|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Seigarren agerraldia KATTALIN, PATXI, MIKEL, ISIDRO eta MIREN PATXI: (Agertuko da kanpoko atetik, Mikel-ekin batera Isidro erdi arrastaka dutela. Beren ondoren Miren). Gelditu duk horregatik! Beharko! MIKEL: Eskerrak zuri, aita. PATXI: Bai horixe! Sekula ez diat izan punteri ona, baina gaurkoan marka guztiak zapuztu dizkiat! KATTALIN: Baina, zer egin diozute? PATXI: Zer egin? Zera... Harrika ederra eman diodala. MIKEL: Eskerrak bide zuloan sartu den edo bestela pare bat egunean gelditu gabe ibiliko zen. PATXI: Bai horixe! Ikusi dudanean ordea, hartu diat lehen aurkitu dudan harria eta ditudan indar guztiekin, zapla! buruaren erdi erdian, eta plost lurrera txintirik egin gabe. KATTALIN: Hil ez baduzute hala ere. PATXI: Ez du txantxetako harrikada hartu gaurkoan! Buru gogorra da baina, gaurko zartatekoa gogoratuko zaio hemendik pare bat urtera ere. KATTALIN: Zuk egingo dituzunak oraindik! MIKEL: Neregana hurreratu bazen ere berdin egingo nion. Harri ederra nuen bada... PATXI: Bestela nolatan gelditu hau? Zuen abiaduran, ez dakit nolatan ez den aideratu hegazkinak bezala. MIREN: Gizon gizarajoa horrela eduki gabe, eman zazute barrura. Ohean etzan zazute eta bertan begiratuko diot. PATXI: Goazen bada... (Alde egiten dute Patxi eta Mikel, Isidro erdi arrastaka dutela). MIREN: Ez dio behintzat txantxetako burukoa eman izango. KATTALIN: Gure urreak on egingo digu berari ezbeharren bat gertatzen bazaio... MIREN: Lasaitu zaitez. (Alde egiten du etxe barrura). KATTALIN: (Bakarrik gelditzean) Baina zer indar ote du harri horrek? Berari ikutu orduko, guztiak brinkoka eta korrika gelditu ezinean alajaina? Lehen argia eta orain buru egokiagoa izango du gure morroiak... (Alde egiten du etxe barrura). Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |