Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

III

 

benita eta karmele

 

KARMELE: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik). Tira Benita, ibili zaitez agudo.

BENITA: ez naiz geldi.

KARMELE: ez da ganora ederrean lanean ere! Honez gero ontzi guztiak garbiturik behar zuten, baina denbora galtzen duzu konturatu gabe ametsetan zarela.

BENITA: Lehenago edo geroxeago ordea, nik egin behar...

KARMELE: Beharko! Ez dizut alferrik ordaintzen bestela soldata.

BENITA: Izugarria gainera!

KARMELE: Batek baino gehiagok egingo luteke zuk egiten duzuna, gutxiago ordainduta ere.

BENITA: ez da tuntun txikia izango horregatik!

KARMELE: zu bezalako lotsagabea ere ez!

BENITA: (Ontziak harturik, etxe barnera doa lehen atetik). Eguneroko sermoia orain ere...

KARMELE: Egiten dizun axola gatik, ez dakit ez dudan hobe isilik egotea. (Bakarrik gelditzean). Egunen batetan ostikada bat eman behar diot eta atzekaldea bero-bero eginda aterako dut etxetik. Lotsagabekerian gastatzen dituen indarrak, lanerako gordeko balitu... Tximetatik gora egina nau... Jango luke berriz, astoa ere! Poz ederra hartu zuen bai horren aitak, gure etxera bidali zuenean. Bai horixe!

BENITA: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik). Zer egin ez dakizula egon beharrean, zerbait lagundu zaidazu.

KARMELE: Baita zera ere! Nahiko lan egin dut lehen ere...

BENITA: ez zara behintzat gehiagi behartu izango afaria prestatzen. Egunero bezala porru-patatak mahaira ateratzeko...

KARMELE: Zuk bezala berriketan jardun da, hoiek ere ez.

BENITA: (Mahaiak txukuntzen ari dela hitzegiten du). Beste zerbait prestatzen ikastea hobe izango duzu edo bestela jantoki hau alferrikakoa izango duzu berehala. Gozoa zela iruditu zait ba, porru-patatak jan dirauen hoietako bat.

KARMELE: ez zen izango behintzat On Lukax?

BENITA: ez, baina, beste gizonezko horrek, jardun dio zerbait esaten beraren emazteari.

KARMELE: Berriketan hastea bakarrik behar du! Ordaintzen ez duenarekin ezin prestatuko diot behintzat egunero haragia edo legatza. Berehala isilduko nuen horregatik, zerbait entzun banion. Bai horixe! Gustora ez bada, alde egin dezala agudo! Bera bezalakoen beharrik ez dut gainera, agure hori hemen dudan bitartean.

BENITA: On Lukaxek ongi ordaintzen duelako? Baina, alde agiten duenean, inor gabe geldituko zara...

KARMELE: Gero gerokoak! Orain behintzat diru ederra jasotzen dut.

BENITA: Orainartean bai, baina hori ere laister aspertuko da egunero porru-patatak jaten.

KARMELE: Aspertzen denean, zerbait esango dit... Bitartean, jarrai dezala gure baratzako porruak eta patatak jaten behintzat.

BENITA: Oraingo eran, denbora gutxiren barruan, belarriko zuloetatik irtengo diote.

KARMELE: (Haserre). Zoaz zure lanak egitera! Honez gero, berriketa gutxiagorekin, sukaldea jasorik behar zuen.

BENITA: Neuk ere, ez dut etxe honetan hainbat porru sekula jan.

KARMELE: Zoaz agudo edo bestela hemendik aurrera, gosaltzen ere jan beharko dituzu!

BENITA: (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik). Horixe bakarrik behar dut!

KARMELE: (Bakarrik gelditzean). Neure onetik ateratzen nau hitzegiten dudan bakoitzean! Egunen batetan, leihotik atera behar dut neskame tuntun hori! Lotsagabekeria galanki eta lana auzoan... Nire senarraren lehengusua izango ez balitz, bidali nuen honez gero etxetik!