|
Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola Aurrenengo agerraldia PATXI, TERESA eta MIREN PATXI: (Burua bendaturik eseria da. Tarteka, izugarrizko keinuak egiten ditu. Miren, pultsoa hartzen ari zaio berari eta ordulariari begira). Jotzen hasi eta baita jo ere! Zerbait handiagoa eta beste mundura konturatu ere egin gabe. TERESA: (Eseria da): Bestela nolatan gelditu? PATXI: Zerbait txikiagoa ere nahikoa izango nuen. Buru ederra dut bada orain... MIREN: (Haserre eta bata zuri bat jantzia duela) Egon zaitez geldi gizona! Ezin igaroko dut ordu betea zuri pultsoa hartu ezinik! PATXI: Nahiago nuke neronek ere geldiago izatea. Uste al duzu nahi dudalako egiten ditudala keinu hauek? MIREN: Ez dakit zer esan oraintxe! TERESA: (Zutituaz) Beste zartateko bat berehala emango diat. PATXI: (Zutituaz) Zer? Beste buruko bat emango didazula? Ez horixe! Edozeinek pentsatu dezake, ama, beste mundura bidaltzeko gogoa duzula. MIREN: Mesedez, zaude geldi! Alferrik naiz bestela hemen! PATXI: (Eseriko da) Gehiago burukorik ez behintzat edo bestela norbait itoko dut. TERESA: Izan ere zuek egingo dituzutenak! Gau guztian begirik ez diat itxi zuen iskanbilak direla eta ez direla. Azkenean gainera, harri zahar edo delako hori etxeratu... Hobe, txorakeri horietan ibiltzea etxeko lanak egitea baino! Iritsiko diagu zerbait oraingo eran... PATXI: Harri horrek, oraindik gizonak ezagutzen ez duen indarra du. TERESA: Eta horrela jarraituko dik. Baina, hik uste al duk On Xatur edo delako horrek zerbait igarriko diola? PATXI: Tira, ama... TERESA: Berak zerbait igarri bitartean zain egon behar badugu... MIREN: (Haserre) Baina zuek uste al duzute nere aitak ez duela jakinduririk horretarako? TERESA: Baita zera ere! MIREN: Eta baita neronek ere! Hori baina lan zailagoak izango ez bagenituzke! Baina, zuek uste al duzute gure langintza artoa jorratzen jardutea dela? Zientzia lana da gure eginkizuna. Urteak ditugu langintza horretan etengabe eta inork igarri balezaioke harri hori edo delako hori zer den eta zer indar duen, nere aita eta nik egin dezakegu. (Teresaren ondora joanaz). Zuk nahi baduzu, zirt eta zart zartatekoak ematen jarraitu zazu, baina zientzia lanetan utzi zaiguzu pakean. PATXI: (Zutituaz) Tira ama, zoaz sukaldera. Ezer ez dakizun gauzetaz isildu zaitez... TERESA: Zuen jakinduria alferrikakoa izango da Egilearen zigorrari aurka egiteko. Alferrikakoa guztia! (Alde egiten du etxe barrura). PATXI: Zigorra emateko ez da nere ama ere txantxetakoa! Beraren jardunak nere onetik atera behar nau. Urteak ere bai eta barkatu zaiozu berari... MIREN: Ohitua naiz horrelako gauzak entzuten. Ez dio ajolik. PATXI: Zer? Zerbait moldatzen ari al naiz? MIREN: Bai, bai. Pultsua bere onera etorria duzu. Goizetik honuntza bitartean ere berriz, dardara eta keinuak asko gutxituak dituzu. PATXI: Ederra naiz hala ere lanean hasteko... Lehen behiak eraitsitzen naizela ikaraldi ederra hartu dut. Esnea biltzen naizela, keinu hauetako batekin, tititik gehiegi tira izango diot behiari eta bota didan ostikadak jo banituen oraindik ere aidean nintzen. MIREN: Gauzak patxadan eta lasai hartu behar dituzu Patxi. Zuek aurkitutako harri hori analizatzen dugun unean, izango dugu zure keinu horiek mozteko era. Bitartean, lasai hartu bada gauzak... Orain aitari lagundu beharko diot. (Alde egiten du etxe barrura). PATXI: Bai, bai, (Eseriko da bakarrik gelditzean). Hau duk burua dudana! Eskupeta bat eman izan banuen goiko zelaira joan nintzen unean... Tresna azkarraren barruan zenari zudur zulotik sartu izan banizkion perdigoe batzuk... Eta etxeratu dugun harri horrek? Zer indar du gero? Nik zer pentsatuko nuen bada dardara hau jarriko zitzaidala berari ikutu ondoren? Eta korrika? Azkarrak ikusi dizkiat nere bizitzan baino, ni bezalakoak ez berari ikutu ondoren. Atzo gauean alferrik ziren neretzat pendiz, langa edo paretak... Ito ez nintzenean... Harria edo delako hori ikutzea nahikoa izan nuen... Halako zaztada bat sentitu nuen gorputz guztian eta gelditu ezin... Hankak, pentsamendua ere baina azkarrago... Hezurrak osorik ditudanean ere... Sorginkeri bat zirudin. Eta ondoren, amak eman izango didan burukoa? Urte osorako buruko mina jarri izango zidak. Hau duk itxura dudana! Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola |