10.
SALATARIA
Horra hor eskola maisu jaunak.
Belarrietatik oratuz
erakusten die abortoak nola ibili.
Ikasle guztiak salatariak dira.
Nork daki zeruaren eta lurraren berri?
Baina nork daki ezer inortaz?
Haur samurrak borrero bila doaz.
Bere etxera daramate, eta bere aita bera seinalatuz
traidore deitzen diote:
esku eta ankak loturik daramazkite.
(Colonia, 1935ean: Igande batetako arratsalde euritsua. AITA, AMA eta HAURRA mahainetik jeikitzen dira. NESKAMEA sartzen da.)
NESKAMEA: Klimbtsche jauna andreak ea jaun andreak etxean diren galdegiten dute.
GIZONA: (Haserre) Ez. (NESKAMEA irten.)
NESKAMEA: Kasu egin behar zenion telefonoari. Etxean gareia ezinbestez dakite eta.
SENARRA: Eta kalean zergatik ezin gaitezke egon?
EMAZTEA: Euria ari delako.
SENARRA: Hori ez da arrazoi bat.
EMAZTEA: Nora joan gintzateke? Horixe bururatuko zaie lehenik.
SENARRA: Leku askotara.
EMAZTEA: Orduan, zergatik ez gara irtetzen?
SENARRA: Nora joan gintzateke?
EMAZTEA: Atertuko balitz...
SENARRA: Eta nora joanen gintzateke atertuko balitz ere?
EMAZTEA: Lehenago batek bisitak egin zitzakeen.
(Isilaldia.)
Gaizki egin dugu telefonoari kasurik ez egiteaz. Orain ohartu eginen baitira ez ditugula errezibitu nahi.
SENARRA: Eta konturatzen badira ere, zer?
EMAZTEA: Bada, ez zait xit artez ez bidezko iruditzen haiekin eten egitea, guztiak bizkarra ematen ari zaienean.
SENARRA: Guk ez dugu eten egin haiekin.
EMAZTEA: Orduan, zergatik ez dira etorri?
SENARRA: Klimbtsche jaun horrek asko aspertzen nauelako.
EMAZTEA: Lehen ez zintuen aspertzen, bada.
SENARRA: Dena dela, lehen ez zenuen ebakiko harekin Irakaskintzako Inspekzioak sumario bat irekiko diola eta.
SENARRA: Zer esan nahi duzu, beldurti bat naizela? (Isilaldia.) Deitu eta esan, itzuli berriak garela euria hasi delako.
EMAZTEA: (Jeiki gabe) Eta Lemkeri ea etorri nahi duen galdegiten badiot?
SENARRA: Ez zaikula ardurarik defentsa pasiboak berriz esateko?...
EMAZTEA: (HAURRAri) Klaus, uztak bakean irratia! (HAURRA egunkariak irakurtzen hasten da.)
SENARRA: Ezbehar handi bat da egun euria egitea, baina nola bizi daiteke euria egitea kalamitate handi bat den herri batetan?
EMAZTEA: Zuhurra iruditzen al zaizu hausnarketa horiek goraki egitea?
SENARRA: Lau paret hauen artean, desiratzen ditudan hausnarketa guztiak eginen ditut. Ez dut utziko neure etxean berean isil erazten... (Eten egiten du. NESKAMEA sartzen da kafe-zerbitzuarekin. Denek isilik diraute NESKAMEA eskaratzean dagoen bitartean.)
SENARRA: Aita edifizioaren zelataria duen neskamea edukitzea beharrezko ote zaigu?
EMAZTEA: Auzi hori anitzetan eztabaidatua dugula uste dut.
SENARRA: Miresgarria benetan nik esan ditudan gauzak. Esaiozu hitz bakar bat are zeure amari eta ikusiko duzu nolako nahastean sartuko garen.
EMAZTEA: Konta diezaiokedana... (NESKAMEA sartzen da kafearekin.)
EMAZTEA: Utz zazu, neronek zerbitzatuko dut. Joan zaitezke.
NESKAMEA: Eskerrik asko, andrea (Irten egiten da.)
HAURRA: (Egunkariko artikulu bat seinalatuz) Apaiz guztiek egiten al dituzte honelako gauzak, aita?
SENARRA: Nolako gauzak?
HAURRA: Hemen dioena.
SENARRA: Zer dio, bada?
(Egunkaria kentzen dio eskuetatik.)
HAURRA: Gure talde-buruzagiak esan zuen guztiok dugula kazetak irakurtzeko baimena.
SENARRA: Bost axola zure talde-buruzagiak dioena. Neronek erabakitzen dut irakur ahal dezakezunaz.
EMAZTEA: Tori hamar pfennig, Klaus. Joan zaitez ostera eta eros zazu nahi duzuna.
HAURRA: Baina euria ari da, ordea? (Aurpegia leiho kontra jartzen du zalantzatan.)
SENARRA: Badakizu zer esaten dizudan; egunkari horiek, apaizen judizioez horrelako artikulu horiek publikatzen irauten baldin badute, ez dudala gehiago erosiko.
EMAZTEA: Eta zein egunkari erosiko duzu? Guztiak diote orobat eta.
SENARRA: Baldin egunkari guztiek horrelako zikinkeriak publikatzen badituzte, ez dut bat ere irakurriko. Funtsean ez naiz egonen orain baino gutiago enteraturik munduan gertatzen denaz.
EMAZTEA: Ez dago gaizki noiz behinka garbiketa bat egitea.
SENARRA: Garbiketa? Hori guztiori politikeria baizen ez da.
EMAZTEA: Dena dela, hori ez da guri dagokiguna, gu ebanjelistak gara.
SENARRA: Baina herriarentzat garrantzia handia du sakristia batetan pentsatzea horrelako izu horietaz oroitu gabe.
EMAZTEA: Zer nahi duzu egin dezaten gauza izugarri horiek existitzen baldin badute.
SENARRA: Zer nahi dudan? Bada, noizean behin bere ate aurrea garbi dezaten. Etxe Arrean oro ez dago hain garbirik, diotenez.
EMAZTEA: Baina, horixe bera duzu frogagarri, herriaren onuratan neurri egokiak hartzen ari direla.
SENARRA: Neurri egokiak!
EMAZTEA: Egun guztiz urduri zaude. Zerbait gertatu al da eskolan?
SENARRA: Zer gerta zitekeen eskolan? Eta ez zaitez ari esaten, arren, eten gabe, urduri nagoela. Bestela benetan jarriko nauzu eta.
EMAZTEA: Karl... Ez genuke iragan behar denbora guztia eztabaidatzen. Lehenago...
SENARRA: Banekien! Lehenago! Ez lehenago ez oraino, ez nago prest neure semearen espiritua pozointzen uzteko.
EMAZTEA: Baina,... non dago?
SENARRA: Nola jakin dezaket?
EMAZTEA: Irtetzen ikusi al duzu?
SENARRA: Ez.
EMAZTEA: Ez dut ulertzen nora joan zitekeen. (Deituz.) Klaus! (Lasterka irtetzen da; deitzen ari dela entzuten zaio; itzuli egiten da.) Egiaz irten da!
SENARRA: Eta zer ardura dio?
EMAZTEA: Euria ari da atertu gabe.
SENARRA: Horrela jartzen zara mutikoa irten dela eta?
EMAZTEA: Zertaz ari ginen mintzatzen?
SENARRA: Zer ikuskizun du horrek?
EMAZTEA: Aspaldi honetan esaten duzun gauza bakoitzarekin! Gehiago menderatu behar zenuke zeure mihina.
SENARRA: Aspaldi honetan ongi menderatzen dut neure mihina, baina eginen ez banu ere, zer ikusi behar du horrek mutikoa irtetzearekin?
EMAZTEA: Badakizu ongi, jakin ere, haurrak beti ari direla nagusiek zer esaten duten entzuten.
SENARRA: Eta zer?
EMAZTEA: Eta zer? Eta hortik kontatzen hasten bada, zer? Ba al dakizu zuk zer esaten dien Hitler Gaztedian. Agerriz esaten die entzuten duten oro esan behar dutela. Ez da normala hemendik ezer esateke irtetzea.
SENARRA: Tontakeriak.
EMAZTEA: Ikusi al duzu noiz irten den?
SENARRA: Une luze bat gelditu da leiho kontra, hor.
EMAZTEA: Gure elkar hizketan zer entzun zuen jakin nahi nuke.
SENARRA: Baina, haurrak ongi daki zer gertatzen den jendea salatzen denean.
EMAZTEA: Eta Schumulektarrek esan ziguten mutiko hura? Elaren aita oraino kontzentrazio kanpo batetan egonen da. Noiz joan den jakinen bagenu behintzat... (Etxe barnerantz doa eta bere SEMEAri deitzen dio.)
EMAZTEA: Ez dut ulertzen nola joan zitekeen horrela, hitzik ere esan gabe. Ez du inoiz horrelakorik egiten.
SENARRA: Eskola lagunen baten etxera joanen al zen?
EMAZTEA: Orduan Mummermanntaren etxean legoke. Telefonoz deituko diet.
(Telefonoz deitzen ari dela.)
SENARRA: Alarma faltsu bat baizen ez dela uste dut.
EMAZTEA: (Telefonoz mintzo ari) Fuercke andrea naiz, Fuercke profesorearen emaztea, bai. Egun on, Mummermann andrea. Esan al zenidake Klaus hor dagoen?... Ez? Ez dakit non egon daitekeen... Esaidazu, arren, Mummermann andrea Hitler Gaztediaren lokala irikirik egoten den igande arratsaldeetan?... Bai... Eskerrik asko. Haraxe deituko dut. (Ezkegi egiten du. BIAK eseririk daude, isilik.)
SENARRA: Eta zer uste duzu entzun zezakeenik?
EMAZTEA: Egunkariaz mintzatu zara. Eta isil zezakezun Etxe Arraz esan zenuena. Hain da nazionalista!
SENARRA: Baina, zer esan nezakeen nik Etxe Arreaz?
EMAZTEA: Oroit zazu, Etxe hartan ez zegoela oro guztiz garbi.
SENARRA: Baina, hori ezin zezakeen har atake bat bezala. Oro ez dagoela garbi, atenuazio ideia batekin diferentzia bat egin nahiz, are gehiago, diferentzia handi bat, eta horrela frutaz eta bromaz egiten den ohar bat baizen ez da, eguneroko hizkuntzan egina gainera... Horrek duen zentzu bakarra da are Etxe Arrean ere, zirkunstantzia hauetan, gauzak ez doazela Führerek nahi lukeen bezala. Bestalde asmo guztiarekin ongi azpimarkatu nuen probabilitate karakter hori, esanez —orain ongi eta zehazki oroitzen naiz— diotenez, ez dagoela “hain” —honen zentzun hertsitzaile guztiarekin— garbia. “Dioete” esan nuen. Ez nuen esan “diot”. Nola baiez dezaket hain garbia ez dagoen zerbait dagoela, horren frogarik tipiena ere ez baitut. Giza izakiak dauden leku orotan beti egonen dira hutsak. Horixe eta ez besterik da idaroki eta sujeritu dudana, eta formarik ahalbait leunetan. Are Führerak berak ere, behin baino gehiagotan, egin du horrelako kritikak eta era askoz ere kategorikoagotan.
EMAZTEA: Ez dut ulertzen. Eni ez duzu zertan horrela mintzatu beharrik.
SENARRA: Hobe behar ez bazen! Baina zer dakit nik zer ari zaren solasean gainerako beste jendearekin lau horma hauetan batek esaten dudanaz elkar hizketaren beroaz bultzaturik? Konpreni ezaidazu ongi: ez zaitut akusatzen zure senarraren beraren kontrako susmurruak hedatzen dituzula, mutikoa are bere aitaren kontra zerbait egiten ari dela pentsa ezin dezakedan bezala. Baina, gaitza egitearen eta batek egiten duela jakitearen artean alde handia dago tamalez.
EMAZTEA: Beno, buka zazu! Hobe zenuke mihinari kos eginen bazenioke! Anartean hemen nauzu ni burua hausten Hitleren Alemanian ezin daitekeela bizi, “Etxe Arreaz” esan duzuna baino lehen edo gero esan duzun ezin oroiturik.
SENARRA: Nik ez dut sekula esan horrelakorik.
EMAZTEA: Enekin polizia banitz bezala portatzen ari zara. Burua hausten ari baldin banaiz, mutikoak zer entzun zezakeen jakiteko da.
SENARRA: “Hitleren Alemanian” ez da ene hiztegiko hitza.
EMAZTEA: Eta edifizioaren begiraleaz esan zenuena eta gezurrik baizen publikatzen ez duten egunkariez eta defentsa pasiboaz? Zure diskurtso horietan guztietan ez da deus ere egokirik mutikoarentzat. Eta hori ez da egokia haur arima batentzat, sustrairik gabe sentitzea, Führerek gaztedia dela Alemaniaren etorkizuna egunero esaten duen bitartean. Egia da Klaus ez dela salatzen duten horietakoa. Higuina sentitzen dut.
SENARRA: Ez da erraz barkatzen dutenetarikoa.
EMAZTEA: Eta zertaz nahi al zuen mendekatu?
SENARRA: Nork jakin! Beti dago zerbait. Agian apoa kendu niolako.
EMAZTEA: Baina hori egun zortzi baino lehenago gertatu zen.
SENARRA: Ez dakit zertarako kendu zenion apo hura.
SENARRA: Euliak atrapatzea ahantzi egiten zitzaiolako eta gosez erdi hilik zegoelako.
EMAZTEA: Kontutan eduki behar zen ordea, egiteko asko zuela'.
SENARRA: Apoak ez zuen bat ere hobenik.
EMAZTEA: Baina gero ez zuen deus ere esan horretaz eta nik oraintxe bertan eman diot hamar pfennig. Nahi duen guztia ematen diogu, gero.
SENARRA: Bai, baina hori sobornoa da.
EMAZTEA: Zer esan nahi duzu?
SENARRA: Dena! Jadanik ez dago mugarik! Ene Jainkoa! Eta maisu izan behar... Gazteria hezi! Gazteriak beldur ematen dit, ordea!
EMAZTEA: Baina ez dago ezer zure kontra, ez da?
SENARRA: Beti dago zerbait nor nahiren kontra. Guztiok gara susmogarri. Eta aski da susmurru bat, susmogarri izateko.
EMAZTEA: Baina haur bat ez da lekuko fidagarria. Haur batek ez daki zer esaten duen.
SENARRA: Hori egia da. Baina noizdanik behar dute lekukorik?
EMAZTEA: Ez ahal genezake imajina zeure oharrak egiten zenituenean esan zenezakeenik? Mutikoak gaizki interpretatu duela esanen genuke.
SENARRA: Zer esan nezakeen. Ez dut lortzen oroitzea ere. Euriak du hogen guztia, azkenean bat haserre jartzen baitu. Dena dela, neu iz'anen nintzateke azkena aleman herria animatzen duen kemen espiritual honen kontra zerbait esaten. 1932ean bertan, esan nuen oro aldez aurretik.
EMAZTEA: Ezin gaitezke horretaz mintza. Ados etorri behar dugu, eta laster. Ezin dezakegu gal minutu bat ere.
SENARRA: Ezin sinets dezaket Klaussek horrelakorik egin dezakeenik.
EMAZTEA: Lehen bait lehen Etxe Arreaz eta zikinkeriaz esana.
SENARRA: Nik ez dut behin ere deus esan zikinkeriaz.
EMAZTEA: Esan duzu egunkari hori zikinkeriaz beterik dagoela eta ez duzula gehiago erosiko.
SENARRA: Egunkaria baina ez Etxe Arrea.
EMAZTEA: Sakristiak lohitzen dituzten zikinkeriarekin ez zaudela ados, ez al duzu esan horrelako zerbait? Eta zure iritziz Justiziaren aitzinera eramana izan den jende hori guztia Etxe Arreari buruz susmurruak hedatu dituen jende bera izan zitekeela... eta han zegoela oro hain garbi? Hobe litzatekeela aldez aurretik bere etxe aurrea garbi dezatela? Ongi oroitzen naiz nola mutikoari esan diozun irratia utz dezan eta egunkaria irakur dezan, zure iritziz Hirugarren Reichko gazteriak bere inguruan gertatzen den aurrean begiak iriki behar dituelako.
SENARRA: Horrek guzti horrek ez du deusetarako ere balio.
EMAZTEA: Karl, ez zazu etsi. Gogorra izan behar duzu, Führerrek behin eta berriz esaten duen bezala.
SENARRA: Baina ezin naiteke presenta Tribunalaren aurrera eta ikusi nola lekukoen aulkian neure haragia bera dagoen, neure odola bera, neure kontra deklaratzen.
EMAZTEA: Gauzak ez dituzu horrela hartu behar.
SENARRA: Ez da zuhurtzia handia izan Klimbtschekin ibiltzea.
EMAZTEA: Baina Klimbtschi ez zitzaion ezer gertatu.
SENARRA: Bai, egia da. Baina inbestigazio bat egiten ari zaio.
EMAZTEA: Inbestigazio bat egiten ari zaien guztiak desesperatzen baldin badira...
SENARRA: Edifizioaren begiraleak gure kontra zerbait duela uste al duzu?
EMAZTEA: Interrogatzen baldin badute esan nahi al duzu? Bere urtebetetzean zigarro kaja bat eman genion bezuzaz eta Eguberrian ere izugarrizko erregalu bat eman genion.
SENARRA: Albokoak, Gauftarrak hamabost marko eman zizkioten.
EMAZTEA: Baina ez zazu ahantz 1932ean oraino “Vorwarts” irakurtzen zutela eta 1933ean botereaz jabetu zen ondoan, bandera beltz, zuri eta gorria jartzen zutela.
(Telefonoak hots egiten du.)
SENARRA: Telefonoa!
EMAZTEA: Ihardetsi eginen dut?
SENARRA: Ez dakit...
EMAZTEA: Nor ote da?
SENARRA: Itxaron apur bat... Berriz deitzen baldin badute, ihardets zaiozu. (Iguriki egiten dute. Telefonoak jotzeari uzten dio.)
SENARRA: Hau ez da bizimodua!
EMAZTEA: Karl!
SENARRA: Judas bat erditu duzu! Horra hor mahainean eseririk oro entzuten ari, ematen diogun sopa jaten ari den bitartean. Eta bere gurasoek berek esaten dutenaz oharra hartzen du, gero salatzeko! Salatari madarikatu horrek!
EMAZTEA: Ez zazu horrelakorik esan, debekatu egiten dizut. (Isilaldia.) Ez al duzu uste zerbait prestatu behar genukeela?
SENARRA: Uste duzu bat-batean etorriko direla harekin?
EMAZTEA: Baliteke?
EMAZTEA: Burdinezko Gurutzea jarri beharko nuke.
EMAZTEA: Bai, Karl, komeni litzateke. (GIZONA gurutzearen bila doa eta eskuak dardar dituelarik jartzen du.) Baina eskolan ez dute ezer zure kontra, ez da?
SENARRA: Nola nahi duzu jakin dezadan? Ni beti nago prest beraiek nahi dutena erakusteko, baina zer nahi dute irakats dezadan? Jakinen banu! Nik zer arraio dakit nola nahi duten presenta dezadan Bismarck? Eta testuko liburu berriak ateratzen luzatzen direnaz... Ez al genezake beste hamar marko eman neskameari? Egun guztia pasatzen du zer esaten dugun entzuten?
EMAZTEA: (Buruaz baietz eginez) Zer iruditzen zaizu, Hitleren erretratoa zure eskritorioaren gainean jarriko dugu? Horrela nabarmenkiago agertuko da.
SENARRA: Bai, hobe litzateke (EMAZTEA koadroa aldatzera doa.) baldin Klausek lekuz aldatu nahiaren gainean egin genuela esaten badie, froga bat litzateke ez dugula kontzientzia lasai demostratzeko.
(EMAZTEAk koadroa bere lekuan uzten du.)
SENARRA: Atea iriki al dute?
EMAZTEA: Ez dut ezer entzun.
SENARRA: Bai, norbaitek iriki du.
EMAZTEA: Karl! (Besarkatu egiten du.)
SENARRA: Lasai zaitez. Presta zaidazu arropa apur bat. (Kanpoko atea irikitzen dela entzuten da, bata bestearen aldamenean geldirik daude, gelaren bazter batetan. Atea irikitzen da. HAURRA sartzen da eskuan bilduma bat dakarrelarik. Isilunea.)
HAURRA: Zer gertatzen zaizue?
EMAZTEA: Non egon zara?
(HAURRAk txokolate kaja erakusten die.)
EMAZTEA: Txokolatea erostera baizen ez zara joan?
HAURRA: Jakina! Zer besterik egin nezakeen? (Txokolatea jaten duen bitartean gela iragaten du bazter batetatik bestera, begiradaz galdeginez.)
SENARRA: Egia esaten ote du?
(EMAZTEAk sorbalda jeikitzen du.)