21.
KONSIGNA
Haurren bila doaz
Eta reicha arren hiltzea sartzen die buruan
Multiplikatzeko taula grabatzen zaien bezala
Egia esan, hiltzea zailago da,
Baina haiek maisuaren ukabila ikustean
Beldurtitzat har ditzaten beldur dira.
(Chemnitz, 1937ean. Hitler-Gaztediaren batzokia. MUTIKO TALDE BAT, gehienak zorroetan gaserako maskara daramatelarik. ZENBAIT MUTIKO maskara ez duen bati so ari zaio, bakarrik aulki batetan dagoenari, ezpainak eten gabe higitzen, ikaskai bat buruz esaten balego bezala.)
LEHEN MUTILA: Egun ere ez du ekarri.
BIGARREN MUTILA: Bere amak ez dio erosten.
LEHENA: Baina nola ez du ikusten horrek arazoak ekartzen dizkiola?
HIRUGARRENA: Nola erosiko dio, ezin badu?
LEHENA: Eta lodiak dion gorrotoarekin!
BIGARRENA: Oraino konsigna estudiatzen ari da.
LAUGARRENA: Iragan dira lau aste eta bi perpaus baizen ez ditu buruz ikasi.
HIRUGARRENA: Eta aspaldidanik daki...
BIGARRENA: Baina gero ez daki esaten beldur delako.
LAUGARRENA: Farrez lehertzekoa da, izan ere (Deitu egiten du.) Pschierer, ba al dakik? (BOSGARREN MUTILAk, begiak jeikitzen ditu, aditzen du, baietz buruaz eta berriz ere estudiatzen ari da.)
BIGARRENA: Lodiak gorroto dio gaserako maskararik ekartzen ez duelako.
HIRUGARRENA: Hark dio zinemara lagundu nahi ez diolako dela.
LAUGARRENA: Entzun nuen horrelako zerbait. Egia ote?
BIGARRENA: Badaiteke. Neu ere ez nintzateke joanen zinemara lodiarekin. Baina enekin ez da ausartzen. Ene aitak izugarrizko iskanbila muntatuko ziokeen.
LEHENA: Kontuz, lodia! (MUTILAK bi lerro osatzen dituzte, zutik. TALDE BURUZAGIA sartzen da, lodixea. Hitlerdarren agurra egiten du.)
TALDE BURUZAGIA: Eman numeroak! Gaserako maskarak prest! Erne! (MUTILEK maskarak jartzen dituzte.) Batez ere konsigna! Nork esanen du? (Begirada lerroetan bila ari da zalantzatan balego bezala, gero, bat-batean.) Pschierer zuk, ongi dakizu eta! (MUTILA aurreratu egiten da, eta lerroen aitzinean jartzen. Guztiz zurbil dago.) Eta, zer? Ba al dakik?
BOSGARREN MUTILA: Bai, buruzagia.
TALDE BURUZAGIA: Orduan, aurrera! Lehen bertsoa!
BOSGARRENA:
Ikas zak heriori begiz begi behatzen!
Hori da gure garaiaren kontsigna
Batailaren alorrera bidalduko haute
Baina hik ez duk jakinen beldurra zer den.
TALDE BURUZAGIA: Ez zak kaltzontzilorik lohi! Aurrera iraun! Bigarren bertsoa!
BOSGARRENA:
Orduan, su eman, mozt, zauri,
Zedea bat baizen ez da...
(Ahantzi egiten zaio eta berriz hasten da. ZENBAIT MUTILek jasan egin behar du, farrez ez hasteko, ahoa eskuz estaliz.)
TALDE BURUZAGIA: Oraingoan ere ez duk ikasi ala?
BOSGARRENA: Bai, buruzagia!
TALDE BURUZAGIA: Segurki etxean beste gauza batzuk ikasten dituk, ez da? (Deihadarrez.) Segi!
BOSGARRENA:
Zedea bat baizen ez da... garaitia
Hadi aleman bat... arrenkurarik gabe... arrenkurarik gabe...
Hadi aleman bat... arrenkurarik gabe...
Begira zak zeure eginbide...heure aberria arren hil.
TALDE BURUZAGIA: Zail balitz bezala!