Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

IV

 

karmele eta jazinto

 

JAZINTO: (Agertzen da etxe barnetik bigarren atetik). Alde egin al dute guztiak?

KARMELE: Beti ohean den ezkonberri bikote hori ez beste guztiak kaleratuak dira. Iluntzeroko jiratxoa egin gabe, ez dira gelditzen.

JAZINTO: Eta zer?

KARMELE: Oraindik ere gauza bera pentsatzen al zara?

JAZINTO: Bai eta aurrera egin nahirik gainera. Ez dugu berriz orain dugun bezalako une egokirik aukerako. Ez zaigu sekula honelakorik iritsiko.

KARMELE: Beldurtzen hasia naiz oraintxe...

JAZINTO: Kaka zaharra orduan! Garaia iristean gertatzen zaizu beti zerbait eta azkenean ezer gabe gelditu ohi gara. Gure bizitza zeharo alda daiteken gaia eskuartean eta ezer egiteko kemenik ez. Berriro honelako erosotasuna sortuko zaigulakoan...

KARMELE: Baina, zuk uste al duzu ondo irten daitekeela?

JAZINTO: Horixe! Bai behintzat guztia ondo neurtuta egiten badugu. Izan zazu gogoan, behin eta berriz agure zahar horrek berak esan duena. Ez dela inor beraren zain... Bakar-bakarrik aurkitzen dela eta orain hemen bezala beste edozein tokitan izan zitekeela. Noren beldurra izan dezakegu orduan?

KARMELE: ez dakit, baina beldur naiz...

JAZINTO: Janariarekin edo edariarekin zerbait nahastea nahikoa dugu. Etxean genuen txakurrari, gogoratzen al zara zeregin genion? Zerazkar bukatu genuen berarekin?

KARMELE: Tira Jazinto, ez pentsa On Lukax txakur bat denik.

JAZINTO: ez halazangoa! Inola ere ez! Gure txakur harkbaino ondasun handiagoak ditu itxura denez. Lasai zaitez emakumea! Begira... Oraindik gorderik dut txakurrarentzat erosi nuen pozoina. Nahikoa izango dugu gorderik dudana... Bihar goizean bertan botako diogu kafesnetara eta...

KARMELE: Janariari nahastea, ez al dugu hobe izango? Edo ardoari?

JAZINTO: ez, ez... Gosaltzen emango diogu. Baina, guztia ondo egin behar dugu, inor konturatu ez dadin.

KARMELE: Eta ondorenean zerbait igartzen badio sendagileak?

JAZINTO: Sendagileak zerbait igarri? Ez berehalakoan On Ramonek behintzat! Ez da begiratu ere! Nahikoa izango dugu berari albistea ematea hil dela ezanaz... Ezer gehiago gabe papertxo bat beteko du bihotzaren geldialdi baten ondoren hil dela esanaz eta kitto.

KARMELE: Beldur naiz...

JAZINTO: Une honetan lasai behar dugu. Egiten dugun gauzarik txikiena ere ongi neurturik eta buruak hotz-hotzean ditugula. Bihar goizean, guztia bukatua izango da.

KARMELE: Baina gero, beraren ondasunak eskuratzeko...

JAZINTO: Baina, ez al didazu esan hiru edo lau txeke sinatuak utzi dizkizula On Lukaxek, zerbaitetarako dirua behar baduzu ere?

KARMELE: Bai, bai. Horrela da.

JAZINTO: Zer gehiago behar dugu orduan? Diru kopuru handi bat idatzi besterik ez dutju txeke hoietako batetan. On Lukaxek dituen larogei milioi hoiek gainera, nahi izan ez gero behintzat, bi edo hiru zatitan atera besterik ez ditugu banketxetik, txeke sinatu hoien bidez.

KARMELE: Hau da beldurra! Dardaraz hasia naiz...

JAZINTO: Tira Karmele, esna zaitez. Honelako unerik ez zaigu gehiago iritsiko.

KARMELE: ez dakit eskuratu dezakegun dirutza horrekin gozatzeko erarik izango dugunik. Bihotzak alde egin behar dit une batetik bestera.

JAZINTO: Lasai, lasai Karmele... Orain edo inoiz ez! Orain bezala jarraitu edo bizitza zeharo aldatu. Orain eskuartean dugun erreztasunik ez dugu izango berriro.

KARMELE: ez dezala behintzat gaizki irten...

JAZINTO: Eta orain, goazen egunero bezala Ibilalditxoa egitera. Ikus gaitzatela egunero bezala, ezeren aldaketa gabe. Gainera horrela, agure zahar hori nondik nora den ikusteko era izango dugu.

KARMELE: Nekaturik naiz gaurkoan...

JAZINTO: Egunero egiten dugun bizitza egiten jarraitu behar dugu edo bestela norbaitek berehala igarriko digu. Batez ere gaur, horrela egitea komeni zaigu behintzat...

KARMELE: Goazen bada orduan, zutik ibiltzeko gauza ez banaiz ere. (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

JAZINTO: Goazen. Eta, lasai zaitez emakumea! Guztia, guk nahi bezala irtengo du... Guk nahi bezala. (Beretzat). Gaur edo inoiz ez! Lanean madarikatzen, aspertua nauk ni... Bai horixe! Zertarako dik gainera agure zahar horrek hoinbeste diru? Zutik ibili ezinean eta dirua barra-barra duela, nora joan behar dik horrek?

KARMELE: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, beretzat berokia duela eta jazintorentzat txaketa). Tori eta goazen...

JAZINTO: Lehen bait lehen hobe... (Alde egiten dute biak kanporako atetik).