Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Aurrenengo agerraldia

 

TERESA: (Eseria da errosarioa eskuetan duela) Guztiak erotuak direla gure etxean, pentsatzen hasia naiz! Baina, jarraitu dezadan otoitz egiten. Aita gurea, zeruetan zarena... (Jarraituko du isilean). Aita baina semea okerrago! Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean). Morroia berriz, zer esanik ez. Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Ederra duk gure etxeko burubidea! Agur Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean). Txorakeria ugaria eta ezer ez! Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: (Agertuko da etxe barrutik) Zer? Oraindik ez al dira etorri?

TERESA: Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: Baina ama. Ez al didazu entzun? Orandik ez al diren etorri galdetu ez dizut bada?

TERESA: Ez, ez. Ez dira etorri. Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: Jarrai zaiozu bai otoitzean, zerbaiten beharra izango dugu eta. Ederki gelditu behar dugu etxeratzeko ziren goiko zelaiko belarrak erre badira.

TERESA: Kaletar txoro horiek izan ere... Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: Kaletar eta kaletar ez direnak, ama. Kalera begiratu gabe, ingurun ere lagun onak ditugu bada esku zabal laguntza eskaintzeko. Ikusiezina galanta eta batak bestea nundik nora izurratuko...

TERESA: Sua itzalia izango dute behintzat. Aspalditxoan ez da argitasunik ageri. Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: (Kanporako atetik begiratuaz): Ez dakit bada zer egiten ariko diren gure hiru gizonezko horiek! Surtan kiskaldu ez badira behintzat... Beldurtu naiz benetan, goiko zelaian izan den argitasun handiarekin.

TERESA: Infernua! Egilearen zigorra etorri behar zaigu oraindik etxe honetara! Agur Maria, Jaungoikoaren ama... (Jaraituko du isilean).

KATTALIN: (Teresa-rena inguratuaz) Infernua? Zigorra? Oraindik ere gehiago merezi dudala uste al duzu? Orain dakidan hainbat jakin izan banuen...

TERESA: Nere semea bezalako gizon zintzorik aurkitu ezin! Santa Maria, Jaungoikoaren ama... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: Ziri ederra sartu zidazun bai, bera bezalakorik ez nuela aurkituko esan zidazunean. Langilea, jatorra... Bere ordez, alferra eta satorra galanta hori! Lanaren itzalak ere beldurtzen duena!

TERESA: Eta beraren semea? Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean).

KATTALIN: Hori da! Bere semea eta kito! Nik ez dut zer ikusirik berarekin, naiz eta beraren ama izan. (Alde egiten du Teresaren ondotik). Jarrai zaiozu bai otoitzean, alferrik da zurekin berriketan jardutea eta...

TERESA: Aitaren Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Otoitz egiteko gogoak kendu dizkidatzu! Baina, zuk uste al duzu etxe hau altxatzeko zure beharrean zela nere semea? Zu hemen sartu ez geroztik...

KATTALIN: (Haserre) Ni hemen sartu ez geroztik, zer? Aurrenengo behintzat aitortu zazu egun ederragoak igarotzen dituzula. Ondoren, begiratu besterik ez duzu ukuilu aldera. Ni honuntza etorri aurrez, ametsetan ere ikusten ez zinduzen bezalako abereak dira. Eta soroak? Ingurun ez diren bezala landutakoak!

TERESA: Guztiak, nere semeak eta bilobak landutakoak.

KATTALIN: Horixe! Ni txistua jotzen egoten naiz bada sukalde bazterrean! Ni hemen naizen ez geroztik ikasi du jendeak lanean etxe honetan. Ni hemen naizen ez geroz... Ederrak izango zinaten honez gero bestela! Zer jan ez, etxea eroria eta eskaleak bezala...

TERESA: Baita zera ere!

KATTALIN: Jarrai zazu otoitz egiten edo bestela haserretu behar dut txorakeriak entzuten.

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986