|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Bosgarren agerraldia KATTALIN, ISIDRO eta TERESA TERESA: (Agertuko da etxe barrutik eta Isidro-rena joango da). Gaur ere gehitxo edan al duk? ISIDRO: Karobi zuloan naizela sagardoa aurkitu banuen bai. TERESA: Gainera beste horiek sinistu egin izango dizkiete hire txorakeriak? ISIDRO: Sinistu ez badute ere, harria ikusten dutenean... TERESA: Ondo merezia izango diagu bai Egileak bidaltzen digun zigorra, hi bezalakoak gurekin izan da. Harria... Argia duen harria aurkitu dukela... Txorakeriak ugari! KATTALIN: Tira, ama. Beste ezer egin beharrik ez al duzu? TERESA: Ezer egin? Lehengo sasoia izango banuke, aurrena behintzat makilka ederrak zabalduko nituzke! Zuek egingo dituzutenak oraindik! Erorik handiena gainera hau, kanpokoa. Harri bat aurkitu duela eta beste bikote hori berriz bera ikustera... Harri zahar bat ikustera alajaina! Bestela ere, etxe inguruan gutxi duk eta. KATTALIN: Eta orain joan diren horietako bat zure semea... Sekula harririk ikusi gabea balitzake bezala... TERESA: Izan ere honek hitz egin duen bezala, gutxienez urrea aurkitu duela zirudin. ISIDRO: Nork daki horrela ez dela izango? Guztiok aberastuta bapatean? KATTALIN: Baita zera ere! TERESA: Urrea bada, hiretzat guztia! ISIDRO: Zuk ez hartuko urre horren zati bat eta... TERESA: Urrearen ordez, zigor ederra etorri behar zaik oraindik. KATTALIN: Tira, ama. Lagundu zaidazu etxeko lanak aurreratzen... (Alde egiten du etxe barrura). ISIDRO: Nik emango dizut harriaren zati bat. TERESA: Sartu zak zudur zuloan! Hik zoratu behar gaituk guztiok! (Alde egiten du etxe barrura). ISIDRO: (Bakarrik gelditzean) Ikusiko litzake zahar hau ere... Etxe honetan gertatzen diren gauza txar guztien errudun naiz beti berarentzako. Egunen batetan horregatik, bapatean esan behar dizkiot aspalditxotik gorderik ditudan guztiak. Oraingoan ere nik errua, argitasuna duen harria edo delako hori aurkitu dudalako. Emango nioke ostikada bat ederra! Nik hartu dudan belaunekoa hartu izan bazuen ...Ingurun izan bazen, botako nuen pozik karobi zulora atso zahar hori! Isildu dadila betirako! (Pentsatzen egon ondoren). Eta aurkitu dudan harri hori? Zer ote da bera? Berari ikutzen ez nauk ausartu izan ere! Horia eta argia duela linterna baten antzera... Une batzutan ametsetan naizela iruditu zaidak! Hanka ondo izan banuen en nintzen hemen geldituko harri hori berriz ikusi gabe. Ez horixe! Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |