|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Seigarren agerraldia ISIDRO eta ANA ANA: (Agertuko da kanpoko atetik) Baina, konturatu al zarete zuen goiko zelaian zer argitasun izan den? ISIDRO: Bai bapo! Ibili ederra egina naun... ANA: Eta geroago, bertara begira nintzala, zerbait altxatu duk eta berehala aldegin dik... ISIDRO: Hik hala ere urrutitik ikusi izango dun. Gu, etxeko gizonezko guztiok, hor ibili gaitun gisa ederrean. Gaurko ibilaldia ez zaidan urteetan ahaztuko. Ez horixe! ANA: Lehenbizi iruditu zaidak sua zela zuen zelaian, baina ondoren nolatan altxatu den bertatik zerbait, helikopteroa edo hegazkina izango zela pentsatu diat. ISIDRO: Bai horixe! Beraren zarata entzun izango dun zihur asko? ANA: Egia. Orain konturatzen nauk ez duela zaratarik batere atera. Ezer ez. ISIDRO: Ez horixe! Beste era bateko tresna indartsu bat izan den gaurkoan gure zelaian. (Ana, eseriko da Isidroren ondoan). Indartsua eta harrigarria... Gaur guk ikusi duguna ez den gizonak asmatutakoa. Beste munduko zerbait... Mikel-ek esan duen bezala, beste galaxia batetik etorritakoa... ANA: Tira Isidro, ez diagu txoratu behar! ISIDRO: Hik nolatan sinistuko den bada? Berak zuen argitasuna... Ondoren berriz, batere zaratarik gabe, behetik gora... Dudarik gabe, gu baina jakintsuagoak sortutako indarra zinen tresna horrek... ANA: Esan zaidak. Esan zaidak zer eratako tresna zen... ISIDRO: Hobe izango dun nere nagusiari edo bere semeari galdera hori egitea. Berak, hobetoago erantzungo diten. ANA: Baina, hik ikusi al duk edo ez? ISIDRO: Nahi hainbat ez. Tresna horrek botatzen zuen argitasunarekin itxuturik, karobi zulora erori naun eta gehiegi ikusi ezin bertatik. Nagusia eta bere semea ordea, ni baina gehiago hurreratuak ditun tresna horren ondora... ANA: Nik baina askoz gehiago ez duk ikusi orduan? (Zutituko da). Eta esaten duk beste galaxia batetik etorria zela? Ederra haiz horrelako gauzak jakiteko! ISIDRO: Galdetu zaion Mikel-i edo bestela bere aitari. ANA: Bai, bai, horrela egingo diat. Esan behar motel, gaur ere zurrutean jardun dukela... ISIDRO: Zurrutean? Nere aldean lagun ederra dun etxean horretarako. Gaur ere zihur asko hutsean izango dun... Ez din berak ikusi izango gure goiko zelaian zen argitasunik... ANA: Isilik mesedez! Nere anaiak egingo dituenak! Denbora gutxian, etxean zen sagardo guztia edana dik. Egunero etxeratzen dudan ardoa berriz, gutxigi dik. Gaur goizean aurkitu diat ordea bere ezkutuko upategia, behi pintoaren askan. Zortzi litroko garrafoia bertan, ia erdia hutsik... ISIDRO: Beste nonbaiten ez badu hala ere beste zortzi litroko garrafoiren bat. ANA: Egunen baten, erdi mozkortuta dela edanaraziko zizkioat guztiak batean. Soro eta zelai ederrak dizkiagu bada beti horrela ibiltzeko. ISIDRO: Izan ere ardoa, ona... ANA: Ondo zekiat hiri ere bapo gustatzen zaikela eta horregatik ezin dizkiat sinistu esaten ditukenak. Hobe diat bai, hire nagusiari galdetzea gaur gertatutakoaren berri jakitea nahi badut. Etxean al da? ISIDRO: Ez. Sinistuko ez badidan ere, esango dinat zertara joana den bere semearekin. ANA: Ez sinistekoa bada, isilik gordetzea hobe izango duk. ISIDRO: Tximistak erre nazala gezurra bada! Entzun zaidan ondo. Tresna harrigarri hori izan den inguruan, benetan gauza izugarria aurkitu dinat. ANA: Baina, esan ez duk bada karobi zuloan egon haizela? ISIDRO: (Zutituaz) Bai, bai, karobi zuloan egon naun denbora batetan. Baina, tresna horrek alde egin duenean, iritsi naun goiko zelaira. Bertan aurkitu dinat harri bat... ANA: Harria? Ondo begiratzen baduk aurkituko dituk gehiago ere goiko zelaira joan gabe! ISIDRO: Entzun zaidan mesedez isilik! Harria, bai. Harria... Baina linterna batek bezala argia egiten duena. ANA: Tira Isidro, nahikoa diagu! ISIDRO: Aurrez esan dudana! Hiretzat ezin sinistutakoa! Harri hori etxeratzeko asmoan joanak ditun nagusia eta bere semea. Sinistuko dun ikusten... (Eseriko da). ANA: (Eseriko da Isidroren ondoan) Baina, benetan al diok? Ez ote duk amets bat izango? ISIDRO: Tximistak erre nazala, gezurra bada! Nik aurkitu dudan harria edo delako hori, zihur asko tresna argitsu horretan etorri direnak utzia den eta zer den jakitea benetan egokia den... Gurekin izango bagendu telebistan agertu ohi diren zientzigizon horietako bat... ANA: Jakintsu horietakoa? Ez diagu urrutian. Egun batzuk gure herrian igarotzera etorria duk On Xatur Galeperra bere alabarekin. Entzuna izango duk. Aita bezain azkarra alaba ere zientzia lanetan. ISIDRO: Nik aurkitu dudan harri hori orduan, beraren etxera eramatea onena. ANA: Zertarako? Bera etorriko duk pozik albistea ematen badiogu. ISIDRO: Ez pentsa gero, maila horretako gizonak... ANA: Makalak izaten dituk bada beren izena altxatzeko era aurkitzen dutenean! Horientzat, horrelako gauza berri bat analizatzea, benetan aberatsa izan ohi duk. Egia bada esaten dukena behintzat... ISIDRO: Beste ezer sinistu behar ez badidan ere, sinistu zaidan esandakoa. Egia dun guztia. ANA: (Zutituaz) Berehala joango nauk orduan On Xatur-en bila. ISIDRO: (Zutituaz pozik) Hortara, nagusiak delako harri hori etxeratzen duen ordurako, On Xatur-ek bere lana hasi ezinik ez din izango. ANA: Baina, gezurra esan baduk, sinistu zaidak hiru eguneko bizia dukela gehienez. ISIDRO: Tximistak erre nazala, horrela bada! ANA: Berehala jakingo diagu zer aurkitu duken. (Alde egiten du kanpoko atetik). ISIDRO: (Bakarrik gelditzean). Zerbait sinistu izango dik azkenean! (Eseriko da). Baina, hau duk belauna dudana! Ez duk horregatik egun askotan zutirik izango karobi zahar hori. Ez horixe! Zerbait sendatzen zaidanean belauna, lehenik egingo dudan lana, hori betetzea izango duk. Baita nagusiak nahi ez badu ere! Lepoa hautsi ez dudanean, hala ere... Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |