XXI
alberto, karmele eta jazinto
ALBERTO: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik). Gaua igarotzeko ostatua aurkitu diat behintzat eta orain lasai egoteko eran nauk. (Esertzen da eta berehala konturatu mahai gainean tazatxoa dela). Moteilak! Ez duk behintzat makala etxekoandrea! Kafea berehala prestatuko didala? Hara hemen ni etortzerako mahai gainean! (Tazatxoa eskuetan harturik). Beroa den bitartean hartuko diat... (Edaten du). Arranoa!... Zer izan da nik edan dudana? Barne gutiak kiskaldu behar zizkidak! (Geldi-geldi egoten da une batetan begirada galdurik bezala eta zotin handi egin ondoren erortzen da lurrera hilik bezala).
KARMELE: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, ondoren jazinto dela). Beldurtu egiten naiz zuri entzuten... (Konturatzean alberto lurrean dela). Baina, zer gertatu zaio honi?
JAZINTO: Infernuko etsai madarikatuak! Egin dik izugarrizko astakeria! Edan izango dik... (Mahai gainean den tazatxora begiratuz). Horixe edan duela nik prestatu dudan zikinkeria! Arlote txotxoloa!
KARMELE: (Belaunikatuz astintzen du alberto). Zer edan duela diozu gizona?
JAZINTO: Mahai gainean utzi dudan kafea.
KARMELE: Hilik dela dirudi... Kafeak behintzat, ez zion kalterik egingo. Berak eskatu dit behintzat...
JAZINTO: (Belaunikaturik astintzen du alberto). Esna! Esna moteil!...
KARMELE: Hau, hilik da.
JAZINTO: Ederra egin digu arlote nazkagarri honek orduan... Izurratu gaitu bapo. Kaka zaharra!
KARMELE: Zer ari zara esaten gizona? Erotua al zara zeharo?
JAZINTO: Erotua bai, arlote zikin hau! Agure zahar horrentzat prestatzen jardun dudan kafe pozoindua edan du.
KARMELE: Zer?
JAZINTO: Eta jakina! Gure katu beltzari gertatu zaiona honi ere... Edan ondoren, txintirik ez!
KARMELE: Pozoindua zela honek edan duena?
JAZINTO: Bai bapo!
KARMELE: Jainko santua! (Zutituz). Hau da zigorra iritsi behar zaiguna!
JAZINTO: (Zutituz). Orain behintzat jakinean gara, agure zahar horri zer gertatuko zaion...
KARMELE: Baina, erotua al zara zeharo? Zer egin behar dugu orain honekin?
JAZINTO: Oraingoz behintzat, garajean ezkutatzea onena. Bihar goizerako zerbait pentsako dut.
KARMELE: Espetxetik, ez gaituzte aterako!
JAZINTO: Zaude lasai emakumea! Besterik ez bada, bihar goizean lehen orduan itsasora botako dut eta kitto.
KARMELE: Kitto bai, gure bizitza... Hau aurkitu eta sendagileek begiratzen diotenean esango didazu bestela zer gertatuko den.
JAZINTO: Aurkitzen dutenerako, barruak bapo garbituko dizkio itsasoko urak. Bai hala zangoa! Tira, heldu zaiozu agudo, kendu dezagun hemendik inor agertu baino lehen.
KARMELE: Hau da zigorra...
JAZINTO: Heldu! Heldu agudo! Gauzak behar bezala egiten baditugu, ez du inork ezer jakingo.
KARMELE: Hau da zigorra etorri behar zaiguna!
JAZINTO: Tira, heldu zaiozu agudo!
KARMELE: Zutik egon ezinean naizela, ederra naiz bada honi heltzeko...
JAZINTO: Lehen bait lehen kendu behar dugu hemendik edo bestela etxeko guztiak konturatuko dira zerbait gertatzen dela.
KARMELE: Baina, zuk uste al duzu saku-patata izango balitz bezala ibili dezakegula hau?
JAZINTO: Tira, heldu zaiozu agudo, gehiegi pentsatzen egon gabe. Gainera oraindik, gure lana bukatu behar dugu...
KARMELE: Zer? Orain gertatu denaren ondoren...
JAZINTO: Horixe! Ez dut atzera egingo guztia eskuratu bitartean. Ez arranoa! Laister da beste hori ere hau bezala...
KARMELE: Jainkoa! Erotua zara zeharo!
JAZINTO: Zaude isilik eta heldu azkar!
KARMELE: (Heltzen dio jazintokin batera albertori eta kanporako atetik alde egiten dute). Iritsi behar zaigun zigorra, ez da izango nolanahikoa!
JAZINTO: Zaude izilik!