|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Laugarren agerraldia KATTALIN, PATXI, MIKEL eta ISIDRO ISIDRO: (Agertuko da kanpoko atetik herrenka, jantziak narraz eta zikinak dituela) Hartu diat izugarria! Hil ez naizenean... Tresna naskagarri hori dela eta ez dela, hau duk zartatekoa hartu dudana. Azkenean, urteetan esaten jardun dudana. (Eseriko da). Norbait erori behar zuela karobi zulora eta lehenbailehen guztia apurtzea hobe zela... Baina alferrik! Inork kasorik ez eta han joan nauk goitik behera... KATTALIN: (Parrez). Zuk egingo dituzunak! PATXI: Itxura ederrekoa azaldu haiz behintzat... ISIDRO: Pake pakean, etxean gelditu banintzan hobe. MIKEL: Baina, ikusi al duzu beste tresna hori? ISIDRO: Bai al dakit zer ikusi dudan ere? Argitasuna... Argitasun izugarria besterik ez diat ikusi nik neure begien aurrean. Horregatik erori nauk karobi zuloan! Izan ere, nolatan jakin nun jartzen nintuen hankak? PATXI: Orduan, ez duk ikusi ezer? ISIDRO: Bai arranoa! Karobi zuloan hankaz gora naizela, zerbait azaldu duk neronen gainean. Argiak zizkian berak ere, baina aurrez ikusi dudanak baino txepelagoak... Gorago eta gorago eta halako batetan ezkutatu duk... MIKEL: Ez duzu ikusi orduan poliki poliki lurretik nolatan altxatu den? ISIDRO: Ikusi? Nahiko lan izan diat hanka hau zuzentzen! Hartu dudan belaunekoa, ez pentsa gero txantxetakoa izan denik! MIKEL: Bada zuk ikusi duzun hori bera zen goiko zelaiko sakon unean argi biziak botatzen zituela. ISIDRO: Tximistak erre bazuen... MIKEL: Geroago, argiak gutxitu ditu zerbait eta hasi da jiraka zibata zebala... Berehala, poliki poliki behetik gora, batere zaratarik gabe... PATXI: Eta ondoren hartu duen abiadura? Azkar asko ezkutatu duk mendien atzera... MIKEL: Bai horixe! Eta guztia isilean, batere zaratarik gabe. ISIDRO: Hemen pasatu ohi diren hegazkinak baino isiliago ibili duk hori. PATXI: Bai alajaina! Ez diat nik sekula horrelakorik ikusi! MIKEL: Ez nik ere! ISIDRO: Zer izan duk bada orduan? MIKEL: Egunkariak, irratiak eta telebistak egunero esaten ari direna baieztatu bakarrik egin du gaurko gertakizun horrek. Gu bizi garen tokian bakarrik ez dela bizitza, baizik eta beste nonbaiten ere bizitza dela. Norbaitzuk bizi direla. ISIDRO: Orduan nik aurkitu dudana... PATXI. Zer? MIKEL: Aurkitu duzuna? ISIDRO: Aurkitu dudana, bai. Karobi zulotik irtetzea kostatu zaidak, baina azkenean nolabait irten diat. Bertara erori aurrez nuen asmoa bete nahirik, goiko zelaria abiatu nauk. Ez argi eta ez txintirik... Beldurrez nindukan, egia esan. Hankako mina ere bai eta ez nolanahikoa... Hala eta guztiz ere, hanka erdi arrastan dudala, iritsi nauk bertara... Haizeak zerbait belarra mogitzen zuen unean, halako dardara bat sentitzen nuela gorputz osoan, begiratu diat alde guztietara. Ezer ez. Deabruak! Zelaiko sakon unean den harri pila ondoan, argitasuna... Joan nauk bertara beldurra nagusitua dudala. Arnasa ere hartzeko beldurrez... Eta, zer aurkitu dudala uste duzute? Zer? PATXI: Esaten ez baduk, ez diagu berehalakoan jakingo! KATTALIN: (Benetan urduri egon da entzuten) Esan zazu agudo mesedez! ISIDRO: Harri bat... Handia ere ez, baina harria... Honelakoxe bat... KATTALIN: Lehen ere harria gehiago duk goiko zelaian belarra baino! ISIDRO: Ez ordea edozer erako harria. Ez arranoa! Argia... Argia duena linterna batek izan ohi, duen bezala. Halako karapilo bat jarri zaidak eztarrian ikusi dudanean... Ez nauk ausartu, ez da gehiegi beraren ingurura hurreratzen ere. Zerbait harrigarria duk nolanahi ere. KATTALIN: Horixe bakarrik behar gendun orain! Guztiok zoratu behar dugu gaurkoan! MIKEL: Horrelako argitasuna izanik, ezin diteke harri bat izan. Beste zerbait behar du... ISIDRO: Harriaren itxura du behintzat. PATXI: Gaur izan diren horiek utzi izango dute orduan bertan. Nondik nora iritsiko zen bada bestela gure zelaira? MIKEL: Zihur asko, biztanle horiek norbaitekin harremanetan jartzea nahi dute eta horregaitik utzi izango dute beren seinalea bezala. KATTALIN: Harriak ekartzeko asmoan badira behintzat, lehen diren tokian geldituta hobe! MIKEL: Gu aukeratu izango gaituzte harreman hoieri hasera emateko. Horrela bada, bete egin behar dugu beren nahia. Irakurria dut behin baino gehiagotan, biztanle hoiekin harremanetan jartzea egokia dela gure Gizateriarentzat eta horretarako asmoan etorri badira, aurrera jarraitu behar dugu. Benetan ospetsuak izateko bidea dugu, aurrenengoak izanik berekin harremanetan. PATXI: Horrela egingo diagu bada. ISIDRO: Gutxienez, zer den jakitea nik aurkitu dedan hori, ez duk behintzat gaizki etorriko. MIKEL: Zerbait ikusi izango digute biztanle horiek, gure gana hurreratu direnean. Gurekin hitz egitea nahi dutenean... KATTALIN: Zerbait ikusi zueri? Ziur asko, lanerako duzuten gogoa! PATXI: Tira, ez dira kontuak hauek txorakerian ibiltzeko. MIKEL: Ez eta goazen agudo! Ikusi egin behar dugu zer utzi diguten biztanle horiek. ISIDRO: Argi bat eraman zazute. PATXI: Hik ez al duk bada joan behar gurekin? ISIDRO: Ederra nauk berriro han gora joateko... Hanka hau honela dudala ezin joango nauk. Esan dudan bezala, sakon unean den harri piloaren ondoan aurkituko dezute. KATTALIN: Guztiok erotuak zaretela dirudi. PATXI: Ezin geldituko gara behintzat zer den jakin gabe. MIKEL: Goazen agudo, aita! PATXI: Goazen bai. Atarian den linterna hartuko diagu. (Alde egiten dute Mikel eta Patxik kanpoko atetik). ISIDRO: Neu ere pozik joango nintzen... KATTALIN: Baita zera ere! Zer eginik ez dugu eta etxean... Hau da burubidea! Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |