|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Bigarren agerraldia PATXI eta ZIRILO ZIRILO: (Gehiegi mozkortu gabe baina zerbait edana dela igartzen zaiola. Kanporako atetik agertuko da) Eup! Sartu al diteke? PATXI: (Beretzat) Honek konponduko ditu gure etxeko gertakizunak! ZIRILO: (Ate ondotik) Zer diok? Sartzeko baimena ematen al didak? PATXI: Aurrera, aurrera... Orain ere edozeinen aurrean azaltzeko eran izango haiz eta aurrera beldur gabe. ZIRILO: (Erdi barrez hurreratuko da Patxi-rena) Norbaitek traktoreakin zapaldu al dik burua? Ez duk ederki gelditu izango bera ere. Ez horixe! PATXI: Tira, egonadi isilik txorakeririk esan gabe. Berriketarako batere gogorik ez diat gaurkoan. ZIRILO: (Barrez) Eta keinu horiek? Norbaitek eztenkadak ematen al dizkik tarteka? Hori duk itxura dukena! PATXI: Egin zak barre. Errezena hori duk... Eztenak baina indar gehiago duen gauza diagu une honetan gure etxean. Hiri ere, edateko gogoa berehala kenduko dik... ZIRILO: Eta edan gabe egon? Ez, ez. Nahi baduzute nere arrebari eman zaiozute. Gainera bera, hemen izango duk zihur asko beste egun askotan bezala... PATXI: Bai. Hor duk On Xatur eta bere alabari lagundu nahirik. ZIRILO: Zer? On Xatur hemen dela? On Xatur Galeperra, jakintsua? PATXI: Bai, bai. Hemen diagu lantxo bat egitera etorria bere alabarekin. Ezagutzen al duk bada bera? ZIRILO: Ezagutu? On Xatur, ezagutu diok? Berarekin ikasi nian irakurtzen eta idazten. Garai batetan gure etxeko esnea izaten zidan egunero On Xatur-ek. Nere maisu jakintsua! PATXI: (Beretzat) Ederrak gaituk orduan! ZIRILO: Zer esan duk? PATXI: Hire maisu horrek ez diola berehalakoan igarriko eskuartean duenari. ZIRILO: Baina, hik uste al duk ezer egin gabe iritsi duela ospetsua izatea? Lan handiak egin dizkik On Xatur-ek. PATXI: Hirekin ez ziren behintzat gehiegizkorik egin. ZIRILO: Gaztea ninduken eta jakina, errez utzi ikasketak egiteari... Gainera, etxean ere lan asko... Baina, jarraitu izan banuen, ez pentsa gero On Xatur-en inguruan ez nintzenik izango. Bere mailara iritsia ninduken ni ere... PATXI: Orain baino zerbait gutxiago edan behar horregatik? ZIRILO: Baina, hik zer uste duk? On Xatur-ek esnea eta ura bakarrik edaten dituela? Ardoa eta ez nolanhikoa gainera! Lehengoa bada, orain ere zurrut ederrak egingo dizkik! PATXI: Hik ere maisuari jarraitzen diok. ZIRILO: Berak edaten duen ardoa bezain ona ez badiat ere, zurrut batzuk egitea gustatzen zaidak... PATXI: Zurrut batzuk bakarrik? ZIRILO: Goizean batzuk... Eguerdian... PATXI: Eguerdian beste batzuk eta arratsalde eta iluntzean berriz zer esanik ez. Zeharo mozkorra pasatu baina lehen, berriro ere berdin. ZIRILO: Izan ere ardoa ederra duk eta! PATXI: Zuen soroak ez dituk behintzat oso ederrak. Berak landu behar dituk zerbait jasotzea nahi baduk. ZIRILO: Bi lagunentzako nahikoa jasotzen diagu... PATXI: Gehiego ere jaso ezinik ez, lana egin ez gero. ZIRILO: Lana, zenbat eta gutxiago hobe diagu hemendik aurrera. PATXI: Alferrik duk hirekin jardutea! Horrela jarraituko duk honez gero. Eta bitartean burua lertu berhar zaidak... ZIRILO: Burua lertu? Muturreko ederrak hartu behar dituk keinu horiek eginaz ibili behar baduk... PATXI: Hartu? Oraindik gehiago? Ematen hasi behar diat, ematen! Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |