Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Bederatzigarren agerraldia

 

TERESA eta PATXI

 

PATXI: (Agertuko da zeharo nekatua kanpoko atetik. Izugarrizko dardara du, gelditu ezinean). Jainko errukitsua! Hau da dardara dudana! Ito behar dut azkenean! Gelditu nazazue mesedez agudo edo bestela hesteak ere ahotik irten behar didate. Gelditu nazazue mesedez!

TERESA: (Patxi agertu orduko zutitua izango da) Baina, zer gertatu zaik motel horrela izateko

PATXI: Deitu zaiozu agudo Mikel-i edo Isidro-ri... Gelditu nazatela agudo!

TERESA: Tokitan izango dituk! Hire bila joanak dituk guztiak.

PATXI: Kattalin-i orduan. Deitu zaizu berari.

TERESA: Besteekin batera joana duk bera ere.

PATXI: Harri nazkagarria! Ez dakit zer gertatu zaidan berari heldu diodan unean. Baina, zerbait eman zaidazu agudo gelditu nadin. Honela ezin dezaket denbora luzean jarraitu...

TERESA: Baina, zer ematea nahi duk bada nik?

PATXI: Zerbait egin zaidazu behintzat gelditu nadin.

TERESA: (Helduko dio Patxi-ri) Garai batetako indarrak izango banituzke...

PATXI: Hezurren bat galdu behar dut azkenean. Jainko santua! Hau da dardara dudana! Eskerrak gainera korrika saioa noizbaiten bukatu dudan. Hankak hautsi ez ditudanean hala ere... Zer ote du harri horrek indar hori izateko?

TERESA: (Indarka jardun du Patxi gelditu nahirik, baina ezin du) Beraren beharra beharrezkoa diat neronek ere hi gelditzea nahi badut. (Utziko dio Patxi-ri). Alferrik nauk honela. Sendagileren batek kendu beharko dik dardara hori.

PATXI: Eta bitartean honela jarraitu? Hezur guztiak galduko ditut. Zerbait egin zaidazu agudo gelditu nadin edo bestela semea galdua duzu. Ezin dezaket honela jarraitu... Gelditu nazazu mesedez agudo! (Alde egiten du etxe barrura).

TERESA: (Bakarrik gelditzean) Baina, zer egin dezaket nere semeari dardara hori kentzeko? Bera gelditzeko? (Gelako txoko batetan den erretza hartuko du). Orainartean ezagutzen den erremediorik onena eta azkarrena norbait gelditzeko, egoki emandako zartatekoa da dudarik gabe. Bai horixe: Berehala geldituko dut gelditzekoa bada! (Alde egiten du etxe barrura, eskuetan erretza duela. Zartateko bat eta orroe bat entzungo da barruan eta berriro agertuko da erretzaren girtena apurtua duela). Gelditu da bapo oraingoan. Beharko! Buruaren erdi erdian eman diodan zartatekoa ez da txantxetakoa izan. Mandorik handiena ere botako zuen hankaz gora!

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986