Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

XII

 

lukax eta benita

 

BENITA: (Agertzen da etxe barnetik bigarren atetik). Kaixo, On Lukax... Goiz etxeratu zara gaurkoan.

LUKAX: Bai. Nekaturik naiz, goizean egin dudan ibilaldiarekin eta lehen bait lehen oheratzea hobe izango dut.

BENITA: Nahi al duzu kafetxo bat hartu oheratu baino lehen?

LUKAX: Hartuko nuke, bai. Baina, ez dizut lanik eman nahi.. Ekarri zaidazu mesedez ur pittin bat, egunero bezala pastila hartu dezadan, edo bestela ez dut gau guztian begirik itxiko.

BENITA: Berehala ekarriko dizut... (Mahai gainean den tazatxoa hartuz). Kafetxo bat ere bai, bide batez.

LUKAX: Kafearen ordez, kafesnea ekarri zaidazu orduan..

BENITA: Nahi duzun bezala, On Lukax. (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

LUKAX: (Bakarrik gelditzean). Ez diat ostatu txarra aukeratu. Orain artean izan dudan onena dudarik gabe. Bertako giltza patrikan, nahi dudan ordua etxeratzeko... Jan, nahi dudan bezala... Neskatxa hau, edozertarako prest. Ai, gazteago banintz! Nagusia eta etxekoandrea ere, ez nolanahikoak... Eta guztia, ia ezerezean. Kostatu behar zaidak bapo, beste bat honen erakoa aurkitzen. Baina, noizbaiten berriro honuntz bihurtzen banaiz, hemen nauk...

BENITA: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, baso batetan ura duela). Tori ura... (Mahaigainean utziko du). Berehala ekarriko dizut kafesnea...

LUKAX: Mila esker. (Pastila bat ateratzen du kaxatik). Ez nuke berehalakoan lo hartuko pastilla hauetakorik gabe. (Ahoratzen du pastila eta ondoren ura edan).

BENITA: Eta iluntzero bakar bat hartu egin behar?

LUKAX: Bakar bat edo bigarrena ere bai batzutan...