Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Bosgarren agerraldia

 

ZIRILO, KATTALIN eta ON XATUR

 

XATUR: (Agertuko da etxe barrutik haserre. Bata eta buruko estalki zuriak ditu, eskularruak ere bai) Madarikatua! Madarikatua benetan harri zahar hori! Kaka zaharra! Laguntzailerik gabe gelditu nauk! Oraintxe ia mahai gainera jasorik genduen unean, beste horrek izan ere zudurrakin ikutu dio harriari. Kontuz Isidro... Kontuz... Hainbeste bider esan diot, baina hala ere alferrik! Irristada bat eta zapla! zudurrarekin alajaina! Eskerrak berehala alde egin duen, bestela mailuarekin joko nuen buruaren erdi erdian! (Kattalin-i). Senarra ezezik semea ere ausartia duzu behintzat benetan. Ez diola berak harriari helduko eta azkenean morria... Hori baina laguntzaile arloteagorik! Zutik egon ezinean, belaunean min duela eta... Beste norbait aurkitu beharko duzute nere lanari jarraitzea nahi baduzute.

KATTALIN: Honek laguntzen ez badizu... Beste guztiak Isidroren ondoren joanak dira.

XATUR: Gutxienez mahai gainean jarri bitartean behintzat norbaiten beharra dut. Tira, etorri bada nerekin.

ZIRILO: Zer? Nik lagundu?

XATUR: Jakina! Ez al duk entzun beste gizonezkorik ez dela etxean? Indarra duena behar diat harri hori mahaiaren gainera altxatzeko.

ZIRILO: Beste norbait aurkitzea hobe izango duzu orduan.

XATUR: Baina, oraindik ere lanean ez duk ikasi? Umetan nerekin ikasketak egiten ibilitako gogo bera oraindik ere? Ez lehen eta ez orain!

ZIRILO: Hemen ikusi dudanarekin izutua naiz zeharo.

KATTALIN: Baita zera ere! Edaria nagusi orain ere beste egunetan bezala.

XATUR: Begira. Zientzia lan bat egiten ari nauk une honetan. Orandik beste inork eskuartean izan ez duen zerbait diagu. Beraren berri munduari jakinarazten diogun unean gure izenak benetan ospetsuak izango dituk. Ni eta neri laguntzen direnak, munduan zehar ate guztiak zabalik beti... Eskuartean dugun indar horren berri ezagutzera ematea besterik ez diagu behar nahi duguna iristeko.

ZIRILO: Horrela izan da, Isidrok zergatik alde egin du korrika?

XATUR: Txotxolo zahar bat besterik ez delako! Zientzia lanetan, hori bezalako gizonak ez dutelako tokirik! Atera zak kontu, zenbat gauza jakin dezakegun harri horren bitartez Nondik eta nolatan iritsi den gure artera. Zerekin osatua den... Zerk ematen dion indarra...

ZIRILO: Baina, oraindik ez dut ikusi harri hori.

XATUR: Ikusiko duk. Ikusiko duk, baldin laguntzeko gogoa baduk. Ez nauk ari ametsetan eta entzun zaidak ondo. Pentsatzen nauk urrea bera baino ere baliotsuagoa dela harri hori... Urreak baino aberastasun handiagoa eman dezakena...

KATTALIN: Zer? Urrea?

XATUR: Horrela pentsatzen dut, baina aurrez analizatu egin behar dut egoki.

KATTALIN: (Pozik) Jainko santua! Hori, egia balitzake...

XATUR: Berehala erabakiko ditugu gauzak, baldin inor laguntzeko prest bada behintzat.

KATTALIN: Tira, lagundu zaiozu mesedez...

ZIRILO: Tentazio ederra jarri didazu behintzat, On Xatur.

XATUR: Lagundu zaidak agudo. Ezer ez zaik gertatuko, baldin ez badiok harriari ikutzen.

ZIRILO: Baina, ez al didazu esan, harria mahai gainera jasotzeko indarra behar duzula?

XATUR: Bai eta goazen agudo!

ZIRILO: Harriari ikutu gabe ez da erreza izango horregatik bera lurretik altxatzea...

XATUR: Eskuetan jazteko zerbait emango diat. Goazen agudo!

ZIRILO: Goazen bada, baina gogoan izan, nik ere zerikusia dudala baldin aberastasunik bada etxe honetan.

KATTALIN: Hori, geroago hitzegingo diagu. (Alde egiten dute etxe barrura On Xatur eta Zirilok). Gure etxean denak, on egindo dik! (Erdi barrez). Eta gure morroi arlote horrek zudurrarekin ikutu diola harriari? Bizia ez bada ere, azkartu da oraingoan! Atzekaldean zuziria sartuta zuela zirudin! Beste mozkor hori ere, gure morroia bezala ikusiko nuke pozik. Ez zaio gaizki etorriko horrelako korrika saio bat egitea berari. (Pentsatzen egon ondoren). On Xatur-ek esan duena egia izatea bakarrik behar genduke orain. Urrea bera baino hobeagoagoa izatea, behin eta berriz madarikatu dudan harri zahar hori...

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986