|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Hamaikagarren agerraldia KATTALIN, PATRI, MIKEL eta ANA MIKEL: (Agertuko du etxe barrutik, ondoren Patxi eta Ana dituela) Deitu egin al duzu, ama? KATTALIN: Deitu egin dut bai, baina zuri eta aitari bakarrik. ANA: Neri ez orduan? KATTALIN: Ez eta zerbaiten berririk jakitea nahi baduzu, galdetu zaiozu anaiari. ANA: (Haserre) Oraintxen bertan alde egingo dut emakumea! Ikusiko litzake nolatan harrotzen den etxekoandrea? Edozeinek pentsatu dezake zuri entzun da, aberastasuna gainezka duzula... KATTALIN: Aberastasun gehiegirik ez, baina haserretzen naizenean zuk bezain aurpegi gogorra nik ere! Zoaz zeure etxea gobernatzera, anai mozkor hori hartuta... PATXI: Tira, Kattalin... KATTALIN: Zirt eta zart hasi behar dut bestela une batetik bestera! ANA: Banua, bai... Banua... Baina, etxean ezkutaturik duzuten gauza horren berri nik zabalduko dut herri osoan zehar. Ez zarete alferrik, guztia zuentzat izango dela pentsatzen baduzute. Laguntza emateko asmoan etorri eta honela bidali azkenean? Etsaiak izango ahal dira harri zahar horren barnean! KATTALIN: Etsaiak? Nahi al ditun berak ikustea? Ikutzea nahikoa den hor barruan den harriari... ANA: (Beretzat) Atso zahar petrala! KATTALIN: (Ana-ren ondora joanaz haserre) Zer ari haiz marmarrean? Joanadi agudo nere aurretik edo sartuko dinat harri horren zati bat ahoan. ANA: Heuk ere zati ederra sartzeko aho zabala dun... KATTALIN: (Alde eginaz Ana-ren ondotik) Eman behar diot gainera muturrekorren bat! ANA: On Xatur-ek zerbait jakitean hemen nauzue berriro... (Alde egiten du kanpoko atetik). KATTALIN: Lotsagabekerian ez dio inork irabaziko behintzat! Sartuko diot sardea, hankak berriro etxe honetan jartzen dituen unean! PATXI: Lotsagabea dela guztiok jakinean gara, baina oraingoan zuk ere... KATTALIN: Zer uste du bada horrek? Zerbait somatu orduko hemen izaten da beti. Konpondu dadila beraren etxean! MIKEL: On Xatur-i ere behintzat, berak deitu dio... KATTALIN: Hori gainera! (Eseriko da). Gure etxean gertatzen denari buruz hitzegiteko eta erabaki bat hartzeko deitu dizuet. Oraingo eran ez dugu jarraitzerik. PATXI: Baina, zer esaten ari zara? KATTALIN: Zer esaten ariko naiz bada? Ulertzea nahi ez duenarentzat ezer ez! Baina, zuek uste al duzue zerbait igarriko diola agure zahar horrek? MIKEL: Bizitza guztian, langintza horretan ari da On Xatur. (Eseriaz). Harriari ikutu ez bazion, honez gero zerbait jakin genduen. KATTALIN: Berriro ikutzen ez badio hala ere... Zientzigizona izango duk bai, baina oraingo eran ez dik harriaren berririk berehalakoan jakingo. Nere ustez, beste norbait ekartzea hobe izango diagu lan hori egiteko. PATXI: Baina, esan ez duzu bada urrea baino baliotsuagoa izan ditekela eskuartean dugun harri hori? MIKEL: Neri horrela esan dit, bai. KATTALIN: Baita neri ere. Baina, noiz jakingo dugu horrela den edo ez? Orain egin duen korrika saio horren ondoren, ganora ederra izango du lanean jarraitzeko. (Patxi-ri). Zuk izan dituzun bezalako keinuak baditu... PATXI: Horixe izango dituela horrek ere! KATTALIN: (Zutituaz) Eta zer? Bera sendatu bitartean geldi egon behar al dugu? Ausartuko dela uste al duzue agure zahar hori berriro harriari heltzen? MIKEL: (Zutituaz) Era horretako lanak egiten dituztenak ama, ohituak izaten dira. Zientzia lanetan diren guztieri gertatzen zaizkie horrelakoak. Behin zerbait gaizki irten zaietela eta gauzak alde batera utzi bazituzten gure zientzigizonak, oraindik ezer asmatu gabe izango ziren. Gaur egun noiznahi behar izaten ditugun gauzen erdiak ere ez ginuzen izango. KATTALIN: Hor barruan dugun gauza hori etxean dugun bitartean ez naiz bada oso lasai... Bera zer den ez dakigu. Zer indar duen ere ez. Agure zahar horrek berriz, ez dut uste sekula igarriko dionik... PATXI: Baina, zuk uste al duzu On Xatur-ek iritsi duen maila ezer jakin gabean iritsi ditekela? Bere jakinduriaren ondorena da. Zientzigizon apartekoa da. MIKEL: Bai ama. Egia dio aitak. Bera bezalakoak ez dira asko gaurko egunean. KATTALIN: Zenbat eta gutxiago izan da hobe. PATXI: Gainera zer egiten dugu beste zientzigizon bat etxera ekartzean? Berehala jakingo du herri osoak zer aberastasun dugun. Eta, ondoren zer? MIKEL: Zenbat eta jende gehiago inguruan, bakoitzarentzat gutxiago. KATTALIN: Oraingo eran ezer ez! PATXI: Tira, lasaitu zaitez. KATTALIN: Lasaitu, lasaitu... Gaur iluntzera bitartean bakarrik. Iluntzerako zerbait egiten ez badu agure zahar horrek, bihar goizean lehenengo orduan, beste norbaiten bila joango naiz. Edo bestela, eraman dezala On Xatur-ek berak harri hori... Zer dugun etxean jakin gabe, ezin egongo gara. Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |