Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Zortzigarren agerraldia

 

PATXI eta KATTALIN

 

PATXI: (Agertuko da etxe barrutik, ondoren duela Kattalin). Ederki jo dut bada! Bide zuloan gora, tximista baino azkarragoa zen... Hartu dut harria eta eman diot musu berari... Bota dut indar guztiakin eta zapla! buruaren erdi erdian.

KATTALIN: (Barrez) Eta bapatean, geldi.

PATXI: Hankaz gora geldi eta txintirik egin gabe. Ez nuen sekula uste horrelako punteria nuenik. Eskerrak ordea hemen ingurun jiraka ibili den, bestela ez gendun sekula etxeratuko. Zuzenean joan izan bazen, Jaungoikoak daki une honetan non izan ziteken.

KATTALIN: (Barrez) Hori izango zen ederra! Herritar guztiak atzetik jarraitzen ziotela...

PATXI: Barre egiten dugu baina, ez du une ederra igaro izango gure morroiak. Kontuan izan, nik ondo frogatua dudala. Une honetan berriz, berak buruko mina badu, neronek ere ez dut nolanahikoa.

KATTALIN: Keinuak behintzat aldegin dizute.

PATXI: Konturatua naiz, bai. (Eseriko da). Burua ordea lertu beharrean! Ez dakit hobeagoagoa ez ote duen izan morroiak nere harrikada, neri amak eman zidan errezkada baino. Baina, zerk ematen dio harri edo delako horri horrelako indarra? Ez al dizu ezer esan oraindik On Xatur-ek?

KATTALIN: Gozoa da bada. Isidrok alde egitean, zuek ere beraren ondoren joan zeratela eta laguntzaile gabe gelditzean. Eskerrak beste erdi mozkor hori azaldu den...

PATXI: Nor? Zirilo? On Xatur-i laguntzen?

KATTALIN: Hor da barruan berarekin.

PATXI: Zirilok harriari ikutzea bakarrik palta dugu. Hortzat ere ihesi egingo diote korrika hasten den unean.

KATTALIN: Edaria uzteko bada hala ere...

PATXI: Edariari bakarrik? Baita beste gauza guztieri ere! Uste al duzu bizirik geldituko dela korrika saioa bukatzean? Hanka bat eliza nagusiko dorrean eta bestea berriz auskalo... Ederra da bada hori, ni bezala ibiltzeko!

KATTALIN: Eta zuk bezalako burukoa hartzeko...

PATXI: Ez dadila horrelakorik gertatu edo bestela auzoan bat gutxiago izango dugu. On Xatur-ek bere lana bukatu dezala lehenbailehen edo bestela guztiok zoratuko gara.

KATTALIN: Benetan itxaropen handia jarria du eta esan didanez, urrea baino baliotsuagoa izan diteke atzo aurkitutako harri hori.

PATXI: Zer? Zer diozu emakumea?

KATTALIN: Entzun duzuna. (Eseriko da Patxi-ren ondoan). Urreak berak baino ere, gehiago balio dezakela... Zerbait aparta dela.

PATXI: Ez inori ezer esan orduan. Bestela, berehala ditugu etxean auzoko guztiak. Gainera, ez zorionak emateko asmoz etorriak, baizik eta zerbait eskuratzeko asmoz. Hobe izango dugu gainera beste mozkor arlote hori eta bere arreba lehenbailehen hemendik bidaltzea. Bestela berak ere zerbait eskatuko digute.

KATTALIN: Ez da ordea erreza izango horiek bidaltzea.

PATXI: (Zutituaz) Alde egin beharko dute! Nor dira bada horiek gure etxean agintzeko? Berehala bidaliko ditut gainera!

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986