez al duzu irtetzeko asmorik?
LUKAX: Bai, bai. Zutitzeko alferrez nengoen, baina, oraintxe bertan irten behar dut. (Zutitzen da benitak lagundurik eta soineratzen du aulkitik zintzilikaturik zuen txaketa). Ez du merezi oheratzea, giro honekin.
MARKEL: Beste ezer egin beharrik ez baduzu behintzat, etorri zintezke gurekin...
LUKAX: Bai, bai... Pozik joango naiz zuekin, kontu batzu esanaz!
MARKEL: Goazen bada nahi duzunean.
LUKAX: (Abiatzen da kanporako atera). Mila esker, eskaintzen didazuen lagunartea gatik.
JOXEPA: (markeli). Agure honekin joan behar al dugu orain?
MARKEL: Nortarainoko ondasunak dituen jakin behar dugu gaurkoan. (Alde egiten dute joxepa eta markelek, on lukaxen ondoren kanporako atetik).
BENITA: (Bakarrik gelditzean). Ez du arrazoi faltarik agure zaharrak! Diru usaina hartzean, guztiak lagun! Astakeriren bat egiteko gogoa dut neuk ere, beraren ondasunak eskuratu nahirik. (Unetxo baten ondoren). Zergatik ez egin gainera, une batetik bestera nire bizitza zeharo aldatu badezaket? Zer behar du bada agure zahar horrekin bukatzeko? Gainera jakin da, inor ez dela beraren bila agertuko. Aurrez ordea, nolatan beraren ondasunak eskuratu jakin behar. Nortarainokoak izan dezazke gainera? Kosmek zerbait laguntzen badit, saiatuko naiz eskuratzen... (markel eta joxepa egon diren mahaiko ontziak jasotzen hasten da).