Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

3.
KLARIONEZKO GURUTZEA

 

Zakur talde bat bezala,

SAk bere anaien ondoan doaz

eta aberatsen oinetara egozten dituzte

Gero besoa gora agurtzen dute

esku odolez gorritu batez.

 

 

(Berlin, 1933ean. Gela luxozko batetako sukaldean. SA BAT, SUKALDARI ANDREA, ZERBITZARISA, XOFERRA.)

 

NESKAMEA: Egia al da ordu erdi bat baizen ez duzunik?

SA: Gau-exerzizioa!

SUKALDARIA: Razzia bat, segur aski.

SA: Gustatuko zitzaizuen jakitea, ez da? Baina ene ahotik ez duzue ezer ere jakinen. Ez zaitezte amurik botatzen ari, ez dut kosik eginen eta.

NESKAMEA: Eta oraino Reinickendorfera joan behar al duzu?

SA: Reinickemdor edo Rummelsburgera, edo agian Lichterfeldera.

NESKAMEA: (Harriturik) Joan orduko ezer jan nahi al duzu?

SA: Ez dut sekula errepikatzen uzten zerbait jatera gonbidatzen nautenean. (SUKALDARIAk bandeja bat dakar.) Bai, isilik egoten jakin behar da! Etsaia beti sorpresaz atrapatzen jakin, gutien uste dutenean atakatzen. Hara Führera, bestela! Kolperen bat prestatzen ari denean. Sinets ezina! Ezin daiteke jakin deus ere aldez aurretik! Segurki ere berak ere ez du jakinen. Eta gero, bat-batean, kito! Gauzarik fantasiatsuena. Hargatik daude dardar gure aitzinean. (Zapia lepotik lotzen du eta aiztoa eta tenedorea harturik, esaten du.) Anna! Jabeak ez dira berehala etorriko, ez da? Eta ni hemen harro harro aho guztia maionesaz beterik (aho guztia maionesaz betea balu bezala, ahoberokeriaz.) Heil Hitler!

NESKAMEA: Ez, beti deitzen dute aldez aurretik kotxea eskatzeko. Ez al da egia, Francke, jauna?

XOFERRA: Nola? Ah! Bai, jakina (Lasaiturik SA jaten hasten da.)

NESKAMEA: (Haren aldamenean eseririk) Ez al zaude nekaturik?

SA: Bai, leherturik.

NESKAMEA: Baina ostiralean libre egonen haiz, ez da?

SA: Deus gertatzen ez baldin bada.

NESKAMEA: Erlojua konpontzea badakizu zenbat kosta zitzaidan, eh? Lau marko.

SA: Hori bai dela ebasketa!

NESKAMEA: Eta erloju guztiak hamabi marko baino gehiago kosta ez zitzaidanean!

SA: Botikako mutilak molestatzen al dirau?

NESKAMEA: Ene Jainkoa!

SA: Esatea besterik ez duzu.

NESKAMEA: Nik dena esaten dizut, ordea. Jarri al dituzu bota berriak?

SA: (Adore handirik gabe) Bai, zergatik?

NESKAMEA: Minna, ikusi al dituzu Theoren bota berriak?

SUKALDARIA: Ez.

NESKAMEA: Erakuts itzaiozu, Theo! Eman berri dizkiotenak dira (SA, jateari uzteko, bernak luzatzen ditu bere botak erakusteko.)

NESKAMEA: Politak dira, ez da? (SA toki guztietara begira ari da, zerbaiten bila bezala.)

SUKALDARIA: Ezer behar al duzu?

SA: Hau nolabait buzti beharko litzateke.

NESKAMEA: Nahi al duzu garagardorik. Oraintxe ekarriko dizut.

 

(Agudoki irtetzen da.)

 

SUKALDARIA: Zugatik, hiltzera emanen luke bere burua, Theo jauna!

SA: Bai, enekin horrelakoa izan behar da. Zut, guztiz zutik, zuzen, ibili behar da.

SUKALDARIA: Zuek gizonok gauza anitz permeta dezakezue.

SA: Eta emakumeek atsegin dute. (SUKALDARIAk ontzi pisu handi bat jeikitzen du.) Bizkar hezurra hautsiko zaizu. Lagundu eginen dizut. (Ontzia eramaten du.)

SUKALDARIA: Maitagarria zara arras. Beti erideten duzu laguntzeko parada.

            (XOFERRAri so eginez.) Denak ez dira hain delikatuak.

SA: Ez zaizu horrenbeste habarrots egin. Gustora egiten dugu (Sukaldeko atea jotzen dute.)

SUKALDARIA: Ene anaia da. Irratirako lanpara bat ekarriko du, segur aski (Bere anaiari sar erazten dio, LANGILE BAT da.) Ba al dakark lanpara?

LANGILEA: Bai.

SUKALDARIA: Oraintxe berton jarriko al didak? (BIAK irtetzen dira.)

SA: Zer jende modua da hori?

XOFERRA: Lan gabe dagoen bat.

SA: Maiz etortzen al da?

XOFERRA: (Sorbalda jeikiz) Gutitan egoten naiz hemen.

SA: Baina potola horrek bere pisua balio du erregimenarekiko fidelitateari dagokionaz, ez da?

XOFERRA: Urre gorri garbia da.

SA: Nahiz horrek ez duen esan nahi bere anaia bestelako ez den.

XOFERRA: Zerbaitetan susmorik al duzu?

SA: Nik? Sekula ere ez. Nik ez dut inoiz susmorik edukitzen. Susmo bat ia segurantza bat bezalako baita. Eta orduan, erne!

XOFERRA: (Ahapeka, bere kolkorako) zuzen ibili behar da!

SA: Bai, horixe (Atzerantz makurtzen delarik, begi keinu bat eginez.) Entzun al zenuen susmurruz esaten zuena? (LANGILEAren agurra imitatuz.) Agian “Heil Hitler!” esan duke. Baina ez nago xit segur. Ez ditut bat ere atsegin horrelako morroiak. (Farre egiten du goraki, SUKALDARIA eta LANGILEA itzultzen dira. Hark zerbait ematen dio jateko.)

SUKALDARIA: Ene anaia iaioa da irratiarekin. Eta, hala ere, ez du inoiz ere entzuten, ez zaio laket. Ni, ordea, astirik banu, egun guztiaz egonen nintzateke entzuten, gau eta egun (LANGILEAri.) Eta, hi, Frantz, ez da izanen astia falta zaialako, eh?

SA: Egiaz? Irrati bat du eta ez du entzuten?

LANGILEA: Zenbaitetan, musika apur bat.

SUKALDARIA: Hiruzpalau tramankulu merkeez irrati aparteko bat egin zuen.

SA: Zenbat lanparatakoa?

LANGILEA: (Begiz begi begiratuz, desafiozko keinuz) Laukoa

SA: Eta gustoei dagokienaz (XOFERRAri.) Ez al deritzazu?

XOFERRA: Nola? Bai, jakina.

NESKAMEA: (Garagardoarekin itzultzen da) Hotz hotza dago.

SA: (Bere eskua haren eskuaren gainean jarriz) Baina, nekaturik zaude. Iguriki nezakeen. (NESKAMEAk baso bat ematen dio.)

NESKAMEA: Ez da ezer. (LANGILEAri eskua ematen dio.) Ekarri al duzu lanpara. Baina, eser zaitez apur bat. Segur aski bide osoa oinez egin duzu, (SAri.) Moabitetik etortzen da.

SA: Non dago ene garagardoa? Norbaitek edan du ene garagardoa. (XOFERRAri.) Zu izan al zara? Zuk hartu al duzu?

XOFERRA: Nik? Ez. Nolako ateraldia! Esan ere! Non dago garagardo hori?

NESKAMEA: Neronek zerbitzatu dizut, ordea!

SA: (SUKALDARIAri) Orduan, zeuk edan duzu ene garagardoa! (Farre egiten du goraki.) Beno, beno, ez zaitezte estu, lasai. Gure sekzioan modatan dagoen tranpa bat da. Garagardoa inor konturatu gabe edaten da (LANGILEAri.) Zerbait esatera al zinoan?

LANGILEA: Ez da truko guztiz berria, ez da?

SA: Egin zazu, orduan, (Baso bat ematen dio.)

LANGILEA: Beno, hona hemen garagardoa (Basoa jeikitzen du.) Eta orain, erne, trukoa. (Lasaiki edaten du eta plazer handi ozen batez.)

SUKALDARIA: Baina, guztiok ikusi dugu.

LANGILEA: (Ahoa lehortuz) Bai? Orduan, gaizki irtenen zitzaidan (XOFERRAk farre egiten du goraki.)

SA. Ez dakit nola iruditzen zaizun horri irrigarri! Zeri egiten diozu farre?

LANGILEA: Arrazoi duzu. Garagardorik gabe, trukoa ezin daiteke egin. Baina, arren, iraun zazu, zuek bat baino gehiago ezagutu behar duzue ezinbestez.

SA: Nortzu dira “zuek”?

LANGILEA: Zuek, gazteok, nahi dut esan.

SA: Ah!

NESKAMEA: Baina, Theo, ez al duzu ikusten Lincke jaunaren adarjotze bat zela?

LANGILEA: (Gibelerat jotzen komenigarri dela ikusiz) Ez duzu gaizki hartuko, ez da?

SUKALDARIA: Beste garagardo bat ekarriko dizut.

SA: Berdin da. Honekin aski izan zait eztarria hezitzeko.

SUKALDARIA: Theo jaunak ongi aditzen ditu bromak.

SA: (LANGILEAri) Zergaitik ez zara jezartzen? Guk ez dugu inor jaten. (LANGILEA eseri egiten da.) Bizi eta bizitzen utzi. Eta noiz behinka adarjotzeren bat. Zergaitik ez? Iritzien gainean baizen ez gara hertsiak.

SUKALDARIA: Beharrezko al da hori?

LANGILEA: Eta nola dago iritzia memento honetan?

SA: Iritzia? Ongi, guztiz ongi. Ez al zaude akort enekin?

LANGILEA: Bai, baina iruditzen zait inork ere ez duela esaten uste duena.

SA: Inork ere ez? Zergaitik ez? Eni esaten didate.

LANGILEA: Egiatan? Bai zera!

SA: Denak ez dira oldez etorriko banan banan zer uste duten esatera, jakina. Baina badaude bideak hori ezagutzeko ere.

LANGILEA: Ezagutzeko? Non?

SA: Bada, adibidez, lan gaberik daudenek bere txartelak seilatzera joaten diren bulegoetan. Goiz oroz joaten gara Lan-bulegoetara.

LANGILEA: Bai, han baliteke norbait haserre hastea.

SA: Bai, noski.

LANGILEA: Baina, norbait atrapa orduko, segiduan konturatzen dira nortzuk zareen eta beste gainerako guztiak ez dira deus esatera ausartzen.

SA: Nortzuk garen? Ni inork ere identifikatzen ez nauela demostratuko dizut. Tranpak gustatzen zaizkizunez, bat erakutsiko dizut; besteak beste, anitz dugu eta. Ni ez naiz errepikatzen nekatzen: jende hori triunfo guztiak geuk ditugula eskuan ohartuko balitz, konturatuko lirateke ez dutela bat ere posibilitaterik eta etsi eginen lukete.

NESKAMEA: Ea, Theo, nola egiten da?

SA: Beno, demagun Münstzstrasseko lan bulegoan kausitzen garela (LANGILEAri so.) Zu lerroan zaude ene aitzinean. Baina aldez aurretik zerbait prestatu behar dut. (Irten egiten da.)

LANGILEA: (Begi keinu bat eginez XOFERRAri) Azkenean jakinen dugu nola egiten duten.

SUKALDARIA: Azkenean marxista guztiak eridenen dituzte. Ezin dezakegu utzi oro desorganiza dezaten.

LANGILEA: Bai...

 

(SA itzultzen da.)

 

SA: Ni zibil jantzirik nagoela pentsatu behar duzue, jakina...

            (LANGILEAri.) Orain has zaitezte protestatzen.

LANGILEA: Protestatzen? Eta zertaz?

SA: Ez duzu azpikeriarik zergatik egin beharrik. Denek dute zerbait kritikatzeko.

LANGILEA: Nik ez!

SA: Ez zazu tontoarena egin. Ez didazu esanen oro guztiz ongi, ezin hobe dagoenik.

LANGILEA: Eta zergaitik ez?

SA: Horrela ez goaz inora ere. Zuk laguntzen ez baldin badidazu ez dago jokurik.

LANGILEA: Arrazoi duzu. Ahoa zikintzera noa. “Hemen alferrik gaituzte, gure denborak ezer ez baluke balio bezala. Rummelsburgetik etortzeko galtzen ditudan bi orduak kontatu gabe...”

SA: Horrek ez du ezertarako ere balio. Rummelsburtikako Münstzsatrasserako bidea orain, Hirugarren Reichko garaietan, ez da Weimar jaunaren Errepublikaren garaian baino luzeago. Ea, bada, delibera zaitez!

SUKALDARIA: Ea, Frantz, teatropaper bat jokatzen arituko bazina bezala. Ongi dakigu guztiok hemen esaten duzunak ez duela bat ere zerrikusirik zure egiazko ideiekin.

NESKAMEA: Demagun, nolabait esazu konformagaitz baten papera jokatzen ari zarela. Theok ez du gaitzetsiko, fida zaitez honengan. Bere truko famatua erakutsi besterik ez du nahi.

LANGILEA: Horrela baldin bada, tira. Hara zer diodan: “SA guztiak, lehenetik azkeneraino uzkitik pasatzen ditut. Marxista eta juduekin nago!”

SUKALDARIA: Franz!

NESKAMEA: Horren beste ez, Licke jauna!

SA: Horrelako disparaterik esaten baldin baduzu, lehen agenteak deteni dezan egiten dut, eta kito. Ez duzu bat ere imajinaziorik. Zentzu bikun batetan interpreta al daitekeen zerbait esan behar duzu, elkar hizketa arrontetan entzun daitekeen zerbait.

LANGILEA: Bai, konprenitzen dut. Baina orduan akuilatu egin behar nauzu.

SA: Aspaldidanik probokazioak eta akuilatzeak ez du zertarako balio. Baina, tira, Gure Führera munduan existitu duen gizonik handiena da. Napoleon eta Jesukristo berak elkarturik baino handiago”. Zuk orduan gehienik ihardetsiko didazu “Segur aski”. Orduan nik beste era batez oldartzen dut, esanez, adibidez, “Handia ahoa baizik ez dute. horretan bai direla maisuak! Ezagutzen al duzu Goebbels eta bi zorrien txistea! Ez? Beno: behin bi zorrirek dema bat egin zuten ea zein heltzen zen lehenen ahoaren bazter batetatik bestera. Ba al dakizu nork irabazi zuen? Bada, buruaren atzetik buelta eman zuenak: horixe baita biderik laburrena”.

XOFERRA: Bai, eh? (DENEK farre egiten dute.)

SA: Beno, orain zeuri tokatzen zaizu hitz bat arriskatzea.

LANGILEA: Ez duzu nahi ukanen zuk txiste hori esan duzula eta ni orain bridarik gabe has nadin mintzatzen, ez da? Nork seguratzen dit zu ez zarela salatari bat?

NESKAMEA: Arrazoi du, Theo.

SA: Gertatzen dena da zuek kakati batzuk zaretela. Azkenean ene baitatik aterako nauzue. Inor ere ez da ausartzen hitzik ere esatera.

LANGILEA: Baina esaten duzun hori egiaz pentsatzen duzuna al da? Horrela benetan pentsatzen al duzu ala jokuaren parte bat al da?

SA: Ez lan-bulegoan esaten dut.

LANGILEA: Baldin zuk lan-bulegoan esaten baduzu, nik lan-bulegoan ihardesten dizut: Batek ahal duenean, zuhurra izan behar du. Ez naiz oilo bat eta ez dut errebolberarik.

SA: Zuhurtziaz hainbat mintzo zarenez, zerbait esan behar dizut, lagun. Zuhurra zara, bai, eta, gero, bat-batean behin Lanaren Zerbitzu borondatezkoan kausitzen zara.

LANGILEA: Eta zuhur baldin bazara?

SA: Beno, bada, bai eta ere. Aitortu beharra dago. Baina, kasu horretan, “bolontari” bezala zaude. Hori beste gauza bat da, ez da?

LANGILEA: Baina, gerta daiteke ere oraino zu beste gizon are ausartago batekin aurkitzea, eta biok Lan-bulegoan ordu anitzetan egotea, eta zuk halako moldez so egiten diozu zure begi urdin horiekin, non hura zerbait esatera ausartzen baita Lanaren Zerbitzu Bolontariaz. Ea zer esanen zukeen? Behar bada, honelako zerbait: “ Atzo beste hamabost joan ziren. Sekula ez dut konprenitu nola lortzen duten hara joan daitezen. Zerbitzu borondatezko bat da, ez da?... Eta, guztiarekin ere, hala ere, lanegiten dutenean ezer egiten ez dutenean baino gutiago jaten dute, nahiz lanegiten dutenean jateko gehiago behar. Baina behin doktorraren eta katuaren ipuina kontatu zidaten eta orduan aditu nuen oro” Ezagutzen al duzu ipuin hori?

SA: Ez, ez dut ezagutzen.

LANGILEA: “Alaitasunerako Indarra” erakunderako egiten duen bidaia batetan, Ley jauna Weimar Errepublikako dirudun batekin aurkitzen da, ez naiz oroitzen haren izenaz. Hori kontzentrazio kanpo batetan ere gerta zitekeen, baina Ley doktorra zuhurra da oso, eta ez dut inoiz ere, iragaten kontzentrazio kanporik... Orduan dirudunak galdegiten dio nola konpontzen den langileek orain irents dezaten lehenago usain egin ere nahi ez zutena. Ley doktorrak eguzkitan bueltaka ari den katu bat erakusten dio eta esaten: “Demagun katu horri mustarda pilo handi bat irents erazi desiratzen diozula nahi eta nahi ez. Zer eginen zenuke. Dirudunak mustarda hartzen du ahoan eta sartzen dio indarrez. Baina, katu gaisoak, ez lerdo ez nagi, aurpegira ihaurtikatzen dio. Ezin dio irents erazi inola ere. Saiatzen da bere indar guztiaz, baina alferrik, atzaparkatu egiten baitu! Ah, lagun zaharra, diotso Ley doktorrak bere handi-nahi aireaz, horrela ez duzu sekula ere lortuko. “Beha hona”. Oratzen du animalia gaisoa eta, hartzen du mustarda beste eskuan eta begi-hertsireki batetan, ipurdian jartzen dio (EMAKUMEEI.) Barka zaidazue, baina ipuina horrelaxe da. Katua, harri eta zur, min handia ematen diola, aringarri bila ari da eta ez du beste hoberik erideten mustarda edoskitzea baino “Ikusten, lagun zaharra —diotso Ley doktorrak dirudunari, garaitiar aireaz—, orain irentsi egiten du. Eta bolontariki eta nahiaren gainean” (DENAK farrez hasten dira.) Bai, irrigarria da.

SA: Beno, orain hobekixe goaz. Lanaren Zerbitzu borondatezkoa modatan dagoen gai bat. Baina tzarrena da inork ere ez duela jasaten. Nahi baldin badute kaka emanen digute jaten eta denok eskerrak ematen iraunen dugu.

LANGILEA: Ez, hori ez da egia. Duela zenbait egun, Alexanderplatzen kausitzen nintzela dudatan Lanaren Zerbitzu Bolontarian presentatu ala hurrengo txandan bidal nazaten iguriki, andre zahartto bat ikusi nuen denda batetatik irtetzen zela, proletari baten emazte, antza. Geldi! Diotsat, noizdanik daude proletariak Hirugarren Reichean? Ez al dugu guztiok komunitate nazionala osatzen are Thyseen eta Kruppek ere! Ah, ez! Hori ezin daiteke, diost berak, margarina garestiagotu dute, berrogeita hamar pfenigtik marko batetara! Ez didazu esanen hori komunitate nazionalak egin duela, ez da? Ene andrea- diotsat- ibil zaitez kontuz ene aurrean diozunarekin, ni nazional sozialista bainaiz hezurretaraino. Hezurrak bai —dio—, baina haragirik bat ere ez, eta hirinean zahia. Horrelako disparate bat esatera ausartu zen, eh? Orduan ni orroaka hasi nintzen. Beno, eta zergatik ez duzu erosten koiperik? Hobea da osasunerako. Jatekoarekin ez da ekonomiarik egin behar. Kontu handiaz ibili behar da jatekoarekin. Horrela nazioaren indarrak ahultzen dira eta ezin dezakegu horrelako luxorik permeta inguratzen gaituzten etsai guztiekin. Are funtzionari garaienak ere ohar erazten digute hortaz. Denok gara naziak —diost berak— eta azken haspereneraino izanen gara. Eta hori ere laster gerta daiteke, gerra, oilar batek kukurruku egiteko behar duen denbora baino gutiagoan lehertuko baita. Baina duela egun batzuk diosten sofarik hoberena Neguko Laguntzari eman nahi ukan nionean (Dagoen lehengaiaren gabeziarekin ez bainintzateke harrituko Goeringek lur gainean lo egin behar lukeela.) badakizu zer erantzun zidaten? Nahiago zutela piano bat “Alaitasunaren indarretzat”. Sofarekin eta guzti joan nintzen eta kantoiko salerosketa negozioan saldu nuen. Libra erdi koipe erosteko nuen gogoarekin! Eta esnetegian esaten didate: “Egun ez dinagu esnerik, lagun! nahi al dun kainoi bat. Emaidazu kainoi hori orduan, dio berak. Eta nik erantzuten diot: Baina, zertarako behar duzu kainoi bat? Urdaila kainoiez bete nahi al duzu? Ez, diost, baina gosez hil behar dudanez, hobe da oro suntsitzea, zikinkeria guzti hau deuseztea. Hitleren gandik hasita... Nola? Diotsat izuturik, nola? Hitlerengandik hasita diost —garaituko ditugu frantzesak. Eskuratu dugu nafta artiletik egitea! Eta artilea? Diotsat: Artilea, naftaz egiten dugu! Eta artilea bai behar dugula! Menturaz Neguko Laguntzara aitzinako bezalako puska on bat heltzen denean, zuzendariak bat-batean atrapatzen dute, diost. Baldin Hitlerrek jakinen balu... baina Hitlerrek ez daki ezer inozo bat baita, Kolegio Nazionala behin ere ez zuen ikusi eta... Nik ez nekien zer esan disparate pilo hori aurpegira egotzi zidanean. Andrea- esan nion- itxaron hementxe apur batez komisariara joan behar baitut. Sinetsiko didazu agente batekin itzuli nintzanean, ez zidala iguriki ikusi nuela? (Adarra jotzeari utziz.) Eta orain zer diostazu?

SA: Zer esan dezaket nik?... Haserre so egin diezaizuket ala esan: “Agente baten bila joan zinen, eh? Baina zuri ezin dakizuke benetan mintza!

LANGILEA: Ezin daiteke. Enekin ez dago zereginik. Baldin zerbait fidatzen bazait kito! Nik badazagut zein den neure egitekoa erregimenari buruz eta are neure amak berak ere belarrira zerbait susmurruz esaten badit, margarinaren prezioaz edo beste edozertaz, bat-batean noa neure sekziora salatzera. Etor dakidala neure anaia bere Lanaren Zerbitzu Bolontariaz gaitzesten eta ikusi du nola entregatzen dudan zalantzarik ere gabe? Neure emaztegaiari dagokionaz seme bat egin diotela lan-kanpoan, Heil Hitler oihukatuz idazten badit, poliziak begira dezala eginen nuke. Utikan abortoak! Horrela ez baldin badugu jokatzen, baldin geuk guztiok ez badugu zaintzen geure haragia eta odola, Hirugarren Reicha gauza guztien gainetik hain maite duguna, suntsitu eginen da. Eta? Zer moduz? Aurrera al doa aktore bezala? Pozik al zaude enekin?

SA: Uste dut aski dela (Jokuari darrikio.) Orain joan zaitez lasaiki zure txartelan zigilua jar dezaten. Guztiok konprenitzen dugu, ez al da egia, lagunak? Fida zaitezke nigan, adiskidea, mutu bainaiz, hilobi bat bezain mutu (Bizkarrean kolpe batzuk ematen dizkio eta jokuari uzten.) Orduan bulegoan sartzen zara eta bat-batean detenitzen zaituzte.

LANGILEA: Zu herronkatik ere irten gabe ene ondotik etortzeko?

SA: Herronkatik ere irten gabe.

LANGILEA: Norbait susmogarri dagoela inori ere keinurik egin gabe? Eta nola egiten duzu?

SA: Hori bai dela trukoa ezagutzeko gogoa! Eh? Etor zaitez hona eta eman bizkarra (Lepotik hartzen du eta buelta bat eman dezan egiten, denek bizkarra ikus diezaioten. NESKAMEAri.) Ikusten al duzu?

NESKAMEA: Gurutze bat du! Gurutze zuri bat!

SUKALDARIA: Bizkarrean.

XOFERRA: Egia da.

SA: Nola agertu da hor? (Eskuarrea erakusten du.) Hona hemen tamaina naturalean kalkulatu dudan gurutze zuria (LANGILEAk xaka kentzen du eta gurutzea aztertzen.) Ez dago gaizki, eh? Beti daramat klarion bat, batek trebe izan behar du. Ez dago errezetarik gauza guztietarako (Pozik.) Eta orain, goazen Reinickendorfera (Bere burua zuzenduz.) Izeko bat bizi da han. Zer, ez zaudete guztiz adoreturik eh? (NESKAMEAri.) Zergaitik jartzen duzu aurpegi hori? Anna? Ez duzu aditu tranpa, ala?

NESKAMEA: Nola ezetz, aditu nuen, ez naiz lerdoa.

SA: (Festa bukatua balego bezala, eskua luzatzen du) Garbi zaidazu eskua. (NESKAMEAk garbitu egiten dio.)

SUKALDARIA: Ez dago beste biderik: bide horiez baliatu beharra dago, gure Führerak eraiki duen oro nahi baitute suntsitu zeharo.

XOFERRA: Zer diozu? Bai, arrazoi duzu (Erlojua ateratzen du.) Autoa garbitzera noa. Heil Hitler! (Irten egiten da.)

SA: Nolako jende modua da hori?

LANGILEA: (Jeikiz) Minna, neu ere banoa. Eta ez zitez enekin haserra garagardoa gatik. Konbentzitu egin nauzula aitortu egin behar dut. Hirugarren Reicharen kontra ezer egin nahi duena galdurik dago, eta hori lasaigarria da. Nik neuk ez dut bat ere kontaktorik desordenako elementu bihurri horiekin. Baina, horrelakoren bat atrapatzen badut! Nahiz ez ukan zure odol hotza! Agur, eskerrik asko, Minna, Heil Hitler!

GUZTIAK: Heil Hitler!

SA: Nahi al duzu aholku bat, adiskide? Ez zaitez izan hain mozoloa, bestela jende guztia erreparatzen da eta. Enekin ez duzu horrenbeste itzuli-ingururekin ibili behar. Broma zalea naiz. Agur, Heil Hitier! (LANGILEA joan egiten da.) Kezkati gelditu dira, eh? Oinetan zinurriak balituzke bezala. Ez nuen Reinickendorf aipatu behar. Beti daude zelatan eta, zakurrak bezala.

NESKAMEA: Zerbait eskatu nahi dizut, Theo.

SA: Bota.

SUKALDARIA: Arropak hartzera noa. Neu ere izana naiz gaztea eta (Irten egiten da.)

SA: Zer jasotzen da?

NESKAMEA: Esanen dizut, baina haserretzen ez baldin bazara, bestela ahoa ere ez dut irekiko.

SA: Ongi dago, Bota.

NESKAMEA: Zera..., ez da berri ona... Aurrezki Kutxan dugunetik hogei marko behar ditut.

SA: Hogei marko?

NESKAMEA: Hara. Haserretu zara.

SA: Aurrezki Kutxatik hogei marko ateratzeak ez nau zertan poztu behar. Zertarako behar dituzu hogei marko?

NESKAMEA: Nahiago nuke ez esan.

SA: Nola ezetz? Ez deritzazu apur bat arraroa hori?

NESKAMEA: Badakit ez zarela ados etorriko nirekin eta nahiago dut ez esan.

SA: Nigan fidantzarik ez baduzu...

NESKAMEA: Badakizu zugan fidantza handia dudala.

SA: Orduan, zer? Aurrezki Kutxarekin gure kontua bukatu nahi al duzu?

NESKAMEA: Nola pentsa dezakezu horrelakorik? Gainera, baldin nik hogei marko ateratzen baditut, oraino larogeita hamazazpi geldituko zaizkit.

SA: Zein ongi kalkulaturik duzu oro, eh? Neuk ere badakit zenbat dugun. Baina konprenitzen dudan bakarra enekin moztu nahi duzula da. Segur aski beste bat ukanen duzu, ez da? Eta kontuak errebisa erazi nahi diozu.

NESKAMEA: Ez dut inor maite, zutaz landa.

SA: Orduan, esaidazu zertarako nahi dituzun?

NESKAMEA: Esaten badizut ez dizkidazu emanen.

SA: Baina nola jakin dezaket ez duzula zerbait okerrerako nahi? Bere erantzunei buruz konsziente den gizon bat naiz.

NESKAMEA: Ez da ezer okerretarako. Eta ongi dakizu behar ez banuen ez nizuela eskatuko.

SA: Nik ez dakit ezer. Hau guztiau erabat nahasia iruditzen zait, horixe da dena. Zer arraiotarako behar dituzu hogei marko? Haurdun al zaude?

NESKAMEA: Ez.

SA: Egiatan?

NESKAMEA: bai.

SA: Zerbait ilegala egiteko asmoa duzula enteratzen baldin banaiz, are susmorik ttipiena ere, badakizu: amaitu da oro bion artean. Entzuna ukanen duzu zeure sabeleko fruituaren kontra atentatzea dela egin dezakezun krimenik handiena. Aleman herria handitzen eta ugaltzen ez bada, agur bere egiteko historikoa.

NESKAMEA: Baina, Theo, ez dakit zertaz ari zaren. Ez da uste duzuna. Hori baldin balitz, esanen nizuke, hire arazoa ere balitzateke eta. Hara, horrelako gauzarik burura etor ez dakizun, esan eginen dizut. Diru hori Fridari negurako abrigo bat erosten laguntzeko nahi dut.

SA: Eta hire ahizpak zergatik ezin dezake eros berak abrigoa?

NESKAMEA: Nola nahi duzu gerrako alarguntsa sariaz eros dezan? Hogei eta sei marko hilero...

SA: Eta Neguko laguntza? Baina, zuek ez duzue fidantzarik Estatu nazional-sozialistan, horixe da gertatzen dena. Ohartu nintzen sukalde honetan mintzatzen dena entzutean. Klarionaren froga egin nuenean jarri zenuen aurpegiaz ez nintzela ohartu uste al duzu?

NESKAMEA: Nolako aurpegia jarri nuen, bada?

SA: Guztiz hotza. Lasterka irten ziren bi morroiek bezala.

NESKAMEA: Hara, egia esan, gauza horiek ez zaizkit bat ere gustatzen.

SA: Galdegin diezaizuket zer ez zaizun gustatzen?

EMAKUMEA: Giza gaiso hori deteni erazten ihardukitzea zeure sare eta tranpa eta gainerako gauza guzti horiez. Ene aita ere lanik gabe baitago.

SA: Azkenean! Horixe zen entzun nahi nuena. Licke horrekin hitzegiten nuenean hasi nintzen zerbait susmatzen.

NESKAMEA: Egin zuen guztia botako diotela aurpegira esan nahi al duzu? Badakizu zuri obeditzearren egin zuela eta guk sentitzen dugula.

SA: Nik ez dut deus ere esaten, explikatu nizun hori zela ene araua. Eta neure egitekoa betetzean egiten dudanaren kontra ezer baduzu, “Mein Kampf” irakurri besterik ez duzu. Orduan ikusiko duzu Führerak berak ez zuela indigne kontsideratzen herriaren iritzia frogatzea, eta Reichsehren egon zen bitartean, horixe izan zela bere egitekoa. Alemania arren egin zuen eta denok dakigu horrek ondorio garrantzitsuenak ekarri zituela.

NESKAMEA: Gauzak era horretara hartzen ditukenez, Theo... hogei marko horiek emanen didakezun ahal ez jakin nahi nuke.

SA: Dirua horrela ebastera uzteko prest ez nagoela baizik ez dizut esaten.

NESKAMEA: Zer esan nahi du “ebasteko prest” horrek. Diru hori enea da ez zurea. Diru hori enea ala zure da, eh?

SA: Tonu polita erabiltzen duzu elkarrekin aurreratu dugun diruaz aritzeko! Uste duzu bizitze nazionaletik juduak egotzi ditugula, orain geure lagunak explota gintzatzen uzteko...

NESKAMEA: Nola mintza zaitezke horrela, hogei marko eskatu dizkizudala eta?

SA: Ditudan gasto guztiekin. Behitu, bota hauek, berak bakarrik hogei eta zazpi marko kosta zitzaizkidan.

NESKAMEA: Dohanik ematen zituztela esan zenidan, ordea.

SA: Bai, horixe uste genuen. Eta hargatik hautatu nituen hoberenak. Baina gero ideiaz aldatu ziren.

NESKAMEA: Bota horiek gatik hogei eta zazpi marko? Eta gainerako gastuak?

SA: Zer gastu?

NESKAMEA: Gastu anitz zeudela esan zenidan.

SA: Ez naiz oroitzen. Eta gutitan ahanzten naiz esaten dudanaz. Lasai zaitez, ez naiz haserretuko. Hogei marko horiei dagokienaz, behitu, pentsatu egin behar dut.

NESKAMEA: (Negarrez) Theo, zer jaso da? Ez zegoela problemarik diruarekin esan zenidan eta hori ez da egia. Ez dakit zer pentsatu ere. Hogei marko gelditu behar zaizkigu Aurrezki Kutxan genuen guztitik!

SA: (Bizkarrean kolpe leunak emanez) Nork dio Aurrezki Kutxan ez zaigula ezer gelditzen? Jakina, baietz. Sinets zaitezke enegan. Ene eskutan duzuna kutxa fuerte batetan bezain segur dago. Zer, baduzu berriz fidantzarik enegan. (NESKAMEAk negarrez dirau, erantzuteke.) Urduri zaude. Lan larregi egiten duzu. Hara, banoa neure gaueko exerzizioetara. Ostiralean etorriko naiz berriz. Heil Hitler! (Irten egiten da. NESKAMEA malkoak lehortzen ari da. Sukaldean harat-honat itzulika hasten da. SUKALDARIA sartzen da, arropa sare bat dakarrela.)

SUKALDARIA: Baina, zer gertatzen da? Haserre al zarete? Theo jauna guztiz gizabide onetakoa da, ordea, hura bezalako jende asko behar genuke. Ez zain deus apartekorik gertatzen, ez da?

NESKAMEA: (Negarrez oraino) Minna, joan zaitez, arren, zeure anaiaren etxera eta abisa zaiozu kontu asko ukan dezan.

SUKALDARIA: Baina, zergatik?

NESKAMEA: Ideia bat bakarrik. Burura etorri zaidan zerbait...

SUKALDARIA: Ez da izanen gaur arratsaldekoa gatik... Ez duzu uste izanen ezen... Theo ez da gauza horrelakorik egiteko!

NESKAMEA: Nik ez dakit zer pentsatu ere, Minna. Ez dakizu zenbat aldatu den. Erabat bestelakotu dute. ez dabil adiskide onekin. Duela lau urtetik gaude elkarrekin eta orain gertatzen da... Mesede bat eskatu behar dizut... beha zaidazu bizkarra, arren... ez neuk ere gurutze zuririk dudan.