Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Bigarren agerraldia

 

TERESA, KATTALIN eta PATXI

 

PATXI: (Agertuko da kanpoko atetik arnaska bizian, jantziak narraz eta zikin dituela) Jaungoiko santua! Zer ote zen hori? Zer ikusi dute nere begiak?

KATTALIN: Inork jakitekotan zuk jakin beharko duzu zer ikusi duzun...

PATXI: Sekulakoa! Sekulako tresna izugarria! Deabruak... Ez dut inoiz horrelako gauza harrigarririk ikusi.

TERESA: (Zutituaz) Baina, zer ikusi duk motel?

PATXI (Eseriko da): Gure goiko zelaiaren sakon unean, geldi zegoen argiz betetako tresna izugarri bat. Benetan argi biziak zituen... Pauso bat ere eman ezin, beraren argiekin itxututa bezala. Mutilak! Esan behar munduko argi guztiak berarekin zituela! Argia eta hala ere ezer ikusi ezin! Nahi berari begiratzea eta ezin... Begiak erre behar zizkidan argitasunak! Gure morroiak ere hartu izango du muturrekoren bat ederra ezer ikusi ezin da. Orroe izugarri bat egin du bide zulo inguruan... Izan ere hurreratu nahirik gauza harrigarri horren ingurura sakabanatu gara eta ez dakit nun sartuak izango diren besteak. Ikusten nuena sinistu ezinean...

TERESA: Baina, esan ez duk bada ezer ikusi ezinean izan haizela?

KATTALIN: Utzi zaiozu mesedez, bukatu bitartean.

PATXI: Bapatean, gutxitu edo ahuldu ditu argiak... Hasi da orduan, aurrean nuen tresna hori jiraka, ardatz bat izango bazuken bezala erdian... Eta altxatzen lurretik, geroago eta azkarrago... Berak zabaltzen zuen haizea berriz ez zen txantxetakoa! Ametsetan naizela pentsaturik, eman dizkiot bi zaplateko neure aurpegiari eta txatxamurka ere egin dut besoan... Egia! Egia benetan! Gero, berrogeita hamar bat metro altxatu denean lurretik, tximista bezain azkar ezkutatu da...

TERESA: (Eseriko da lehen zen tokian) Nik esan dudana. Zigorra bidaltzen digu Egileak. (Errosarioa aterako du patrikatik eta otoitz egiten hasiko da isilean).

PATXI: Ezin dut sinistu ikusi dudana!

KATTALIN: Hegazkin edo helikopteroa ikusi izango duzute.

PATXI: Zaratarik gabe? Ez, ez... Beste zerbait zen gure goiko zelaian eta pentsatzen hasia naiz egiak ez ote diren izango behin eta berriz telebistan agertzen diren tresna horietakoak... Beste galaxia edo dena delako tokietan bizi diren horietakoenak.

KATTALIN: Horrelako gauzekin pentsatzen hastea bakarrik behar dugu oraintxe, guztiok txotxoloturik bukatzea nahi badugu.

TERESA: Zigorra! Zigorra bidaltzen digu...

KATTALIN: Isildu zaitez mesedez!

TERESA: Agur Maria, graziaz betea... (Jarraituko du isilean).

PATXI: Ezin dut garbi azaldu ikusi dudan guztia. Baina, gauza horren argi biziak, beraren mogimendua azkarra jiraka, eta ondoren ezeren zarata gabe lurretik altxatzea... Eta geroago berriz, tximista bezala...

KATTALIN: Amerikar edo rusoak ez ditugu urrutian izango.

PATXI: Nik ikusi dudan hori asmatzeko kemenik ez du inork gure artean. Ez horixe! Sinistu nahi ez badugu ere, nonbaiten gu baina azkarragoak bizi dira. Eta gainera, hurrean ditugu... Batere zaratarik gabe, isilean, berehala ditugu gure jabe egin da.

KATTALIN: Baita zera ere! Gu lo egongo gaituk bada...

PATXI: Horien aurka egiteko ez dugu ezer. Tresna horrek ez zuen indar txikia lurretik horrela altxatzeko. Ez horixe! Jiraka hasi denean zabaldu duen haizea berriz... Hori gainera! Haize horrek bota nau hankaz gora... Orain gogoratzen dut. Larrian baina, ordura bitartean zutik izan naiz. Haize horren indarrak ordea aideratu behar nituen une batetik bestera eta bota nau sasiartera...

KATTALIN: Eta gure goiko zelaiko belarrak, zer?

PATXI: Nik ez dut begiratzeko ere denborarik izan. Alde egiten ikusi dudanean tresna hori, etxera agudo!

KATTALIN: Hau duk senar ausartia dudana!

PATXI: Ausartia izatea gauza bat da eta inozoa izatea berriz beste bat. Zer egin behar nuen, tresna horren barruan zirenak berekin eman baninduen? Non eta nolatan aurkituko nintzen une honetan? Noizik eta behin beldurra izatea ez da txarra.

TERESA: Jakina! Beste guztieri gertatzen zaietena hiri ere. Beldurra, zigorra hurreratzean...

KATTALIN: Tira ama, isildu zaitez mesedez!

PATXI: Beldurra edo kezka... Nahi duzutena. Nondik etorritakoak diren jakin gabe eta zer asmo dituzten igarri gabe, nik egin dudana egin da hobe. Ihesi. Gainera, gu baina azkarragoak direla jakin da, jarrai dezaiotela beren bideari. Nik ez diet behintzat ostoporik jarriko. Ez horixe!

KATTALIN: Zuk ateratzen dituzu ondorioak, txorakeri bat ikusita! Mikel-ek honelako gauzetan gehiago ulertzen du eta bera etxeratu bitartean nahiago dut isilik egotea.

PATXI: Egia diozu. Gustokoak ditu honelako gauzak berak eta nik ikusi dudana ikusi badu behintzat, amerikar eta rusoak sortutako tresna zela ez dizu esango, horrela entzutea nahi baduzu ere.

TERESA: Zigorra! Zigorra datorkigu!

KATTALIN: Esan zaiozu zure amari isilik egoteko edo bestela sartuko dut txiza potzuan!

PATXI: Utzi zaiozu nahi duena esaten. Aspertuko da bai.

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986