Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Zortzigarren agerraldia

 

ISIDRO, MIKEL, KATTALIN eta TERESA

 

MIKEL: (Agertu baina lehen deika, kanpoko aldetik) Isidro! Ama! (Agertuko da, larrian arnaska). Jainko santua! Ez dakit zer gertatu zaion aitari.

ISIDRO: (Zutituaz): Aitari? Non duk bera?

MIKEL: Ezin dut ulertu zer gertatu zaion. Deabruak!

KATTALIN: (Agertuko da etxe barrutik, ondoren Teresa duela). Zer gertatzen da hemen? Non da aita?

MIKEL: Aita? Deabruak!

KATTALIN: Aita, bai. Aita... Non gelditu da bera?

MIKEL: Gelditu? Gure aita gelditu? Deabruak!

ISIDRO: Baina, beste gauza hori aurkitu al duzute?

MIKEL: Aurkitu eta baita nere aitak berari heldu ere... Jainko santua! Bapatean hasi da dardara bizian eta brinkoka... Une batetik bestera berriz, korrika... Gelditu ezin! Deabruak! Eta, nolatan korrika egin gainera? Motor baten gainean baina azkarrago... Deabruak! Ez dut nik sekula ikusi horrelako korrikalariak! Alde batera eta bestera, tximistaren antzean, pendizak ere nolanahi pasatzen dituela... Deabruak!

KATTALIN: Baina, non da orain?

MIKEL: Une batetan jarraitu dut beraren ondoren korrika harrapatuko dudalako ustean... Deabru madarikatuak! Harrapatu? Ez da zaldiaren gainean izan da ere!

TERESA: Zigorra. Benetako zigorra datorkigu azkenean. (Eseriko da eta errosarioa ateriaz patrikatik, otoitz egiten hasiko da).

KATTALIN: Madarikazioren bat detorkigu etxera.

MIKEL: Honez gero, Jaungoikoak jakingo du noraino iritsia den nere aita.

ISIDRO: Baina, ez al diok deitu berari?

MIKEL: Deitu? Ez alferrik! Zihur naiz ez didala entzun ere egin. Saltoka eta brinkoka, oraintxe aldapen gora... Berehala goitik behera... Deabruak! Eskerrak ez diodan ikutu neronek ere argia duen gauza horri. Bestela gelditu ezinean nintzen aita bezala.

KATTALIN: Sorginkeri nazkarriren bat diagu inguruan! Tira, goazen agudo beraren bila. Ez ote da behintzat etxetik gehiegi urrutiratua izango...

ISIDRO: Ez al dugu hobe izango On Xatur eta bere alaba etorri bitartean hemen egotea?

KATTALIN: On Xatur? Noizik eta behin herrira etortzen den agure zahar hori?

MIKEL: Ederra duk bera nere aitaren atzetik korrika ibiltzeko!

TERESA: Egileak bidaltzen digun zigorra. Orain jakingo dugu nortzuk diren hemen errudunak...

KATTALIN: Tira ama, isildu zaitez! Ez da unea txorakeriak esaten jarduteko!

ISIDRO: On Xatur-ek igarri dezaioke zer den argitasuna duen harri edo delakoa... Zer indar duen berak... Zer egin dezakegun nagusia gelditzeko ito baina lehen. Horrelako lanetan ez da bada On Xatur bere bizitza osoan?

KATTALIN: Txorakeriak!

MIKEL: Txorakeriak ez, ama. Arrazoi du oraingoan Isidrok. Berak jakin dezake, beste inork baino hobetoago, zer den aurkitu dugun gauza hori. On Xatur-i albistea ematea dugu egokiena.

KATTALIN: Horrela bada... Zoaz orduan Isidro. Gu, goazen bitartean aitaren bila.

ISIDRO: On Xatur-i albistea eman diote honez geroz. Oraindik denbora asko ez dela, hemen izan da Mandiolako Ana eta bera joan da albistea ematera.

KATTALIN: Orain ere hemen, emakume zarpailu hori! Goazen agudo nere senar arlote hori nonbaiten aurkitu dezagun...

ISIDRO: Honela ezin joango naiz... Ederra naiz bada, korrika egiteko!

KATTALIN: Etxearen ingurua bada ere zaindu zazu behintzat. Tira, goazen agudo! (Alde egiten du kanpoko atetik, ondoren Mikel duela).

ISIDRO: Nere ingurura hurreratzen bada, emango diot makilka ederra! Berehala geldituko dut!

TERESA: Hori duk, nagusia jo!

ISIDRO: Nik ezin badut korrika egin, berak makaldu beharko du... (Alde egiten du kanpoko atetik, herrenka).

TERESA: (Bakarrik gelditzean) Ikusiko litzake zer nolako morroi azkarra dugun... Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Gizonaren neurri gabeko asmaketak azkenean, Egilearen haserrea dakar... Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Guztiok nahastuak gara izan ere! Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Zigorra iristean berriz, guztiok beldurrean. Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Otoitz egin beharrean, Egilearen haserrearen ordez barkamena iristeko, guztiak biraoak ahotik zinzilika dituztela. Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Zigorra azkenean! Santa Maria. Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Usteko dute gainera, beste mundu batetako biztanleak ditugula inguruan... Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Ongi merezia datorkigu bai. Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Nere seme gizarajoak azkenean, guztien zigorra jaso behar. Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Etxeko sorgin zahar hori aukeratu bazuen hala ere... Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean).

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986