Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Laugarren agerraldia

 

ZIRILO eta KATTALIN

 

KATTALIN: (Algaraz dator) Ja, ja, ja! Hankako minez zela gure morroia? Makala joan duk bada! Ibili ezinean bazen ere... (Zirilo-ri). Oraintxe osatu gaituk guztiak! Hi bakarrik palta orainartean... Pozik jakingo nikek zer egin liteken hiri harri horrek.

ZIRILO: Handia bada eta hanka gainera erori, behatzeko galanta!

KATTALIN: Zurruterako gogoa kendu ere bai zihur asko.

ZIRILO: Baina, esango al didazu zer gertatzen den gaur hemen? Oraintxe, gehiegi edan izango dudala pentsatzen hasia naiz.

KATTALIN: Atzo iluntzea ez gero ez duk giro! Gainera guztiok korrika ibili behar ez badugu oraindik, zikinkeri hori etxean dugula... Zoratu egingo gaituk azkenean!

ZIRILO: Nere arrebak etxeratuta hobe du orduan lehenbailehen.

KATTALIN: Hik ere berdin egitea hobe korrikan hastea baino. Nahikoa duk hor barruan den harri edo delako horri ikutzea, Isidroren antzean izateko.

ZIRILO: (Erdi barrez) Ikutu dioloka korrika? Igartzen zaio bai nolako ganora duen lanerako... Ihesi alajaina lana ikusi orduko? Makinabat bider esana dizut lehenago ere, beraren ordez hobeagoa nazutela ni etxe honetan. Orain ari zarete konturatzen, orain...

KATTALIN: Oraingo itxuran egingo duk hik lana. Ikutu zaiok harriari eta esango didak ondorenean...

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986