Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

7.
ERITASUN PROFESIONALA

 

Horra hor mediku jaunak

Estatuaren zerbitzari fidelak

Hainbat pieza bakoitza ordaintzen diete

Eta berek borreroek bidaltzen dietena oro hartzen dute

Partxea jarri eta berriz igortzeko.

 

 

(Berlin, 1934ean. Karitateko ospitaleko areto batetan. Eri berri bat dakarte. MONJA BATek haren izena jartzen du ohearen burualdean dagoen arbel batetan. BI ERI mintzo ari dira.)

 

LEHEN ERIA: Zer du horrek?

BIGARREN ERIA: Ez diakiat. Osatze aretoan ikusi nian haren kamilaren alboan zain nengoenean, baina zer zuen galdegin nionean ez zidan erantzun. Haren gorputz osoa zauri bat huan.

LEHEN ERIA: Orduan, zertarako galdegin hion?

BIGARREN ERIA: Ez nintzen ohartu. Gero konturatu nintzen, osatzen ari zirenean.

MONJA BATEK: Isil! Mediku Irakaslea. (ZIRUJANOA sartzen da aretoan PRAKTIKANTEA eta MONJAK bere ondoan datozelarik. Ohe baten aitzinean gelditzen dira eta bere klasea ematen hasten da.)

ZIRUJANOA: Jaunak, horra hor demostrazio kategoriko bat emanen dizuen kasu bat: medizinak geldegiten ez duenean, ikertzen, eritasunaren kausa sakonenak eten gabe, aztertzen ez dituenean, eleketa eta solasketa hutsa baizen ez da. Eri honek neuralgia baten sintoma guztiak ditu, eta, luzaro, neuralgia duten erien tratamoldea jasan zuen. Baina, azken aldian, egiaz Raynauden eritasun bat zuela eriden genuen, aire konprimituaren fabrika batetan lanean ari zela hartu zuen eritasuna hain zuzen. Beraz, jaunak, eritasun profesional argi baten aitzinean gaude. Orain bai gaudela zuzenki tratatzeko paradan. Exenplu honek argiki erakusten du ez dela hartu behar eria mediku-aztertzearen gai soiltzat, eta, aitzitik, galdegin behar diogula geure buruari: Nondik dator eri hau? Non hartu zuen eritasun hori? Nora itzuliko da osatuz gero? Zeintzuk dira mediku on batek gogoan ukan behar dituen hiru gauzak? Lehena...

LEHEN PRAKTIKANTEA: Galdegin.

ZIRUJANOA: Bigarrena

BIGARREN PRAKTIKANTEA: Galdegin

ZIRUJANOA: Hirugarrena...

HIRUGARREN PRAKTIKANTEA: Galdegin, doktorea...

ZIRUJANOA: Ongi! Galdegin! Eta bereziki zertaz?...

HIRUGARREN PRAKTIKANTEA: Egoera sozialez, doktore jauna!

ZIRUJANOA: Ez da guztiz atsegingarri giza izaki bat azken finean ahitu eta deuseztu egin duen ogibide bat egiten ari dela egiaztatzea eta gosez ez hiltzeko, paradoxiko bada ere, bere burua hil behar duela. Zenbat jende dago prest egia horiei buru egiteko? Eta orduan nahiago dute ez galdegin. (Bere praktikante-gaiekin eri berriaren ohera joaten da.)

ZIRUJANOAK: Zer du gizon horrek? (MONJA NAGUSIAk zerbait diotsa belarrira.)

ZIRUJANOA: Ah, bai, eh! (Lasterka aztertzen du eta zerbait estali nahiean diktatzen du.) Bizkarrean eta iztarrean kolpeak. Enborrean zenbait zauri. Beste sintomarik?

SUPERIORAK: (Erakutsiz) Odola gernuan.

ZIRUJANOA: Sarrerako diagnostikoa.

SUPERIORA: Ezker aldeko giltzurrinaren urratzea.

ZIRUJANOA: Eraman ezazue bat-batean x izpien aretora (Apartatzeko keinua egiten du.)

HIRUGARREN PRAKTIKANTEA: (Eriaren fitxa eskribatzen ari) Eritasunaren etorkia, doktore jauna.

ZIRUJANOA: Zer dira haren txartelak?

SUPERIORA: Eritasunaren etorkia bezala hemen dio: eskaileretatik erortzea.

ZIRUJANOA: (Diktatzen ari) Eskaileretatik erortzea. Zergatik ditu eskuak loturik?

SUPERIORA: Eriak bi aldiz kendu dituelako bendak.

ZIRUJANOA: Zergatik?

LEHEN ERIA: (Ahapeka) Nondik dator eria eta nora doa? (Buru guztia harengana itzultzen dira.)

ZIRUJANOA: (Eztarria garbituz) Asaldatua ikusten baldin baduzu, emaiozu morfina (Besteengana hurbiltzen da.) Zer hobeki al gaude?

PRAKTIKANTE BATEK: (Besteari) Oranienburgoko kontzentrazio kanpotik dator.

BESTE PRAKTIKANTEA: (Irri trufatzaile batez) Bai, beste eritasun profesional kasu berri bat.