|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Hamahirugarren agerraldia KATTALIN, PATXI, MIKEL, ISIDRO, ON XATUR eta MIREN ISIDRO: (Agertuko da etxe barrutik eta kanpoko atetik alde egiten du korrika. Burua bendaz estalia du). Ez nau berriro harrapatuko! Ni ez berriro! PATXI: (Algaraz) Ja, ja, ja! Oraingo korrika saioan itoko duk! Morroi berria aurkitu beharko diagu. KATTALIN: Bai, bizirik gelditzen bagara... MIKEL: Zer gertatzen da hemen? XATUR: (Keinu izugarriak egiten dituela azalduko da etxe barrutik. Miren beraren ondoren) Ez duk harriaren arrastorik ere gelditu! Guztia, bapatean desargertu duk! (Haserre benetan). Kaka zaharra! Oraintxe guztia eskuartean nuen garaian... Azkenean ezer jakin gabe gelditu nauk! Izan ere, keinu hauek ditudala nolatan egin ezer? MIKEL: Ezin dut sinistu! Ezin diteke desagertu berrogei kiloko harririk! (Etxe barrura joango da). PATXI: Baina, zer ote zen orduan? (Joaten da etxe barrura). XATUR: Oraindik gizonak inoiz eskuartean izan gabekoa eduki eta ezer ez diat egin! Sekula ez diat berriro horrelako aukerarik izango! KATTALIN: Ez gure etxean behintzat! XATUR: Ez hemen eta ez beste inon! Kaka zaharra! KATTALIN: (Haserre) Entzun zaidazu ondo, agure zahar arlotea. MIREN: Zer? Nere aita gatik al diozu hori? KATTALIN: Aita bezalakoa alaba ere! Alde zazute agundo hemendik! Zuk On Xatur, gogoan izan lehen ere zartateko ederra hartua duzula... Nik emango dizudana ez da izango lehengoa baino txikiagoa. Ez horixe! PATXI: (Agertuko da etxe barrutik, Mikel ondoren duela) Ez da ezertxo ere gelditu! MIKEL: Harrigarria benetan! KATTALIN: (On Xatur-i) Entzun duzu... Etxe honetako lanak bukatuak dituzu eta zoaz zure zientzia lan hoiekin beste batzuk zoratzera. XATUR: Sinisgabeko emakumea! Negar egiteko gogoa etortzen zait, zu bezalakoentzat nere bizitza osoa eskaintzen dudalako. MIREN: Kultura gabekoekin jardutea, alferrikakoa duzu aita. XATUR: Egia diozu. Hauen artean ez da sekula sortuko ezer. Arlote jarraituko dute beti... PATXI: (Haserre, On Xatur-i) Kontuz gero, On Xatur... Nere emazteari txorakeriak esateko gogoa berehala kenduko dizut txiza potzuan goitik behera sartzen bazaitut... MIREN: Tira aita, goazen agudo hemendik. (Besotik heldurik On Xatur-i) Goazen agudo. XATUR: Honelakoentzat jarduten al dugu lanean? Ezer eskertzen ez dakiten hauentzat? PATXI: Zoaz agudo hemendik edo egin behar dut ez egitekoren bat. Alde hemendik! MIREN: (On Xatur-i besotik tiraka kanpoko ate aldera) Tira aita, utzi zaiezu pakean. Goazen agudo! XATUR: Hauen gandik ez du behintzat munduak gauza berririk ezagutuko... KATTALIN: Lehen ezagutzen ditugunak zaintzen ere, nahiko lan izango dugu, zuen antzekoak tartean badira. MIREN: Oraindik, gutzaz gogoratu behar duzute. Bai horixe! (Kanpoko atetik alde egitera dijoela On Xatur-ekin, Teresa eta Zirilo-rekin topo egingo dute, Isidro dakartela erdi arrastan. Hauek etxe barrura sartu ondoren, On Xatur eta Miren-alde egiten dute). Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |