19.
MILITANTE ZAHARRA
Lasterka, multzoka,
Bozeramailetarik ehunetik ehunek
Eman zuten bere boza.
Eta hor daude,
Ogirik, koiperik eta abrigorik gabe.
Gose dira, hotz dira. Hitleren alde bozeman zuten.
(Calw hiria, Württembergen, 1938an. Plaza bat negozio tipiekin. Hondarrean, harategi bat; lehen planoan esnetegia. Neguko goiz ilun bat da. Harategia hertsirik dago oraino, baina esnetegian argia dago eta zenbait bezero zain.)
BURGES TIPIA: Egun ere ez da koiperik egonen, ez da?
ANDRE BAT: Neure senarraren alokairuaz eros ahal dezakedan guztia egonen balitz ez luke gauza handirik behar izanen!
MUTILA: Isilik, nahi duzu? Ezin uka daiteke Alemaniak ez duela behar koipea, kainoiak baizik. Berak esan zuen argiki.
ANDREA: (Ahapeka) Eta egia da (Isilaldia.)
MUTILA: Renania koipez okupa ahal zitekeela uste al duzue? Jende guztia ados dator baina inork ere ez du sakrifiziorik egin nahi.
BIGARREN ANDREA: Lasai, mutil, guztiok sakrifikatzen gara.
MUTILA: (Mesfidantzaz) Zer esan nahi duzu?
BIGARREN ANDREA: (LEHENAri) Ez al duzu zuk ezer ematen diru batzea egiten denean. (LEHEN ANDREAk baietz buruaz.) Ikusten duzu, honek ere ematen du. Eta geuk ere bai. Nahiaren gainean.
MUTILA: Ezagutzen dugu historio hori. Führerak bere proiektu handiak praktikan jartzeko laguntza behar duenean, diru boltsak bat-batean hersten dira. Neguko laguntzari arropa zahar pusketak baizen ez zaizkio ematen. Zuen gatik izanen balitz, zitzak baizik ez zenukete emanen. Baina ongi ezagutzen ditugu geure traidoreak. Etxe horretako fabrikadunak bota pare erabat ahitu bat baizik ez zuen eman.
BURGES TIPIA: Jendeak guztiz zuhurtzia guti du! (ESNEDUNA, amantal zuri batekin, bere negoziotik irtetzen da.)
ESNEDUNA: Bat-batean zabalduko dugu (BIGARREN ANDREAri.) Egun on! Ruhl andrea. Jakin al duzu bart Lettner gaztearen alboko gaztearen bila etorri direla?
BIGARREN ANDREA: Harakinaren bila?
ESNEDUNA: Bai, semearen bila.
BIGARREN ANDREA: Bai, zera! Baina ez al zegoen Sakoekin, bada?
ESNEDUNA: Bai, aita alderdikoa zen 29z geroztik. Atzo feriara joan zelako, bestela bera ere eraman eginen zuten.
BIGARREN ANDREA: Zergatik eraman zuten?
ESNEDUNA: Okelaren prezioa garestitu zuelako. Aspaldi honetan ez zioten ezer ere entregatzen eta berak bezeroak galduz zoan... Orduan kontrabandoz erosi behar ukan zuen, juduei hain zuzen.
MUTILA: Hori eginez gero, ezin bestez detenitu behar!
ESNEDUNA: Beti izan dira hauen zaleen atarikoak. Zeisler zaharra izan zen 17an bizi dena gartzelan sartu zuena “Völkescher” egunkarian subskribitu ez zelako. Aspaldidanik da militante.
BIGARREN ANDREA: Itzultzen denean jarriko duen aurpegia ikustekoa izanen da!
ESNEDUNA: Itzultzen baldin bada!
BURGES TIPIA: Jendeak ez du bat ere zuhurtziarik!
BIGARREN ANDREA: Uste dut egun ez dutela zabalduko.
ESNEDUNA: Egin zitekeen gauzarik hoberena da. Poliziak bere sudurra nonbait sartzen duenean beti erideten du zerbait, ez da? Eta egun salgaiak kausitzea den zailarekin! Entregatzaile bakarra kooperatiba da eta hor ez dira txantxetan ibiltzen (Garrasika.) Egun ez dago koiperik! (Protestak entzuten dira.) Esaten dute, bestalde, Lettnertarrek hipoteka bat dutela bere etxearen gainean eta kendu eginen zietela igurikitzen zutela, edo horrelako zerbait.
BURGES TIPIA: Ezin daiteke ken hipoteka, ez eta eskatu ere, hori larregi litzateke.
BIGARREN ANDREA: Lettner gaztea mutiko xit begikoa zen.
ESNEDUNA: Haserrekorra beti izan da aita, Lettner zaharra. Derrigorrez sartu zuen bere semea SAn. Mutikoak nahiago zukeen, noski, neskatila batekin irten.
MUTILA: Zer nahi duzue esan haserrekorra dela eta?
ESNEDUNA: Haserrekorra esan al nuen? Beno, bai, lehen bere ideolojiaren kontra inork ezer esaten baldin bazuen, haserre jartzen zen. Beti ideolojiaren alde eta egoismo indibidualaren kontra mintzatzen zen.
BURGES TIPIA: Zabaltzen ari dira.
BIGARREN ANDREA: Azken finean, bizi egin behar da (ANDRE LODI BAT irtetzen da harategitik, orain erdi argitan dagoena. Karrikaren ertzean gelditzen da, karrikara behitu eta zerbait bila ari dela dirudi.)
ESNEDUNA: Egun on, Schilichter andrea. Ikusi al duzu gure Rikardo? Aspaldidanik egon behar zuen hemen okelarekin.
(ESNEDUNAk ez dio erantzuten. Guztiak harakin ANDREAri so gelditzen dira. Honek aditzen du eta lasterka sartzen da.)
ESNEDUNA: Ezer gertatu ez balitz bezala ari da. Espero zitekeen, ordea, beste egunean gertatu zenaren ondoan. Zaharra haserre, guztiz haserre jarri zen eta oihu eta garrasika hasi zen, plaza guztian entzuten zitzaion, eta hauek arretaz hartu zuten ohar guztiaz.
BIGARREN ANDREA: Ni ez nintzen ezertaz ere enteratu.
ESNEDUNA: Bai, zera! Bada, ez zuen jarri nahi ukan eskaparatean ekarri zizkioten kartoizko urdaiazpikoak. Aste batez eskaparatean prezioen herronka baizik ez zuten eduki. Orduan besteak etorri ziren, baina hark esan zien: ez dut ezer eskaparaterako, eta haiek esan zioten kartoizko urdaiazpikoak enkargatzea zedukala. Urdaiazpikoekin agertu zirenean —xahal erdi bat ere bazekarten ia-ia benetakoa zirudiena— hura hasten da, bada, oihuka ez zuela egiazko ez zen ezer eskaparatean jarriko eta... beno, beste anitz gauza ere bai, baina errepika ezin ditudanak. Dena gobernuaren kontra, eta hartu gauza guztiak eta kale erdira jaurtiki zituen. Lohitik atera behar ukan zituzten gero.
BIGARREN ANDREA: Isilik! Isilik!
BURGES TIPIA: Jendeak ez du bat ere zuhurtziarik!
BIGARREN ANDREA: Nola gal daitezke bridak horrela?
ESNEDUNA: Eta bizienak, gainera. (Orduan harategiaren bigarren argi bat pizten da.)
ESNEDUNA: Behitu! (Asalduta arras, erdi argitan dagoen eskaparatea seinalatuz.)
BIGARREN ANDREA: Zerbait dago eskaparatean!
ESNEDUNA: Lettner zaharra da! Abrigoarekin! Baina zer gertatzen zaio (Oihuka hasten da erdi negarrez.) Lettner Andrea!
BIGARREN ANDREA: (Bere dendatik irtetzen da) Zer gertatzen da? (ESNEDUNAk, ezer esateke, eskaparatea seinalatzen dio. Harakin ANDREAk so dagi, garrasia bat botatzen du eta konortea galduz lurrera erortzen da. BIGARREN ANDREA eta ESNEDUNA hurbiltzen zaizkio.)
BIGARREN ANDREA: (Sorbaldaren gainetik) Eskaparatean urkatu da!
BURGES TIPIA: Txartel bat du gainean.
LEHEN ANDREA: Prezioen pizarra da. Zerbait dago eskribatua.
BIGARREN ANDREA: Bai, dio: Nik Hitleren alde eman nuen neure boza!