Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

8.
FISIKOAK

 

Horra hor zientzi gizonak,

Begirada izuz betearekin

Eta bizar gorri gezurrezkoekin

Teuron aire bat hartu nahiz.

Ez zaie fisika zuzen ez zehatzik

Exigitzen, baina bai fisika ario bat,

Aleman ehunetik ehun.

 

 

(Götingen, 1935an. Fisika Institutoan, bi jakintsu, X eta Y, Y sartu berria da konspiratzaile aire handi batez.)

 

Y: Hartu dut!

X: Zer?

Y: Parisera Mikovskyri egin nizkion galderen ihardespena.

X: Grabitazioko ondez?

Y: Bai.

X: Zer dio?

Y: Behar duguna, zuzen zuzen. Eta badakizu nork erantzun diguen?

X: Nork? (Yk izen bat eskribatzen du paper puska batetan eta Xi ematen dio. Xek irakurri ondoan, Yk zati tipi batzutan hausten du eta berokira egozten.)

Y: Mikoxskyk eman zizkion gure galderak. Horra hor erantzuna.

X: (Eskua luzatuz) Emaidazu! (Bat-batean geratu egiten da.) Harekin korrespondentzia dugula atrapatzen baldin bagaituzte...

Y: Ez dugu bat ere eskubiderik hori egiteko.

X: Baina hori gabe ezin dezakegu lanean iraun. Emaidazu, arren!

Y: Ezin ukanen dezakezu irakur: kodigo pertsonal batetan eskribatu nuen, horrela segurago baita. Neronek irakurriko dizut.

X: Kontuz!

Y: “Bilarreko bola” jauna laboratorioan al dago? (Keinu bat egiten du eskubitara.)

X: (Ezkerretara beste keinu bat eginez) Ez, baina Reinhart bai, han dago. Etorri hona, eseri zaitez hemen.

Y: (Irakurtzen ari dela) Bi bektore kontra-bariante askeak dira, Q eta ?, eta t beste bektore kontrariante bat, zeinekin bigarren gradutako tensore bat eratzen baita zeinaren estrukturaren formula baita:

S'lr = C4hi

X: (Eskribatzen egon ondoan, keinuak egiten dizkio isil dadin): Itxaron apur batez. (Jeiki egiten da eta oinen puntan doa esker aldeko hormara. Ez da ezer entzuten, antza, eta bere tokira itzultzen da. Berriz ere irakurtzen ari da, baina eten egiten du era berberaz. Telefonoa birrikusten dute, atea kolpe batez irikitzen etab.)

Y: Materia geldiarentzat, koherente ez denarentzat, elkar-tentsio ez dabilarentzat formula T=u zero ez den energia tentsorialaren dentsitatearen osokai bakarrari dagokio. Beraz, grabitazio geldiaren alor bat hozikatzen da, zeinaren ekuazioa, ginotasunaren faktore iraunkorra sartuz gero, baita

8?k, 0f= 4?ku

            Koordenada espazialen hautatze egoki batez, c2 d-t2-ren definizioa xit laburra da (Atea jotzen dutela nonbait entzuten da: X eta Y bere oharrak ezkutatzera doaz, baina handik gutitara ez dela behar ohartzen dira. Une honetatik gutunaren irakurtzen murgildurik gelditzen dira, egiten ari direnearen perilaz ahantziz.)

Y: (Irakurtze iraunez) Bestalde, masa horik, alor bat hozikatzean, guztiz dira tipi geldi dagoen alorrarekiko, eta beraz, grabitazioaren alorrean sartzen diren gorputzen higitura grabitazio geldiaren alorreko unibertsotako bihurgune geodesikoaren fruitu da. Bihurgune hori ados dago bariazioaren printzipioarekin, zeinarentzat unibertsotako bihurgunearen zatia beti baitirau bera.

X: Baina zer dio Einsteinek... (Yren izuaren aitzinean, X bere lapsuaz ohartzen da eta beldurrez dardar gelditzen da. Oharrak eskuetatik kentzen dizkio eta paper guztiak poltsikoan sartzen ditu.)

Y: (Goraki, ezkerretako aterat) Juduen mozolokeria alferra besterik ez da! Zer erlazio ukan dezake horrek Fisikarekin (Lasaiturik, bere oharrak ateratzen dituzte eta lanean diraute isilean, zuhurtziarik handienaz.)