|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Bederatzigarren agerraldia PATXI, KATTALIN, ON XATUR, MIKEL, MIREN, ANA eta ZIRILO MIKEL: (Etxe barruan deika) On Xatur! On Xatur! MIREN: (Etxe barruan) Aita! Aita! XATUR: (Agertuko da etxe barrutik, ondoren Mikel eta Miren direla Korrika, kanporako atetik alde egingo du) Oraingoan neu! Oraingoan neu! MIREN: Aita! Aita! (Korrika, kanpoko atetik alde egiten du, bere ondoren Mikel dela. Anak ere, berdin egiten du). PATXI: Harrikada bat eman beharko diot berari ere... (Alde egiten du kanpoko atetik). KATTALIN: (Algaraz) Ja, ja, ja! Hau ere ikusi egin behar! Agure zahar hori tximista baino azkarrago korrika! Hartu behar du muturrekoren bat ederra! Hori duk sasoia duena, hori! ZIRILO: (Agertuko da etxe barrutik, lehen baina gehiago, mozkortua. Eskularruak ditu jantziak) Ezin dut sinistu ikusten dudana. Zer zuen horrek? KATTALIN: Zera... Hik botila dantzatzen duken bitartean, harriari ikutu izango diola, zihur asko. ZIRILO: (Barrez) Sasoi ona du oraindik ere On Xatur-ek. Bai jauna! KATTALIN: Hire ordez norbaitek izan beharko! Sagardoa edo ardoa aurkitu duk oraingoan? ZIRILO: Ardoa, ardoa... Gustu ederrekoa benetan eta edaten erreza. Bai jauna. Gure etxean izan ohi den baina hobeagoa. KATTALIN: Bide egokian gaituk zuen eskuetan harri hori utzita. Berehala jakingo diagu zerbait... ZIRILO: Harriak benetan itxura ederra du. Urrea dirudi. Eta lanean jardun dudanez, ez dut hemendik alde egiteko asmorik beraren zati bat patrikan izan gabe. Ez jauna. KATTALIN: Jakina! Arreba ere hortarako asmoan etorria izango duk. ZIRILO: Bai jauna. Ez duzu bada pentsatuko ezer gabe aldegingo dugunik lanean jardun eta gero... KATTALIN: Erantzungo diat nere senarra etortzen denean. ZIRILO: Bai jauna. Ederki! Oso ederki! Horrela egin behar izaten dituk gauzak etxean... Senar eta emazteak, alkar harturik... Bai jauna. Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |