18.
NEKAZARIA BERE AHARDIARI
JANARIA EMATEN
Horra hor nekazaria, bere haserre keinuekin
Ez diote pagatzen bere garaua gatik
Baina bere zerriemea egarri denean
Garesti ordaindu behar du esnea
Nekazaria haserre dago.
(Aichach, 1937an. Baserri bat. Gaua da. Nekazaria zerri tokiaren aitzinean, bere EMAZTE eta BI SEMEEI egoera explikatzen ari.)
NEKAZARIA: Ez dut inoiz auzi honetan nahas zareten nahi ukan, baina orain eriden nauzue eta ahoa hertsirik ukan beharko duzue. Bestela, zuen aita Landsbergo gartzelara eramanen dute eta ez gehiago etxera itzuliko. Ez da krimen bat abereari gose denean jaten ematea. Jainkoak ez du nahi bere kreaturak gose diren. Zeren gose direnean garrasika hasten baita eta nik ezin dut jasan neure kortan ahardi bat garrasika aritzea gosez ia hilik. Ez dut elikatzeko eskubiderik. Estatuak ez du uzten. Eta elikatzen ez baldin badut, hil eginen da, kaltedun neu izanen naiz eta inork ere ez dit indemnizatuko.
ETXEKO ANDREAK: Ados nator zurekin. Gure garaua geurea da. Eta kirten horiek ez dute zertan etorri beharrik gurera ordenak ematera. Juduak egotzi dituzte, bai, baina judurik gaiztoena eta handiena Estatua bera da. Esan zuen apaiz jaunak ongi: “Ez zaiok jar muturrekorik golde nabarretan ari den idiari”. Horrela esan nahiz animaliei janaria eman al dakiela. Eskatu genion haien lau urtetarako plana eta ez ziguten tutik ere esan.
NEKAZARIA: Arrazoi dun. Haiek ez daude nekazariekin eta nekazariak ez daude haiekin. Nik neure garaua dohainik eman behar dut eta gero abereentzako janaria izugarrizko preziotan erosi behar. Jaun handiak kainoiak eros ahal ditzan.
ETXEKO ANDREAK: Toni, joan zaitez, hasiaren albora eta zu, Mari, alorrean. Inor datorrela ikusten baldin baduzue, bat-batean abisatu. (HAURRAk esan dien lekuetan jartzen dira. NEKAZARIA ahardiarentzako zaperoa prestatzen hasten da eta, inguruetara begiratu ondoan, beldurrez, zerritegira eramaten du. Haren EMAZTEA ere beldurrez begiratzen ari da.)
NEKAZARIA: (Ahardiari janaria ematen ari) Tori, irents zan, Lina. Heil Hitler! Kreatura gose denean Estatua pikutara.