11.
OINETAKO BELTZAK
Horra hor ume zurtz eta alarguntsak
Hauei ere egun ederrak agindu zizkien
Baina aldez aurretik sakrifikatu egin behar dute
Eta zerga ordaindu.
Okelak bitartean prezioz igaiten duela:
Egun ederrak ez dira bihar helduko.
(Bitterfeld, 1935ean. Langile sukalde bat. AMA patatak prestatzen ari da. ALABA, hamairu urtetakoa guti gorabehera, bere zereginak egiten ari.)
ALABA: Ama, emanen dizkidazu bi pfennig?
AMA: Hitler-Gaztediarentzat?
ALABA: Bai.
AMA: Ez dut diru sobera.
ALABA: Baina astero bi pfenniak ematen ez baldin baditut, aurtengo udan ezin izanen naiz baserrira joan. Maistrak esan zuen Hitlerrek baserriak eta hiriak elkar ezagutzen hasi behar dutela. Hiriko bizilagunek nekazariengana hurbildu behar dute. eta horretarako bi pfennig eman behar ditut.
AMA: Ikusiko dut nola konpon naitekeen bi pfennig horiek eskuratzeko.
ALABA: Bai ona ere zaren, ama! Patatak zuritzen lagunduko dizut. Baserrian ongi egoten da, ez da? Han bai jaten dela, beste egunean maistrak esan zidan sabela handiturik dudala patata larregi jatearren.
AMA: Hori inola ere ez.
ALABA: Ez, orain, ez. Baina ihaz bai, banuen handiturik, baina ez asko.
AMA: Ea heste apur bat eskuratzen dudan.
ALABA: Eni, behintzat ogi puska bat ematen didate eskolan. Zuk hori ere ez. Bertak esan zidan baserrian egon zenean, ogiarekin antzar-koipea ematen ziotela. Bai ongi ere, ez da, ama?
AMA: Bai, oso ongi.
ALABA: Eta gainera aire garbia...
AMA: Baina lana ere egin behar zuen.
ALABA: Jakina. Baina asko jaten da. Nahiz nekazaria ez zen ongi portatzen harekin.
AMA: Zer esan nahi duzu?
ALABA: Ez. Deus ere ez. Ez zion baketan uzten.
AMA: Bai, eh?
ALABA: Baina Berta ni baino nagusiagoa da. Urte bete gehiago du.
AMA: Hara egin itzazu zeure zereginak. (Isilaldia.)
ALABA: Ama, ez ditut jantzi behar ukanen benefizientziako zapata beltz horiek, ez da?
AMA: Ez, ez dituzu jantzi behar, baduzu beste pare bat.
ALABA: Beste parea zulaturik dago, ordea?
AMA: Baina egun hauk guztietan euria ari da.
ALABA: Papera jartzen diet barnean eta ez da urik sartzen.
AMA: Nola ez da sartuko, bada. Zulaturik baldin badaude, zolaz aldatu beharko dira.
ALABA: Baina hori garestia da.
AMA: Zergatik ez dituzu erabili nahi benefizientziako sozietatekoak?
ALABA: Ikusi ere ezin ditut egin.
AMA: Duten forma gatik?
ALABA: Behitu, zuri ere ez zaizkitzu gustatzen.
AMA: Jarri egin behar al ditut, amatto?
AMA: Ikusi ere ezin badituzu, ez itzazu jar.
ALABA:Ama, ez da ni buru-arin bat naizelako, ez da?
AMA: Ez, ene alabatto. Hazten ari zarela baizik ez da. (Isilunea.)
ALABA: Bi pfennigak emanen dizkidazu ez da? Baserrira joan nahi nuke.
AMA: (Ezerian ezerian) Ez dut horretarako dirurik.