Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

6.
ESKUBIDEAREN BILA

 

Horra hor juje jaunak

Bere jabeek esan zieten:

“Justua aleman herriarentzat onuratsu dena da”

Baina nola jakin zer den onuratsu?

Eta justizia administratu behar dute

Aleman herri guztia gartzelan kausitu arte.

 

 

(Augsburgen, 1934an. Justiziaren Jauregiko deliberamendu aretoan. Leiho batetatik urtarrileko goiz lainotsu bat idarokitzen da. Gasezko lanpara bat oraino pizturik dago. JUJEA toga janzten ari da. Atea jotzen dute.)

 

JUJEA: Aurrera! (Kriminaltasunari buruzko INSPEKTOREA sartzen da.)

INSPEKTOREA: Egun on, juje jauna!

JUJEA: Egun on, Tallinger jauna, Deit erazi egin nizun Haberle, Schünt eta Gaunitzeren judizioa gatik. Egia esan, kasu hori ez zait bat ere argi iruditzen.

INSPEKTOREA: ...?

JUJEA: Expedientearen irakurtzetik atera daiteke, gertakariak jazo ziren negozioa, Arndt Bitxitegia, juduen denda bat dela.

INSPEKTOREA: ...?

JUJEA: Haberle, Schünt eta Gaunitzer asaltoko zazpigarren sekziotakoak izaten al diraute? (INSPEKTOREAk baietz dio buruaz.)

JUJEA: Eta sekzioak ez al zuen disziplina-neurririk aplikatzeko bat ere ziorik eriden?

JUJEA: Auzoan gertakariak sor erazi zuen iskanbilatik deduzitzen dudanez, asaltoko sekzioak bere inbestigazioa eginen du, ez da? (INSPEKTOREAk bizkarra jasotzen du.)

JUJEA: Tallinger, arren, audientzia bukatu baino lehen egin zaidazu auziaren laburpen bat.

INSPEKTOREA: (Mekanikoki) Ihazko abenduaren bian, goizeko zortzirak zirela Asaltoko Sekzioko menbro diren Haberle, Schünt eta Gaunitzer Ardnt bitxitegian sartu ziren, Schelettow karrikan eta elkar hizketa labur baten ondoan, Arndt bitxisaltzailea, berrogeita hamalau urtetakoa, zauritu zuten buruaren aurkientza okzipitalean. Gertakari horiek zenbait kalte material ekarri zuten, orotara, mila berrehun eta hogeita hamar markotara igaten direnak. Poliziaren inbestigazioak, ihazko abenduaren 7an agindu zenaz geroztik, utzi egin digu egiazta ditzagun...

JUJEA: Tallinger jauna, hori guztiori expedientean eskribaturik dagoena baizik ez da. (Haserre erakusten dio akusazioaren akta, orrialde bat baizik ez baitu.) Akusazio gutun hau neure bizi guztian ikusi dudan gauzarik azalekoen eta ahulena da. Eta aspaldi honetan ez didate balaku handirik egin! Baina, tira, zuk distazun guztia hemen dago. Espero nuen auzi honetan argi ez zeuden gauzak emanen zenizkidazula ezagutzera.

INSPEKTOREA: Jakina, baietz, Juje jauna.

JUJEA: Orduan, zer?

INSPEKTOREA: Egia da, auziak ez du ezer ilunik, Juje jauna.

JUJEA: Ez didazu esanen auzi hau ozen eta klara denik, Tallinger.

INSPEKTOREA: Ez, horixe ezetz.

JUJEA: Dirudienez, zenbait bitxi desagertu zen burrukan. Eriden al zuten?

INSPEKTOREA: Ez, nik dakidanez, behintzat.

JUJEA: ...?

INSPEKTOREA: Juje jauna, nik familia bat dut.

JUJEA: Neuk ere bai, Tallinger.

INSPEKTOREA: Jakina (Isilaldi bat.) Baina, ... zera... pasatzen da... zera...Arndt judua dela.

JUJEA: Izenak berak ematen du ezagutzera.

INSPEKTOREA: Jakina. Denbora batetan auzoan esaten zen dena auzi sexual bat zela, antza... arrazen arteko erlazio kriminalak, aditzen didazu, ez da?

JUJEA: (Argi bat ikusiz) Ah! Eta nortzuk zeuden auzi horretan?

INSPEKTOREA: Arndten alaba. Hemeretzi urte ditu eta polita dela diote.

JUJEA: Justiziak parte hartu al zuen?

INSPEKTOREA: Ez, surrumurrua bat-batean ezabatu zen.

JUJEA: Nork hedatu zuen?

INSPEKTOREA: Edifizioaren jabeak, Von Miehl jaunak.

JUJEA: Segur aski judua etxetik egozteko izanen zen.

INSPEKTOREA: Horixe pentsa genuen hasera batetan. Baina, dirudienez, handik gutitara ukatu egin zuen.

JUJEA: Beno, dena dela, horrek azalduko luke auzoan Arndten kontrako grina apur bat dagoela, eta SA gazteak abertzale-haserre batek edo eraginda...

INSPEKTOREA: Ez dut uste, Juje jauna (Deliberamendu handi batez.)

JUJEA: Zer uste duzu orduan?

INSPEKTOREA: Haberle, Schunt eta Gaunitzer arraza-krimen hori ezagutzera eman nahi ukaitea.

JUJEA: Zergatik ez?

INSPEKTOREA: Esana dizut ario horren izena ez zela behin ere aipatu expedientean Jainkoak daki nor izan zitekeen. Ario talde handi bat dagoen lakuan kausi zitekeen, ez al da egia? Beno, eta non dago ario talde handi bat? Laburtuz, asaltoko sekzioak ez du nahi historia hau auzipean jar izan dadin.

JUJEA: (Urduri) Eta zertarako aipatu didazu?

INSPEKTOREA: Familia zenuela esan zenidalako. Auzipean jar ez dezan. Edo auzoko lekukoren bati argitara ateratzea bururatzen bazaion, nahiz ez den guztiz erraza.

JUJEA: Orain konprenitzen dut. Baina, horretaz landa, ezin dezaket esan anitz aditzen dudanik.

INSPEKTOREA: Zu, gure artean, uste dut nahiago dela gauza askorik ez aditzea.

JUJEA: Bai, hori ez da zail esaten, baina nik sententzia bat eman behar dut.

INSPEKTOREA: Jakina.

JUJEA: Zutik gelditzen den hipotesi bakarra Arndt horren oldarketa zuzen eta berehalako bat da. Bestela iskanbila hori konpreni ezina iruditzen zait.

INSPEKTOREA: Erabat ados nator, Juje jauna.

JUJEA: Baina nola izan ziren akuilatuak SAkoak?

INSPEKTOREA: Esan zutenez, Arndtez beraz gainera elurra garbitzen ari zen beste gizon bat ere bazegoen, hark deitu zuena. Beti deklaratu zutenez, garagardoa edatera zoazen, eta dendaren aurretik iragatean, Arndte eta langabeak Wagner deritzanak- bitxitegiko atetik iraindu zituzten.

JUJEA: Ez dute lekukorik ukanen, ez da?

INSPEKTOREA: Bada„ bai. Von Miehle, etxearen jabeak esan zuen bere leihotik ikusi zuela nola Wagner langabe horrek SAkoak probokatzen zituen. Horrez gainera, Stau edo bat dago, Arndten sozio denak arratsalde hartan bertan aurkeztu zena sekzioaren egoitzan eta, Haberle, Schünt eta Gaunitzeren aurrean aitortu zuen bere aitzinean Arndt bere sozioa beti ari dela SAkoez gaizki mintzatzen.

JUJEA: Ongi! Ongi! Horrela, bada, Arndtek sozio bat du. Ario al da?

INSPEKTOREA: Jakina! Nola pentsa dezakezu judu bat erabiliko zuela estalkitzat.

JUJEA: Baina haren sozioak ez du haren kontra deklaratuko...

INSPEKTOREA: (Maliziaz) Agian, bai...

JUJEA: (Haserre) Nola? Arndtek probokatu zuela Haberle, Schtint eta Gaunitzeren oldarketa egiaztatzen baldin bada, Arndt eta Stauk ezin ukanen dezakete presenta demandarik kalteak gatik.

INSPEKTOREA: Eta nondik ateratzen duzu Stau horrelako demandaren bat presentatuko duela?

JUJEA: Orain bai ez dudala deus ere aditzen. Baina, ez al da haren sozioa?

INSPEKTOREA: Horrexegatik, bada.

JUJEA: ...?

INSPEKTOREA: Eriden al ukan dugu —nahiz oraino ez ofizialki— Stau jaunak Asaltoko Sekzioan ateak zabalik dituela. Dirudienez, SAko menbroa izan da, oraino ez bada. Hargatik hartu zuen Arndt soziotzat, antza. Stau lehen ere behin egona da sarturik horrelako auzi batetan, SAek bisitatu bat egin zutenean norbaiten etxera. Orduangoan ez zuten ongi hautatu auziaren arduradun izan behar zuen jujea eta lan anitz kosta zuen expedientea lurperatzeak. Jakina, nik ezin dezaket baietz Stauk berak kasu honetan,...zera... Dena dela, hobe da honetaz ez desfidatzea. Komentario hauek guztiok, arren konfidentzialak bezala har itzazu. Hori esan badizut zure familiaz mintzatzen hasi zarelako baizen ez da izan.

JUJEA: (Baietz buruaz) Baina ez dut ikusten zer interes ukan dezakeen Stauk bere negozioak hamaika mila markotako kalte bat paira dezan.

INSPEKTOREA: Bai, bitxiak lurrak irentsi zituen. Eta ez dut uste Haberle, Schünt eta Gaunitzeren eskutan egonen direnik. Eta saldu ere ez dituzte egin.

JUJEA: Bai zera...

INSPEKTOREA: Argiki dago, Arndtek egiaz akuilatu zituela frogatzen baldin bada ezin daiteke exigi Stauri haren alde jar dadin, sozio bezala. Eta Arndt orduan kalteen erantzule izanen ez zenez, Stauri indemnizatu behar ukanen lioke. Argiki al dago?

JUJEA: Guztiz argiki (Une batez INSPEKTOREA begiratzen gelditzen da gogoetan, honek berriz ere enplegatu aire bat hartzen duelarik.) Bai, uste dut guzti honetatik ikus dezakegula Arndtek akuilatu zituela SAkoak. Gizon hori, dirudienez, guztiekin haserratu baita. Ez al zenidan esan haren alabaren portaera iskanbilatsuak jabearen kexa bat sor erazi zuela? Bai, badakit auzi hori ez dela atera behar. Baina suposa al daiteke mundu guztiak pozik egonen litzatekeela ahalbait lasterren etxetik egozten bada. Eskerrik asko, Tallinger, zerbitzu handi bat eman didazu (JUJEAk zigarro bat eskaintzen dio INSPEKTOREAri. Hau, irtetzerakoan, FISKALArekin gurutzatzen da orduantxe sartzen baita.)

AKUSATZAILEA: Mintza al naiteke zurekin apur batez?

JUJEA: (Sagar bat zuritzen hasten da) Bai, jakina.

AKUSATZAILEA: Haberle, Schtint eta Gaunitzeren auziaz da.

JUJEA: (Sagarra zuritzen dirau) Bai?...

AKUSATZAILEA: Auzia aski argiki dago, baina...

JUJEA: Bai. Egia esan, ez dakit nola hasi zuten juje-egintza bat, zertarako ekarri duten jujearengana.

AKUSATZAILEA: Nola? Auzo osoan atera zuen habarrotsarekin... Are buruzagiek berek ere uste zuten kasu horrek inbestigazio bat behar zuela.

JUJEA: Juduen probokazio kasu argi bat da, besterik ez.

AKUSATZAILEA: Ez zaude zuzen, Gol jauna. Ez duzu pentsatzen gure akusazio aktei arreta handiago bat eman behar zaiola, nahiz apur bat laburrak diren... Ikusten dut zu sinple samarra zarenez soluziorik errazenetara eroriko zinela. Baina, kontuz! Ea laban egiten duzun eta Pomeraniako hondarretara ohartu baino lehen joaten zaren. Eta oraindik bertotik seguratzen dizut Pomeranian ez zarela gustora egonen.

JUJEA: (Sagarra jateari utziz, harriturik) Egia esan, ez dizut aditzen. Ez didazu esanen Arndt juduari desenkusatzeko asmoa duzula.

AKUSATZAILEA: Eta hori balitz ene asmoa zer? Gizon horrek ez zuen ukan behin ere zirikatzeko asmorik. Judua dela eta ezin dakiokeela justiziarik egin Hirugarren Reicheko tribunal batetan uste al duzu? Arrazonamendu bereziak egiten ari zara, Gol jauna.

JUJEA: Nik ez dut egiten bat ere arrazonamendurik. Haberle, Schünt eta Gaunitzer probokatuak izan zirela hipotesia defendatu besterik ez dut egiten.

AKUSATZAILEA: Arndtek ez zien probokatu, lan gabe horrek baizen. Nola deritza? Ah, bai, Wagner!

JUJEA: baina, zure akusazioan ez dago bat ere hitzik gizon horretaz, Spitz jauna.

AKUSATZAILEA: Ez, jakina, Fiskaliak entzun zuen SA batzuk Arndt atakatu zutela eta, bere egitekoa den bezala, jokatu zuen. Baina Von Miehl lekukoa agertzen baldin bada eta deklaratzen Arndt ez zegoela karrikan burruka memento hartan eta lan gabe hori, nola deritza? Bai, Wagnerek SA oihuz iraindu zituela, kontutan hartu beharko da haren lekukotasuna.

JUJEA: (Hodeietatik erortzen da) Von Miehlek hori deklaratuko du? Baina etxearen jabea da eta Arndt egotzi nahi du, ordea. Ez du bere interesen kontra deklaratuko.

AKUSATZAILEA: Zer duzu orain Von Miehleren aurka? Zergatik ez du egia esanen zin-pean? Agian zuk ez dukezu jakinen Miehle, SStakoa izanez gainera, erlazio beregainekoa dituela Justizia Ministerioarekin. Ene aholkua gizon prestutzat ukan zazula da, Gol jauna.

JUJEA: Horixe egiten dut. Azken finean egun ez daiteke zuhureztzat ukan bere etxean judu baten negozioa ukan nahi ez duena.

AKUSATZAILEA: (Segurantza handi batez) Gizonak bere alokairua pagatzen duen bitartean.

JUJEA: (Maliziaz) Baina, diotenez, orain baino lehen ere denuntziatu omen du beste auzi bategatik.

AKUSATZAILEA: Ah! Zuk ere bazenekien... Baina zergatik uste duzu horrela egotzi nahi zuela? Ez zaitez ahantz, gero akusazioa erretiratu zuela. Eta horrek biak hartu-eman on batetan daudela ematen du aditzera. Ez deritzazu horrela. Ea, Goll jauna, ez zaitez mozola izan!

JUJEA: (Orain egiaz haserreturik) Spitza jauna, gauza ez da hain sinplea! Nik uste nuen sozioak defendatu egiten zuela eta orain segur aski akusatu eginen du, eta jabeak, lehen denuntziatu zuenak, orain, aldiz, defendatu eginen du. Hori da nahastea!

AKUSATZAILEA: Eta zertarako hartzen dugu alokairua?

JUJEA: Xit nahaspilatua da auzi hori!.. Zigarro bat? (AKUSATZAILEAk habano bat hartzen du. Isilik erretzen dute, JUJEA, goibel, kausa aztertzen hasten da.)

JUJEA: Baldin Tribunalak Arndt ez dela probokazioaren egilea baiezten badu, honek demanda bat jar dezake SAkoen kontra kalteak gatik.

AKUSATZAILEA: Lehenik, ezin daitezke SAkoak demanda, Haberle, Schünt eta Gaunitzen baizen eta hori gehienik. Lan gabe hori demandatzen ez badu... nola arraio deritza? Ah! Bai, Wagner (Indarrez.) Bigarrenik: SAkoen kontra auzi bat hasi orduko ongi pentsatuko du...

JUJEA: Non dago oraino?

AKUSATZAILEA: Hospitalean.

JUJEA: Eta Wagner?

AKUSATZAILEA: Kontzentrazio kanpo batetan.

JUJEA: (Apur bat lasaiago) Bai, gauzak horrela, uste du Arndtek ez duela SAkoak demandatzeko interes handirik. Eta Wagnerek ere ez du errepikatuko bere hogen gabetasuna. Baina judua kulpa eta hogenik gabe gelditzen baldin bada, SAkoak ez dira lasai geldituko.

AKUSATZAILEA: Baldin Tribunalak SAkoak zirikatuak izan zirela baiezten badu, haiei bost axola judu nahiz marxista batek zirikatu dien ala ez.

JUJEA: (Guztiz konbentziturik) Hori ikusi egin behar izanen da. Wagner lan gabearen eta SAkoen arteko liskarrean, bitxitegiak kalte batzuk pairatu zituen, eta kalte hauen erantzunkizuna Asaltuko Sekzioaren bizkarrera eroriko da.

AKUSATZAILEA: Eta... ezin da ukan oro batera. Ezina izanen zaizu mundu guztia batera kontentatzea, Goll jauna. Orduan erabaki egin beharko duzu noren alde jartzen zaren, eta horretarako zure abertzale sentimenduak gidatu beharko zaitu. Segura al dezakezun bakarra esfera nazional batzutan —eta SAko kargu hierarkiko garai batzuez ari naiz— espero du jujea bortitz izan dadin.

JUJEA: (Hasperen bat botaz) Ez didazu ukatuko, Spitza jauna, egungo egunean, eskubidearen bilatzea, ez dela gauza xit aisea.

AKUSATZAILEA: Erabat ados natorkizu. Baina gure Justizia Ministroaren definizio miresgarri batez idaroki zaitezke: “Justo, aleman herriarentzat onuratsu dena da”.

JUJEA: (Adore handirik gabe) Bai, bai.

AKUSATZAILEA: Bereziki, ez zazu bat ere beldurrik ukan (Jeiki egiten da.) Badaki auzi honen berri eta ez dut uste eragozpen handirik jarriko duenik. Gero arte, Goll jauna (Irten egiten da, JUJEA, haserre samar, une batez leihoaren alboan egonen da. Gero, expedienteari so bat egiten dio, despistaturik. Azkenean, tinbrea jotzen du. ORDENANTZA BAT sartzen da.)

JUJEA: Joan zaitez lekukoen aretora eta esaiozu Tallinger inspektoreari etor dadila. Saia zaitez atentziorik ez deitzen. (ORDENANTZA irtetzen da. INSPEKTOREA sartzen.)

JUJEA: Tallinger, auzia Arndten probokazio bat bezala kontsideratzeko eman didazun aholkuarekin nahaste izugarri batetan sartu nintzen. Dirudienez, Von Miehlen zin-pean deklaratzeko prest dago probokatzailea ez zela Arndt izan, Wagner lan gabea baizik.

INSPEKTOREA: Bai, horixe entzun dut nik ere, Juje jauna.

JUJEA: Zer nahi du esan “horixe entzun dut nik ere”?

INSPEKTOREA: Irainak Wagnerek egin zituela.

JUJEA: Eta ez al da egia?

INSPEKTOREA: Juje jauna, egia den ala ez, ezin dezakegu...

JUJEA: Entzun, arren: alemana Justiziaren Jauregi batetan kausitzen zara... Wagnerek aitortu egin zuen ala ez?

INSPEKTOREA: Juje jauna, esan diezakizudan gauza bakarra ni neu ez nintzela egon kontzentrazio kanpoan da. Baina jakin dut han poliziaren indagatoria bat egin zela eta Wagnerek gintzurretan min tupusteko batzuk ukan zituela, eta horien ondoan deklaratu zuela. Baina, guztiarekin ere...

JUJEA: Ah! Aitortu egin zuen. Eta zer nahi duzu esan “Baina, guztiarekin ere” horrez?

INSPEKTOREA: Azken gerran Wagneri bala bat sartu zioten eztarrian. Stauk deklaratu zuenaren arauera —oroitzen al zara? Arndten sozioak— hori dela eta ezin dezake gora boza. Orduan, bada, nola zezakeen Von Miehlek, lehen pisoan egonik, Wagnerek irain egiten zuela entzun? Egia esan, ez deritzat...

JUJEA: Hara, bada, orduan. Esan daiteke inor iraintzeko ez dela behar boz handirik, keinu bat aski izan daiteke. Uste dut Akusatzailea SAkoei zentzu horretako itzurpide bat prestatzen ari zaiela, edo, are zehatzago, zentzu horretan eta ez beste ezeinetan ere.

INSPEKTOREA: Jakina, Juje jauna.

JUJEA: Zer deklaratu zuen Arndtek?

INSPEKTOREA: Han ez zela egon ere eta buruan dadukan zauria eskaileretatik erortzerakoan egin zuela. Ezin daiteke besterik atera.

JUJEA: Orok sinets erazten du, bada, gizon hori hogen gabe dela, ez duela parterik auzi honetan.

INSPEKTOREA: (Solegiturik) Jakina, Juje jauna.

JUJEA: Eta SAkoei aski izanen zaie bere jendea absolba ditzaten.

INSPEKTOREA: Jakina, Juje jauna.

JUJEA: Ez errepikatu “Jakina, Juje jauna” gramofono bat bazina bezala.

INSPEKTOREA: Jakina, Juje jauna.

JUJEA: Zer idaroki nahi duzu Tallinger? Ez zaitez haserre enekin, arren. Ulertuko duzu, urduri nago eta kontseilu bat eman baldin bazenidan, zerbait gaitik izanen zen...

INSPEKTOREA: (Ontasunera eroriz, bere pentsua aditzera ematera deliberatzen da) Ez zitzaizun bururatuko Akusatzaile jaunak interesen bat ukan zezakeela zure karguaz jabetzeko eta hargatik sare bat prestatzen ari dela? Maiz gertatzen dira horrelako gauzak bizi garen garai hauetan... Demagun, Juje jauna, zuk judizioan judua hogen gabe dela erabakitzen duzula. Ez du inor probokatu. Are gehiago, dendan ere ez zegoen. Zauri bat hartu zuen buruan menturaz beste baten batekin beste liskar batetan. Handik egun batzuetara Arndt negoziora itzultzen da. Stauk ezin diezaioke eragotz. Baina kontutan ukan behar da negozioak hamaika mila markoetako kalte bat pairatu duela, eta hori Staurentzat berarentzat ere kalte handi bat dela, zeren zure erabakiaren ondorioz, ezin baitziezaioke sekula erreklama Andrti. Orduan, Stau ezaguturik, suposatu behar da mendekatzera entseiatuko dela eta SArik liskar bat muntatuko diola bitxiak direla eta ez direla... jakina, ez du hori denori agerriz eginen, judu baten sozio bezala, estalki bat baizen ez dela egotz baitiezaioke aurpegira. Baina, jende batez balia daiteke segurki. Eta guztiek esanen dute SAkoek ohore nazionala defendatzeko abertzale klar batez, iragaitzeaz bezala, bitxiak ebatsi zituztela. Pentsa dezakezu SAk zer uste izanen duen zure erabaki horretaz... Kaleko gizonak ere ez du adituko. Zeren Hirugarren Reichen judu batek nola ukan dezake arrazoi SAkoen aurka? (Duela memento batetatik kanpoan zarata geroago handiago bat entzuten da.)

JUJEA: Zer habarrots da hori? Itxadon apur bat, Tallinger (Tinbrea jotzen du. ORDENANTZA sartzen da.) Jakin al daiteke zer den hots hori?

ORDENANTZA: Aretoa bete beterik dago. Pasiloetatik iragan ere ezin daiteke egin, hain daude jende beteak. Eta orotarik ikusten dira SAkoak, audientziara joateko ordena dutela eta pasa egin behar dutela esaten. (Irten egiten da. JUJEA beldur.)

INSPEKTOREA: (Iraun egiten du) Ezin ukanen duzu horietatik askatu, egiatan. Nahi al duzu kontseilu on bat? Kondena zazu Arndt eta utz baketan SAkoak.

JUJEA: (Eseri egiten da, nekaturik, burua beso artean hartuz) Ongi, Tallinger. Hausnartu egin behar dut.

INSPEKTOREA. Beharrezko dela deritzat, Juje jauna (Ilki egiten da. JUJEA ezerian ezerian jeikitzen da eta tinbrea jotzen du. ORDENANTZA sartzen da berriz.)

JUJEA: Abisa zaiozu Fey ganbaralariari apur batez ikusi nahi dudala (ORDENANTZA irtetzen da. Jujearen NESKAMEA sartzen da gosaria pakete batetan dakarkiolarik.)

NESKAMEA: Noizbait burua bera galdu behar duzu, jauna. Korreji ezina zara, izan ere. Zer ahaztu zaizu egun? Ea, pentsa zazu: printzipalena! (Bilduma ematen dio.) Gosaria! Gero Brezels erostera joan behar duzu eta beroak egonen dira eta tripako minak ukanen dituzu joan astean bezala. Ez duzu bat ere arretarik zeure buruaz.

JUJEA: Ongi dago, Maria.

NESKAMEA: la ezin izan naiz iragan ere, Justiziaren jauregi osoa prozesura etorri diren SAkoez betea baitago. Baina egun ikusiko dute zer den ona, ez al da egia? Jende guztiak esaten zuen hori harategian. Zori onez oraino justizia dago. Dendari gaiso bat horrela zihortzea, bat ere arrazoirik gabe. Asaltoko Sekzioan erdiak preso izanak dira, auzo guztiak ezagutzen ditu. Gure justizia gatik ez balitz katedraleko dorreak berak ere ebatsiko zituzketen. Hori guzti hori eraztunak gatik egin zuten. Aitarik batek, Haberle demonio horrek emaztegai bat du, egun zortzi oraino erdi emagaldu bat zena. Eta Wagner eztarrian bala bat duelako lan gabe dagoen gaiso horri ere kristonak eman zizkioten elurra kentzen ari zenean; guztiok ikusi genuen. Orain disimulatu ere ez dute egiten, jende guztia izu erazten ari dira eta ahoa irikitzen dutenei sare bat botatzen diete eta kolpez josten.

JUJEA: Ongi dago, Maria. Orain joan zaitez!

NESKAMEA: Harategia esaten nienez: Juje jaunak emanen die merezi dutena. Ez dut arrazoi, ala? Pertsona prestu guztiak daude zure alde, egon zaitezke segur, Juje jauna. Eta ez zazu hain agudoki jan, kalte eginen zaizu eta. Ez da ona osasunerako. Beno, orain banoa ez zaitut gehiago molestatuko, audientzara joan behar duzu eta. Eta ez zaitez judizioan nerbioso jar. Hobe da aurretik jan ez ezazun, bi minutu gorabehera, horrela lasai janen duzu gero, eta ez tripa nahasiekin. Kontuz ibili behar duzu. Osasuna baita batek duen gauzarik hoberena. Hara, banoa, ikusten dut audientzara joateko gogoa duzula eta nik almazenera joan behar dut oraino. (NESKAMEA irtetzen da. FEY GANBARALARIA sartzen da, JUJEAren adiskide den magistratu zahar bat.)

JUJEA: Memento bat baldin baduzu, zurekin mintzatu nahi nuke apur batez. Egun goizean kasu guztiz konplikatu bat baitut.

GANBARALARIA: (Jezarri egiten da) Bai SAkoen auzi hori.

JUJEA: (Aretotik bere joan etorria eten eginez) Nola dakizu?

GANBARALARIA: Atzo arratsaldean ganbaran komentatzen ari zirelako. Ez da auzi xit desiragarria.

JUJEA: (Harat-honat ibiltzen hasten da berriz) Zer zioeten?

GANBARALARIA: Ez duzu inoren bekazteriarik. (Jakin min handi batez.) Zer eginen duzu?

JUJEA: Horixe da, bada, ez dakidana, gainera, ez nuen uste kasu hau horren ezaguna zenik.

GANBARALARIA: (Harriturik) Ez?

JUJEA: Sozioak gizon perilos bat dela dirudi.

GANBARALARIA: Horrela dirudi, bai. Baina Von Miehle hori ere ez omen da filantropo bat.

JUJEA: Ba al dakizu ezer gizon horretaz?

GANBARALARIA: Bai, apur bat. Erlazio xit onak omen ditu (Isilunea.)

JUJEA: Guztiz garaiak?

GANBARALARIA: Bai, guztiz (Isilaldia.)

GANBARALARIA: (Zuhurtziaz) Judua aparte uzten baldin baduzu eta Haberle, Schunt eta Gaunitzer lan gabe horrek zirikatu zituela eta absolbatzen SAkoak kontent geldituko dira. Dena dela, gainera, Arndtek ez ditu SAkoak demandatuko.

JUJEA: (Urduri) Baina Arndten sozioak bai, SAkoei bitxiak eskatuko dizkie eta SAko buruzagitza guztia ene kontra jarriko da, Fey.

GANBARALARIA: (Argudio hori hausnartu ondoan) Baina judua aparte uzten ez baldin baduzu, Von Miehlek hezurrak hautsiko dizkizu, gutienez. Ez al dakizu Arndtek bankuan Miehlek sinatutako pagareak dituela? Von Miehlek Arndten beharra du, naufrago batek ohola batena bezainbat.

JUJEA: (Izuturik) Pagareak! (Atea jotzen dute.)

GANBARALARIA: Aurrera!

 

(ORDENANTZA sartzen da.)

 

ORDENANTZA: Ez dakit zer egin Akusatzaile jeneralari eta Apelazioetako Ganbarako Presidentari bi kadira uzteko. Baldin jaunek esan nahi badidazue...

GANBARALARIA: (JUJEA isilik dirauela ikustean) Utz itzazu bi kadira eta kito.

JUJEA: Horixe bakarrik falta zitzaidan!

GANBARALARIA: Von Miehlek ezin dezake inola ere onar Arndt kondena dezaten. Haren premia bizia baitu.

JUJEA: (Lur jota) Behi esneduntzat.

GANBARALARIA: Nik ez horrelakorik esan, Goll jauna. Ez dut aditzen nola atribui diezakidazuen horrelako pentsurik. Argiki utzi nahi dut nik ez dudala Miehle jaunaren kontra hitzik ere esan. Sentitzen dut horrelako deklarazio bat egitea, Goll jauna, baina...

JUJEA: (Urduri) Baina, Fey, nola har dezakezu gauza horrela, gure artean dagoen adiskidegoarekin!

GANBARALARIA:”Gure artean dagoen adiskidegoarekin”. Zer esan nahi duzu? Ez naizela zure arazoetan sartuko uste al duzu. Kasua Justizia Ministerioaren alde ala SAkoen alde nahi duzun bukatu zure auzia baizen ez da. Egungo egunean nork bere burua baino kontseilari hoberik ez baitu.

JUJEA: Neronek ere ez dut nerau baino kontseilari hoberik. Baina oraingoan ez dakit zer kontseilu eman neure buruari. (Ataondoan geldirik dago eta kanpoko habarrotsa entzuten du.)

GANBARALARIA: Tamalgarri da, zinez.

JUJEA: (Nekaturik) Baina zer nahirako prest dago... Hala ene Jainkoa! Ez al duzu konprenitzen? Nola aldatu zara! Neure erabakia nola eskatzen diaten, hala emanen dut, baina horretarako zer eskatzen didaten jakin behar dut! Eta hori ez badakit, jadanik justiziak ez du existitzen!

GANBARALARIA: Ni zure lekuan banengo, Goll, ez nuke oihukatuko ez duela justiziak existitzen.

JUJEA: Zer esan dut orain? Ez da pentsatzen dudana. Esan nahi dudana da horrelako kontraesan horiek planteatzen direnean...

GANBARALARIA: Hirugarren Reichean ez dago kontraesanik.

JUJEA: Jakina ezetz. Baina nik ez dut hori esan. Ez itzazu horrela neur ene hitzak.

GANBARALARIA: Zergaitik ez? Horretarako naiz jujea.

JUJEA: (Izerdiz beterik) Juje bakoitzaren hitz bakoitza neurtu beharko balitz, Fey jauna!... Prest nago oro are arreta handiago batez aztertzera, zehetasun handienaz baina esan egin behar didate zein den interes nagusiei dagokien erabakia. Ikus zagun. Judua bere negozioarekin uzten badut... jabea haserretuko da, ez, sozioa, hasi naiz konfunditzen... eta baldin probokazioa lan gabe dagoenak egin zuela esaten badut, jabea, nola deritza?... Von Miehlek, orduan, zera ukanen duke... Ezin zezakete munduko azken bazterretara egotz, hernia bat baitut, ez dut SAkoen haginetan ikusi nahi neure burua; gainera, familia dut. Ene emazteari erraz izanen zaio gertakariak egiatan jazo ziren bezala ezarri behar ditudala esaten. Baina, orduan, gutien jazoko zaidana ospitale batetan itzartzea litzateke. Oldarketaz mintzatuko naiz? Probokazio hitza erabiliko dut? Orduan zer nahi dute? Argiki dago ez dudala SAkoak kondenatu nahi, judua edo lan gabea baizik. Baina biotatik zein? Lan gabearen eta juduaren artean, hau da, sozioaren eta jabearen artean nor hautatu? Ez naiz joanen Pomeraniara inola ere, Fey, nahiago dut kontzentrazio kanpo bat! Ez behatu horrela, Fey, ni ez naiz akusatua. Zer nahi egiteko prest nago.

GANBARALARIA: (Jeiki egiten da): Zer nahirako prest egotea ez da guztia, lagun.

JUJEA: Baina, orduan, nola judika daiteke?

GANBARALARIA: Oro har, Goll jauna, juje bati hori bere kontzientziak esaten dio. Ez zazu inoiz behin ere ahantz... Zure zerbitzutan...

JUJEA: Bai, bada. “Kontzientziarekin eta kontzientziaz judikatuko duzue”. Baina kasu berezi honetan zein bide hautatu behar dut? Zein, Fey?

 

(GANBARALARIA irten egiten da. JUJEA, hitzik bat ere esan gabe, ateari so gelditzen da. Telefonoak hots egiten du.)

 

JUJEA: (Telefonoa hartuz) Bai, Emmi?... Sentitzen zutela esan zuten, baina ezin zirela joan... nora? Hiru erregen egunean eginen dugun batzarrera? Norena zen komunikazio hori? Priestnitz, lehen instantziako jujearena? Baina, nola daki... zer esan nahi du horrek? Sententzia eman behar dut.

 

(Telefonoa ezkegitzen du. ORDENANTZA sartzen da. Pasiloetako zarata handia da.)

 

ORDENANTZA: Haberle, Schünt, Gaunitzer, juje jauna.

JUJEA: (Expedientea bilatzen du) Hemen dago.

ORDENANTZA: Apelazioetako Ganbarako Presidenta prentsako mahaian jarri dut. Gustora gelditu da. Baina Akusatzaile jeneralak ez du lekukoen aulkian jezarri izan nahi. Juje jaunaren kadiran nahi luke jezarri. Baina orduan Juje jaunak akusatuen aulkitik zuzendu behar ukanen luke audientzia. (Irri egiten du, inozo batek bezala.)

JUJEA: Horrelakorik, sekula ere!

ORDENANTZA: Hemendik, Juje jauna. Baina non jarri duzu akusazioaren aktaren karpeta?

JUJEA: (Erabat mareaturik) Bai, behar dut. Bestela, ez dut jakinen nor den akusatua. Zer eginen dugu Akusatzaile jeneralarekin?

ORDENANTZA: Baina besapean daramazuna telefonoen gidaria da, ordea. Juje jauna. Hona hemen zure karpeta.

 

(Galtzarpean jartzen dio. JUJEA irten egiten da, bekokia lehortuz. Urduri.)