Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

1.
DIGNITATE NAZIONALA

 

Horra hor SSko ofizialak

Garagardoz eta diskurtsoz

Horditurik. Aleman herria

Herri handi boteretsu bat,

Beldur dakiona, fidel eta obediente

Bihurtzea zinegin dute.

 

 

(1933ko urtarrilak 30aren gauan. Karrikatik BI OFIZIAL SS oztopoka.)

 

LEHEN SS: Salbatu gara. Izugarria, zinez, egin den desfilea, eh? Atzo azpiratuak ginen, egun Reichko Kantzilerian, atzo xori zauritua, egun arrano inperiala. (Piz egiten gelditzen dira.)

BIGARREN SS: Heldu da komunitate nazionalari bidea uzteko unea. Aleman nazioaren mugimendu espiritual jasan ezin bat etorriko delakoan nago.

LEHEN SS: Baina aleman gizona iratzartu behar da aldez aurretik, sub-humanitatetik irten dadin. Non gaude? Ez dut ikusten banderarik inon ere.

BIGARREN SS: Eia galdu garen?

LEHEN SS: Bai leku higuingarria.

BIGARREN SS: Asesino auzo bat dirudi.

LEHEN SS: Arriskugarri ote da hemendik ibiltzea?

BIGARREN SS: Egiazko burkide bat, abertzale on bat ez da honelako barraka eta txaboletan bizitzen.

LEHEN SS: Ez da bat ere argirik ikusten!

BIGARREN SS: Jende guztia irten da, segur aski.

LEHEN SS: Bai, gutarrak bai behintzat. Hirugarren Reicharen heltzea ikustera joan ote dira? Goazen geu ere, baina begira dezagun geure gibelamendua. (Aurrera doaz, oin baldarrekin, LEHEN SS-A BIGARRENAren ondoan.)

LEHEN SS: Ez al da hau ubidea inguratzen duen auzoa?

BIGARREN SS: Ez diakiat.

LEHEN SS: Hemen atrapatu genduen marxista kabia bat. Galdurik zeudela ikusi zutenean elkarte profesional katoliko bat zirela esan zuten. Gezurra galanta! Batek ere ez zeraman ikurra.

BIGARREN SS: Komunitate nazionala burura eramanen dela azkenean uste al duk?

LEHEN SS: Oro eskuratuko du (Gelditu egiten da ilunbetan, urduri. Leiho bat zabaltzen da.)

BIGARREN SS: Zer gertatzen da?

 

(Bere errebolberaren segurua kentzen du. GIZON ADINTSU BAT, lo egiteko arropekin agertzen da leihoan. Ahapeka.)

 

            “Emma, zu al zara?”

BIGARREN SS: Berak dira!

 

(Itzulika hasten da, ero bat bezala eta nora nahi disparatzen hasten da.)

 

LEHEN SS: (Zoro bat legez garrasika) Erne! Erne!

 

(GIZON ADINTSUA dagoen leihoaren parean beste batetatik oihu izugarri bat entzuten da, balaz jo duten pertsona batena.)