Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

16.
NEGUKO LAGUNTZA

 

Negurako laguntza filantropoak,

Bandera eta turutekin xiroen

Txaboletaraino heltzen dira.

Harro, hondakin eta soineko zaharrak ateratzen

Dituzte eta alboko xiroei ematen.

Eta anaiak zanpatzen dituen eskuak berak

Erremusina ematen die

Arrankurarik ere entzun ez dadin.

Baina xiroei ogi pusketa Heil Hitler! Entzutean

Okerreko eztarretik sartzen zaie.

 

 

(Karlsruhe, 1937an. ANDRE ZAHAR BATen gela. Zutik kausitzen da mahain baten aitzinean bere ALABArekin. Bi SA-EK negurako laguntzako paketea dakarkiete.)

 

LEHEN SA: Bai, amonatto, hori Führerak bidaltzen dizu.

BIGARREN SA: Gero zuengatik arduratzen ez dela esan.

ANDRE ZAHARRA: Eskerrik asko, eskerrik asko. Lursagarrak, Erna. Eta artilezko gona bat. Eta sagarrak.

LEHEN SA: Eta Führeren gutuna zerbait barnean duelarik. Zabal zazu zer den ikusteko.

ANDRE ZAHARRA: (Karta iriki ondoan) Bost marko. Eta orain zer esaten didazu, Erna?

BIGARREN SA: Neguko laguntza!

ANDRE ZAHARRA: Sagar bat hartu behar didazue, ene semetto, eta zuk ere bai. Hau guztia ekartzearren eta hainbat eskailera igoitearren. Ezin dezaket egin besterik. Neuk beste bat janen dut. (Sagar bati kosk egiten dio. GUZTIEK jaten dute, NESKAK ezik.)

ANDRE ZAHARRA: Har zan bat, Erna, ez hadi egon hor geldirik lerdo bat bezala. Badakusan ez dela hire senarrak esaten duen bezala.

LEHEN SA: Zer esaten du horren senarrak, bada?

ERNA: Deus ere ez, atsoen tontakeriak.

ANDRE ZAHARRA: Bai, jauna. Egia da beti esan ohi du ezer, bai, deus ez graberik, jakina, nork nahi hortikan surmurtzen joan ahal daitekeena. Prezioak apur bat igon direla azken bolada honetan. (Bere ALABA seinalatzen du sagarra duen eskuaz.) Berak kalkulatu du aurten bere kontuen liburuan ihaz baino ehun eta hogei eta hiru marko gehiago gastatu zituela janaritan. Ez al da egia, Erna? (Sakoek gaizki hartu dutela ikustean.) Baina, jakina, dirua behar da herria birhornitzeko, ez da? Zer pasatzen da? Zerbait tzarra esan al dut?

LEHEN SA: Non duzu eskutaturik zure kontu-liburua, gazte?

BIGARREN SA: Eta nori erakusten diozu?

ERNA: Etxean dut eta ez diot inori ere erakusten.

ANDRE ZAHARRA: Ez zaiozue aurpegira egotziko kontu-liburu bat eramateagatik.

LEHEN SA: Eta hortik irainak hedatzen ibiltzearren ere ez?

BIGARREN SA: Sartu ginenean, ez nion entzun ozenki Heil Hitler esaten, eta zuk?

ANDRE ZAHARRA: Jakina baietz, nola ez zuen esanen Heil Hitler, eta neuk ere esaten dut, Heil Hitler!

LEHEN SA: Marxista leize onean erori gara, Albert, Kontu-liburu hori astirokiago ikusi behar dugu. Lagundu zure etxera, arren. (GAZTEA besotik oratzen du.)

ANDRE ZAHARRA: Kontuz bere hirugarren hilabetetan baitago! Ez duzue horrelakorik egin behar! Zeuek ekarri zenituen sagarrak onartu dizkizue... Erna!... Heil Hitler esan zuela seguratzen dizuet... Zer egin ene Jainkoa! Heil Hitler! Heil Hitler! (Sagarra botatzen du, SA-KOAk ALABA eramanez irtetzen dira.) Heil Hitler!