Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

IX

 

benita eta jazinto

 

JAZINTO: Ikusi al duzu sukaldeko armairu gainean zen zorro urdin txikia?

BENITA: Zorroa? Zer zorro gero?

JAZINTO: Zorro txiki bat, bai. Zorro urdin bat, barnean hauts horia duela.

BENITA: Ez dut nik ezertxo hartu armairuaren gainetik.

JAZINTO: (Haserre). Etsaiak! Baina, sorginak al dira ba gure etxean? Norbaitek, astakeriren bat egin behar du gainera hauts horrekin.

BENITA: Baina, zer zendun gizona zorro urdin horretan?

JAZINTO: Gure txakur zaharra akabatzeko erabili nuen pozoina. Besterik ez! Gutxi iruditzen al zaizu? Izugarrizkoren bat gertatzeko ere, edozeinen eskuetan bada...

BENITA: Ez dut nik hartu. Gainera, zertarako behar duzu, txakurrik ez baduzu etxean?

JAZINTO: Ezertarako ez! Axola bai al dizu?

BENITA: Ez, ez.

JAZINTO: Muturreko bat gogoz emango nioke oraintxe zorro hori hartu duenari. Etxe honetan gertatzen direnak, ez dira beste batetan gertatuko. Ezin ezer utzi behar den tokian! (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

BENITA: (Bakarrik gelditzean). Ez dik berehalakoan aurkituko! Ez horixe! Eskerrak bera baino lehen ibili naizen... Baina, zertarako behar dik nagusiak hauts hori? Ez ote dik izango, nik dudan pentsamendu bera? Txakurrik ez etxean eta zertarako bestela? On Lukaxekin pentsatzen ez bada... Ikusiko litzateke nolako asmoak dituen nire nagusiak... Bera baino azkarrago ibili beharko diagu edo bestela aurrea harrapatu behar ziguk... (Alde egiten du etxe barnera bigarren atetik).