Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

20.
MENDIKO PREDIKUA

 

Beldurrak behartzen die kristauei

Bere hamar manamenduak lurperatzera

Eta ez badute egiten, trufa eta kolpeak

Dituzte pairatzen.

Ezin dezakete kristau izaten iraun

Idolo berriek haien bakezko jainkoa

Dute suntsitzen.

Haien judu etorkiko jainkoa.

 

 

(Lübeck, 1937. Arrantzale txabola baten gela bakarra. ARRANTZALEA ohean datza hil hurran. Ohearen buru aldean, EMAZTEA, SEMEA SAko uniformearekin eta APAIZ BAT.)

 

ARRANTZALEA: Esaidazu, arren, gero ba al dago ezer?

APAIZA: Dudaz egosia al zaude?

EMAZTEA: Aspaldi honetan eten gabe ari da esaten eta agintzen den guztiarekin orain ez dakiela zer sinetsi behar den. Ez zazu gaizki har.

APAIZA: Gero, bizitze eternala.

ARRANTZALEA: Eta bizitze eternala hobea al da?

APAIZA: Bai.

ARRANTZALEA: Hobea izan behar du.

EMAZTEA: Asko sufritu du.

APAIZA: Egon zaitez segur Jainkoak badakiela.

ARRANTZALEA: Berorrek baietz uste al du? (Isilaldi baten ondoan.) Han goian ahoa iriki ahal daiteke, ez da?

APAIZA: (Apur bat harriturik) Eskribaturik dago: fedeak mendiei higi erazten die. Ukan zazu fedea eta oro errezago izanen zaizu.

EMAZTEA: Ez beza pentsa, apaiz jauna, ez duela federik. Eskuharki jaun hartzea egin du (Bere SENARRAri.) Apaiz jaunak uste du ez duzula federik, baina zuk baduzu fedea, ez da?

ARRANTZALEA: Bai... (Isilaldi bat.) Baina, horrez gainera, ez dago ezer.

APAIZA: Zer esan nahi du horrez gainera ez dago ezer?

ARRANTZALEA: Horrez gainera, ez dago ezer. Ez? Esan nahi dut zerbait egon balitz, zer nahi den...

APAIZA: Zer egon behar zuen?

ARRANTZALEA: Zerbait...

APAIZA: Baina, hala ere, zuk zeure emazte maitea eta semea ukan dituzu.

EMAZTEA: Gu ukan gintzazun, ez da?

ARRANTZALEA: Bai... (Isilaldia.) Esan nahi dut, ene bizian beste zerbait jazo bazen, zer nahi...

APAIZA: Ez dizudala ongi ulertzen uste dut. Ez diguzu esanen zure bizia neketsu eta gogorra izan delako baizen ez duzula sinesten!

ARRANTZALEA: (Ingururan bila ari da soaz, bere SEMEA eriden arteino) Eta haientzat orain hobe izanen al da?

APAIZA: Nik motordun balandroren bat ukanez gero...

EMAZTEA: Ez zatez orain kezka bila hasi...

APAIZA: Ez zenukeen horrelakorik pentsa behar honelako memento honetan.

ARRANTZALEA: Behar handia dago.

EMAZTEA: Eskuratuko dugu.

ARRANTZALEA: Eta gerra hasten baldin bada.

EMAZTEA: Ez zazu horrelakorik esan honelako memento hauetan. (APAIZAri.) Azken bolada honetan bere semearekin beti aritzen zen gerraz mintzatzen. Gai horretaz ez dute ideia berdinak. (APAIZAk semeari so egiten dio.)

SEMEA: Honek ez du sinesten aberriaren birpiztean.

ARRANTZALEA: Esaidazu, goian dagoenak gerra egon dadin nahi al du?

APAIZA: Esana dago: zoriontsu bakezaleak...

SEMEA: Führerak ez du gerrarik nahi! (ARRANTZALEAk esku keinu bat egiten du, kontra jar ez diezaioten bezala.)

ARRANTZALEA: Orduan, gerrarik baldin badago... (SEMEAk mintzatu nahi du.)

AMA: Isilik orain.

ARRANTZALEA: (APAIZAri, bere SEMEA seinalatuz) Esaiozu bakezaleen perpaus hori!

APAIZA: Zuek guztiok Jainkoaren eskutan zaudete, ez zazue ahantz.

ARRANTZALEA: Esaiozu, arren.

EMAZTEA: Zuhurra izan behar duzu: apaizak ezin dezake ezer egin gerraren kontra. Honelako garai hauetan ez da mintzatu behar horrelako gauzetaz. Ez al da egia, apaiz jauna?

ARRANTZALEA: Berorrek badaki izurti batzuk direla. Ezin dezaket eriden motorrik neure barkurako. Motorrak abioientzat behar dituzte, gerrarako, hilketetarako. Eta eguraldi tzarra egiten duenean, ezin naiteke itzul, motorrik ez dudalako. Izurti aralde hori! Gerra prestatzen ari dira! (Erori egiten da ahiturik.)

EMAZTEA: (Beldurturik, palankana baten bila joan da, eta izerdia garbitzen hasten zaio zapi batekin) Ez zaiozu entzun. Ez daki zer esaten ari den.

APAIZA: Lasai zaitez. Cleasen jauna.

ARRANTZALEA: Esanen al dio bakezaleei buruzko perpaus hori?

APAIZA: (Isilaldi batez gero) Berak ere irakur dezake. Mendiko Predikuan.

ARRANTZALEA: Horrek dio hori denori judu batengandik datorrela eta ez duela baliorik.

EMAZTEA: Ez zaitez has berriz ere! Ez dira bere ideiak, bere lagunei entzuten diena baizen.

ARRANTZALEA: Bai (APAIZAri.) Ez du baliorik?

EMAZTEA: (Bere SEMEAri so irrikitsu batez) Joan, apaiz jaunari arazoak ekarriko dizkiozu. Ez zaiozu galdegin behar.

SEMEA: Zergatik ez du galdegin behar?

ARRANTZALEA: Balio al du ala ez?

APAIZA: (Isilaldi luze baten ondoan, penatuz) Eskribuetan ere badago eskribaturik: Emaiozu Jainkoari Jainkoarena eta Zesarri Zesarrena. (ARRANTZALEA erori egiten da. EMAZTEAk zapi hezeaz igurtzen dio bekokia.)