Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

22.
KASERNARA ALMERIAREN
BONBARDEOAREN BERRIA HELTZEN DA

 

Horra hor soldaduak

Sopa eta okela jatera gonbidatuak

Batailaren hesturan

“zeinen alde ari gara gerran”

Galde ez dezaten.

 

 

(Berlin, 1937ko otsailean. Kaserna batetako pasiloan. BI PROLETARI GAZTE inguruetara so, beldurrez. Bilduma bat daramate.)

 

LEHENA: Umore onez daude egun horiek, eh?

BIGARRENA: Bai. Espainia dela eta ez dela gerra egon baitaiteke.

LEHENA: Batzuk aurpegia zuri zuria zuten, gazta baino zuriago.

BIGARRENA: Bart Almeria bonbardeatu dutelako.

LEHENA: Non ote dago Almeria?

BIGARRENA: Non egon behar du? Espainian. Hitlerrek telegrafiatu zuen aleman gerrako barku batek Almeria bonbardeatuko zuela, bat-batean. Zihorrez. Hangoak gorriak zirelako, eta gorriak dardar jarri behar direlako Hirugarren Reicharen aitzinean. Orduan, gerra egon daiteke.

LEHENA: Beraz, hauek dira beldur.

BIGARRENA: Jakina baietz.

LEHENA: Eta zergatik ari dira orduan oihuka festa balitz bezala, beldur badira eta gazta bezain zuri badaude gerra egon daitekeela eta?

BIGARRENA: Jaia ukanen balute bezala deihadarka Hitlerek gerra nahi duelako ari dira.

LEHENA: Baina, haatik, Hitlerrek nahi duena nahi dute hauek ere.

BIGARRENA: Egia da (Isilaldia.)

LEHENA: Uste duzu irten ahal gaitezkeela.

BIGARRENA: Itxadon apur bat. Teniente zerriren batekin aurkituko bagina, badakik: agur daramaguna eta besteentzat iskanbila.

LEHENA: Bai kontsideratuak diren, eh? Egunero etortzen utziz.

BIGARRENA: Bai, zeren ez dira aberatsak. Badakite nolakoak pasatzen ari garen. Ene amak hamar marko irabazten ditu eta hiru gara etxen. Patatak eta patatak beti.

LEHENA: Baina hemengoek printzeek baino gehiago irensten dute. egun okela-kroketak.

BIGARRENA: Zenbat eman diate egun?

LEHENA: Zati bat, beti bezala. Zergatik?

BIGARRENA: Eni egun bi zati eman dizkidate.

LEHENA: Bai, zera! Ea erakutsi. Eni bat baino ez didate eman, ordea. (Bigarrenak bilduma irekitzen du eta barnean zer gordetzen duen erakusten dio.)

LEHENA: Zerbait berezia esan al diek?

BIGARRENA: Ez. “Egun on”, beti bezala.

LEHENA: Orduan, ez dut aditzen. Neuk ere beti bezala esan nien: Heil Hitler!

BIGARRENA: Arraroa duk. Eni bi zati eman dizkidate, bada.

LEHENA: Bai? Horrela? Bat-batean? Ez dut aditzen.

BIGARRENA: Orain, bai, goazen.

 

(Lasterka, anka egiten dute.)