Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

2.
SALAKETA

 

Horra hor salatariak, auzokoari hilobia

egin berri diotenak. Ezagunak dira

eta berek ere badakite.

Posible al da kaleak ez ditzala sekula ahantzi?

Ezin dezakete lorik egin.

Baina oro ez da bukatu:

Oraino gaurik bat ere ez da azken gaua.

 

 

(Breslau, 1933 Burges tipien eskaratz bat. GIZON eta EMAKUME BAT, zutik ateondoan, arre handi batez entzuten ari. Xit zurbil.)

 

EMAKUMEA: Behera heltzen ari dira.

GIZONA: Oraindik ez.

EMAKUMEA: Baranda hautsi dute. etxetik atera dituztenean, tatarrez atara behar ukan dute. Konorterik gabe zeramaten.

GIZONA: Etxe hartan irrati arrotzen emisioak entzuten zirela baizik ez nuen esan.

EMAKUMEA: Horixe baizik ez zenuen esan?

GIZONA: Besterik ez.

EMAKUMEA: Ez begiratu horrela, arren. Horixe baino ez zenuen esan, besterik ez.

GIZONA: Horixe, besterik ez.

EMAKUMEA: Zergaitik ez zara joaten poliziarengana eta larunbatean haien etxean ez zela bilerarik egon deklaratzen?

 

(Isilunea.)

 

GIZONA: Ez naiz joanen poliziarengana. Nola tratatu zituzten! Egiazko piztiak bezala!

EMAKUMEA: Merezi dutena. Zergatik arduratzen dira politikaz!

GIZONA: Baina ez zuten zertan xaka guztia urratu beharrik.

EMAKUMEA: Zer ikusi behar du xakak honekin?

GIZONA: Ez zuten zertan urratu beharrik.