Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Hirugarren agerraldia

 

TERESA, KATTALIN, PATXI eta MIKEL

 

MIKEL: (Arnaska dator kanpoko atetik, jantziak narraz eta zikin dituela) Egia al da ikusi dudana? Zuk ere, aita...

PATXI: Bai, bai. Nik ere ikusi diat.

MIKEL: (Kattalin-ena inguratuaz) Eman zaidazu zaplateko bat, ama. Iruditzen zait oraindik ere ametsetan naizela...

KATTALIN: Ez zaidazu aurpegia hurreratu edo bestela...

MIKEL: (Eseriko da) Izugarria! Izugarria benetan! Esan dezaketen guztia ahul geldituko litzake. Orain sinisten dut bai beste nonbaiten gu baina azkarragoak bizi direla. Ez garela gu bakarrik...

KATTALIN: Zu ere, hau bezala?

MIKEL: Nik ikusi dudana behintzat ez da mundu honetan egina. Ezin diteke! (Zutituko da eta izugarrizko keinuak eginaz hitzegiten du). Lurrean zela, hasi da jiraka... Geroago, behetik gora poliki poliki... Batere zaratarik gabe guztia. Eta metro batzuk altxatu denean, berehala ezkutatu da... Ezin dut sinistu gaur ikusi dudana!

PATXI: Nik ere, hori bera ikusi diat eta berdin aurkitzen nauk.

MIKEL: (Eseriaz) Gauza hori egin dutenak ez ziren mundu honetakoak. Zihur asko tresna horren barnean zirenak, beste galaxi batekoak ziren...

KATTALIN: Baita zera ere!

TERESA: Egilearen zigorra!

MIKEL: Gu baina jakintsuagoak bizi dire nonbaiten... Baina, zer indar ote zuen tresna horrek, batere zaratarik gabe ibiltzeko?

PATXI: Azkar asko ibiltzen duk behintzat!

MIKEL: Bai horixe! Berak zabaldu duen bezala haizea zabaltzeko, ez zen makala! Oraindik guk ezagutzen ez dugun zerbait behar du horretarako. Amerikar eta rusoen hegazkin eta espazialuntziak ez dute asko balio orain ikusi dugun tresna horren ondoan.

KATTALIN: Tira, tira... Neroni ere txoratu egin behar nazute azkenean! Etxeko lanak aurreratzea hobe izango dugu berriketa hoieri utzita.

PATXI: Baina, non gelditu duk Isidro?

MIKEL: Ez al da bada zurekin batera etxeratu?

PATXI: Ez.

MIKEL: Goiko zelaira ere ez da bada nerekin iritsi. (Erdi parrez). Ederra izango litzateke tresna horretan sartuta bera eramatea.

KATTALIN: Baita zera ere!

PATXI: Gure etxean baina lan gehiago egiten ez badu, laster bidaliko didatek.

TERESA: (Zuzituko da) Jarrai oraindik ere txorakeriak esaten... Konturatuko zarete oraindik Egileak bidaltzen digun zigorra dugula inguruan...

KATTALIN: (Haserre) Tira ama, isildu zaitez mesedez!

TERESA: Nahi duzutena, baina, beste era batera pentsatu beharko duzute oraindik... (Alde egiten du etxe barrura).

KATTALIN: Atera behar nau nere onetik!

PATXI: Berak dituen urteekin, nolatan sinistu behar ditu bada horrelako gauzak? Neroni ere, buruan sartu ezinean naiz ikusi dudana.

MIKEL: Baina, egia guztia ordea, aita. Garbi agertzen da ez garela bakarrik unibertsoan... Beste nonbaiten ere bizitza dela... Pozik emango nituzke ditudan txanpon guztiak, tresna horren barnean ziren horiekin hitzegitea gatik.

KATTALIN: Baita zera ere! Zerbait egingo duk horiek nolakoak diren ikusita.

MIKEL: Zer eratakoak diren jakin behintzat. Zer nolako hizkuntza duten... Nondik etorriak diren...

KATTALIN: Hobe, gure etxeko lanak eginaraztea baino! Tira, ez dugu orain egunetan ametsetan jardun behar eta hasi gaitezen lanean...

PATXI: Egon zaitez Isidro etorri bitartean, emakumea. Oheratu baina lehen guztiak egingo ditugu beste egunetan bezala.

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986