24.
BOZKETAK
Eta abiaduratan jartzen zela ikusi genuenean
Indar guztiez oihukatu genuen:
Zuetarik inork ere ez ote du ezetz esanen?
Ezin dezakezue isilik iraun!
Gerra hori ez da zuena!
Ezin daiteke zuena izan!
(Berlin, 1938ko martxoak 13an. Proletal gela batetan, BI LANGILE eta EMAKUME BAT. Bandera baten makilak hersten du atea. Irratian susmurru alai izugarri bat, kanpoan hotsak eta abioien habarrotsa entzuten dira. Boz batek dio: “Eta orain Führera Vienako hirian sartzen da”.)
EMAKUMEA: Itsaso bat dirudi.
LANGILE ZAHARRA: Bai, garaitiaz garaitia doa.
LANGILE GAZTEA: Eta geu gara garaituak.
EMAKUMEA: Bai, horrela da.
LANGILE GAZTEA: Entzun nola oihukatzen duten! Bezuza bat hartzen baleude bezala!
LANGILE ZAHARRA: Bezuza bat hartzen dute. Inbaditzaile armada bat.
LANGILE GAZTEA: Eta gero “bozketak”. Herri bakar bat, Estatu bakar bat, buruzagi bakar bat. Hori al da nahi duzuena, aleman herria? Eta guk bozketa horretarako oktabilla bat ere ezin dezakegu atera hemen Neukblln, langile hiri honetan.
EMAKUMEA: Zergatik esaten duzu ezin dezakegula?
LANGILE GAZTEA: Arriskutsua delako.
LANGILE ZAHARRA: Karlek ere abandonatu gaituztelarik, nola eskura ditzakegu zuzenbideak?
LANGILE GAZTEA: Gainera nor behar dugu testua eskriba dezan.
EMAKUMEA: (Irratia seinalatuz) Hark ehun mila gizon ukan zituen bere oldarketa egiteko. Guri bat baizen ez zaiku falta. Ongi dago. Bera baizen ez denez behar duena eskuratzen duena, ez dago dudarik berak garaituko duela.
LANGILE GAZTEA: (Haserre) Orduan, Karl ere ez dugu behar.
EMAKUMEA: Hemen horrelako giroa baldin bada nagusi, hobe litzateke separa gaitezen.
LANGILE ZAHARRA: Lagunak, ez dugu irabazten ezer amets eginez. Ez dago dudarik oktabila bat ateratzea geroago zailago dela. Ezin dezakegu egin garaitiazko oihu eta xilio , horiek entzun ez bagenituen bezala. (Irratia seinalatuz.) (EMAKUMEAri.) Aitor zazu, entzunen lukeen nork nahi geroago indartsuago eta boteretsuago diren inpresio ukanen lukeela. Ez al dirudi horri baten boza?
EMAKUMEA: Garagardoa ordaindu zaien hogei mila ordiren boza.
LANGILE GAZTEA: Bai, horixe da guk esaten duguna, baina bakarrik bagina?
EMAKUMEA: Bai, bakarrik, baina gu bezalako beste anitzekin. (EMAKUMEAk guztiz ximurturik dagoen paper tipi bat destolesten du.)
LANGILE ZAHARRA: Zer da hori?
EMAKUMEA: Gutun baten kopia. Zarata horrekin, goraki irakur daiteke (Irakurtzen hasten da.) “Seme maitea: Bihar ez dut existituko. Exekuzioa goizeko seiretan izan ohi duk. Baina eskribatzen diraut jakin dezan ene iritziak ez direla aldatu.
Graziako errekurtsorik ere ez diat eskatu, ez dudalako ezein krimenik egin. Neure klaseari zerbitzu besterik ez dut egin. Ene ahaleginak alferrikakoak badirudite ere, egia, haatik, guztiz desberdina duk. Nor bere lekuan, horixe izan behar dik konsigna. Gure egitekoa gogorra duk arras, baina ezin daiteke digneagorik egon: gizadia askatu bere zapaltzaileetatik. Biziak ez dit bat ere baliorik ukanen, harik eta egiteko hori burura eramaten duguneino. Baldin ez badugu hori beti gogotan ukaiten, gizadi osoa barbariean amilduko duk. Hi oraino gaztea haiz oso, baina ez dik ardurarik, zein klasetakoa haizen ahazten ez duken bitartean. Eta beti fidel eta leial izan behar diok, orduan hire aitak ez dik alferrik sufritu ukanen bere egiteko zaila. Gorde hitzak ongi heure ama eta anai-arrebak. Heu haiz nagusiena. Izan hadi konsziente. Guztiok besarkatzen zaituztet. Maite hauen hire aitak.
LANGILE ZAHARRA: Ez gaude dirudien bezain bakarrik.
LANGILE GAZTEA: Orduan zer jarri behar dugu bozketa horretarako oktabilan?
EMAKUMEA: (Hausnartuz) Hoberena hitz bakar bat jartzea da: EZ!