|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Hamalaugarren agerraldia Lehengoak, TERESA, ZIRILO eta ISIDRO TERESA: Zuretzaz ez dakit gogoratuko naizen, baina hau bai behintzat nitzaz. (Hau da unea, On Xatur eta Miren-ek alde egiten dutena kanpoko atetik). PATXI: Baina, zer egin diozute? TERESA: Zera... On Xatur edo delako horri lehen egin diodan berbera. Zirt eta zart makilka ederrak eta plost lurrera... KATTALIN: Buru ederra izango du orduan! Bizitzeko eran bada hala ere, ezer ez. PATXI: Nik dudala punteria ona? MIKEL: Bai amonak ere! KATTALIN: Eraman zazute agudo ohe gainera. (Zirilo-ri). Berriro ere, hi hemen? Ez al duk entzun etxeratzeko? ZIRILO: Orain ere behintzat, lanean nintzen... KATTALIN: Baita zera ere! Alde zak agudo! ZIRILO: Banua etxekoandrea, banua... Bihar goizean berriro etorriko naiz... (Alde egiten du kanpoko atetik). PATXI: Ez duk alferrik etorriko! KATTALIN: Eta orain, txorakeriak bukatu dira etxe honetan! Une honetatik aurrera, guztiok lanean ikusi nahi zaituztet. Ametsak alde batera utzi eta lanera agudo! Atzo gauean gure gana etorri ziren horiek ere lanik egin gabe ez dira biziko eta guk ere egin beharra dugu. Tira, hartu zazute hau eta eraman ohe gainera. Nik eztenkada bat ematen diotenean, berehala izango duzue zuekin. (Patxi eta Mikel-ek eramango dute Isidro etxe barrura erdi arrastan. Ondoren, Kattalin joango da). TERESA: (Bakarrik gelditzean) Egileak zigorra zertarako bidaliko zigun bada? Zigor txikia dela iruditzen al zaizute, emakume horrekin bizitzea? (Eseriko da eta errosarioa patrikatik atera ondoren, otoitz egiten hasiko da). Aita gurea, zeruetan... (Jarraituko du isilean). Ederki jo dut bada morroia! Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Egia aitortu behar badut ordea, On Xatur-ek zartateko handiagoa izan du. Santa Maria, Jaungoikoaren... (Jarraituko du isilean). Zirt eta zart! (Hitz hauek esatean, antzeztokiko argiak itzaliko dira bapatean). Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |