Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

17. ikasgaia:
euskal musika eta sistema judiziala

 

PATXO: Esan dugu lehen euskal musika errebeldiarekin lotuta dagoela. Eta errebeldia, justiziarekin lotuta dago.

MIKEL: Eta justizia, epaiketekin lotuta dago. Ondorioz, epaiketak, euskal musikarekin lotuta egon beharko lirateke. Euskal musikarekin, justizia oso desberdina izango litzateke.

PATXO: Hobea? Zuzenagoa? Azkarragoa? Ez. Desberdina.

MIKEL: Eta ez da gutxi.

PATXO: Ni akusatua naiz.

MIKEL: Ni abokatua.

ADRIAN: Ni fiskala.

MARIA: Ni takimekanografoa; eta alguazila; eta lekukoa; eta epaimahaia; publikoa.

IVAN: Ni epailea. Eta epaiketa hastera doa.

 

Argi aldaketa. Epaiketa giroa.

Erdian akusatua. Bere ezker eta eskubian, fiskala eta abokatua.

 

FISKALA: Zin dagizu egia esango duzula, eta egia baino ez?

AKUSATUA: Bai, zin dagizut, ez dizudala inoiz gezurrik esan...

ABOKATUA: Zu lasai egon. Ura edo nahi duzu...?

AKUSATUA: Ez, ez dut nahi, ez ez ez...

FISKALA: Egia da, irailaren bostean morora jaitsi zinela kostoa erosteko asmotan?

AKUSATUA: Egia da, egia da...

ABOKATUA: Protestatzen dut! Ezin dugu epaitu antezedenteak ezagutu gabe. Nire defenditua familia apal batean jaio zen!

AKUSATUA: Zazpi senideko familia batetan arotza zen nere aita.

FISKALA: Pariente aberats bat izango zuen, denok bezala!

AKUSATUA: Osaba komerzianterik ez nuen izan Habanan.

ABOKATUA: Ez ba! Guztiz pobrea zen!

AKUSATUA: Bizi gera pobre eremu latz honetan...

ABOKATUA: Argi dago beraz...

AKUSATUA:

                        Ez dugu zaldirik

                        ez gera zaldunak.

                    ez dugu abererik.

                    ez gera aberatsak.

ABOKATUA eta FISKALA: (Moskeatuta) Baietz ba, pesao!

ABOKATUA: Arratoiak baino pobreagoa zen. Eta hala ere zintzo izaten saiatu zen. Eskolan hasi zinen, egundoko ilusioarekin.

AKUSATUA: Goizetan pozik goaz ikastolara gauza anitz ikastera.

ABOKATUA: Etorkizun bat eraiki nahi zuen.

AKUSATUA: Nik enkargatua izan nahi nuen...

FISKALA: Protestatzen dut, gimnasia ere suspenditzen zuen! Zelako bronkak etxean notak ematean...

AKUSATUA: Zai dago ama, zai aita...

FISKALA: Eta eskola utzi zuen, alfer honek...

AKUSATUA: Estudiante tunante baino hobe nuela...

ABOKATUA: Lanean hasi.

AKUSATUA: Oso goizetik lanean hasi...

ABOKATUA: Nire defendituak gogor...

AKUSATUA:

                        ...su eta keen artean.

                    Dinbilin danba gelditu gabe

                        guztiz ilundu artean

                    Arropa denak puskatzen eta,

                        osasunaren kaltean.

FISKALA eta ABOKATUA: Baietz ba, pesao!

AKUSATUA: Nire defendituak gogor egin zuen lan, lana zegoenean.

AKUSATUA: Guretzat berdin dira astea eta jaia.

FISKALA: Horixe berdinak, zuretzat aste egun guztiak ziren jai: astelehenetan...

AKUSATUA: Jai ondoren alperra

ABOKATUA: Bai, baina asteartean...

AKUSATUA: Euria goitik behera.

FISKALA: Eta asteazkenean...

AKUSATUA: Osabaren ezkontza.

ABOKATUA: Dena den, ostegunean.

AKUSATUA: Amonaren eguna.

FISKALA: Eta ostiralean.

AKUSATUA: Haginetako mina.

FISKALA eta ABOKATUA: Baietz ba, pesao!

ABOKATUA: Normala gutxi lan egitea, kobratzen zuen miseriarekin.

AKUSATUA: Hiru babarrun jateagatik horrenbeste nekepena.

ABOKATUA: Eta gainera lan istripu ugari.

AKUSATUA:

                        Atzo atzo atzo

                    atzo hil ziren

                        hamar atso.

FISKALA: Aitzakiak! Zergatik ez zenuen lanean jarraitu??

AKUSATUA: Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea.

ABOKATUA: Krisialdia etorri zelako. Gauzak aldatu egin ziren!

AKUSATUA: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!!

FISKALA: Aurkitu nahi duenarentzat, lana badago.

AKUSATUA: Non hago? Ze larretan?

ABOKATUA: Hori da. Ezin da lanik topatu.

AKUSATUA: Ez da posible, ezin liteke!!

FISKALA: Bah! Alfer honek lan bat topatuko balu.

AKUSATUA: Neria izango zen, ez zuen aldegingo.

ABOKATUA: Noiz aurkitu zenuen azkeneko lana?

AKUSATUA: Mila bederatzirehun ta lehenengo urtian.

FISKALA: Gaztaroa alperrikaldu du alferrean.

AKUSATUA: Uztaila hontan beteko ditut nik nahi baino urte gehio.

FISKALA: Neskak utzi zuen, lanik ez zuelako.

AKUSATUA: Maitiak galde egin zautan lana banuenentz...

ABOKATUA: Eta zer esango zion ba?

AKUSATUA: Agian, agian, egun batez...

FISKALA: Bai zera! Saiatu ere ez zen egiten, juergan egoten zen egun osoan...

AKUSATUA: Kalian gora kalian behera kalian gora kalian behera.

ABOKATUA: Protestatzen dut! Nire defenditua lan bila ibiltzen zen...

AKUSATUA: Edozein herriko jaixetan.

FISKALA: Horixe! Txurrutean...

AKUSATUA: Ardoa edanda mozkortzen naiz.

ABOKATUA: Beno, akaso edan apur bat, baina drogarik ez...

AKUSATUA: Alegratzeko triste dagoen guztia.

FISKALA: Seguru eroriko zela egunero kanutoren bat.

AKUSATUA: ...lau, bat, hiru, bost zazpi...

ABOKATUA: Baina porroa bakarrik, speed eta kaka horiek sekula...

AKUSATUA: Sarri sarri sarri sarri sarri sarri...

FISKALA: Horixe, mundu guztiak hartzen ditu eta...

AKUSATUA: Zuuuuk zergatik ez?

ABOKATUA: Gizarteak bultzatzen zuen konsumitzera.

AKUSATUA:

                        Saldu nahi dizkiote

                    makailu bustiak

                    gauerdiko izarrak

                    eta eguzkiak

                    inor engainatzeko

                    nolako trastiak.

FISKALA: Eta bere bizio guztiak pagatu ahal izateko, morora jaitsi zen.

AKUSATUA:

                        Beloradora joango nauk

                    Beloradotik Malagara

                    Malagatik Zeutara

                    ta Zeutatik txironara

FISKALA eta ABOKATUA: Baietz, ba, pesao!

FISKALA: Harrapatu zintuzten.

AKUSATUA: Giltzapean sartu naute poliki-poliki.

ABOKATUA: Eta komisaldegian tratu txarrak jaso zituen.

AKUSATUA: Amajo egin naute mintza arazteko.

FISKALA: Protestatzen dut! Kartzelako medikuak ez zuen tratu txarrik aipatu. Bera...

AKUSATUA: Ixil-ixilik dago...

ABOKATUA: Jakina, kartzelako medikuak ondo daki.

AKUSATUA: Ixilik egoteak zenbat balio dun.

FISKALA: Protestatzen dut! Gizarte demokratiko batean bizi gara eta...

AKUSATUA: Bota dezagun demokrazia zerri askara.

ABOKATUA: Epaile jauna, epaimahaikideok. Ni gizon honen alde nago. Geratzen zitzaion diru apurra gastatu du nire defentsa ordaintzeko eta...

AKUSATUA: Dirurik ez baina izarrak gurekin daude.

ABOKATUA: Nola dirurik ez? Poltsa ederra zenuela esan zenidan.

AKUSATUA: Poltsa, poltsa banuela baina...

ABOKATUA: Nola?

AKUSATUA: ...dirurik ez...

ABOKATUA: Zer?

AKUSATUA: ...dirurik ez...

ABOKATUA: Dirurik ez???

AKUSATUA: Ezetz ba, pesao!

ABOKATUA: Eta ni denbora galtzen? Bila ezazu ofizioko abokatu bat eta utzi bakean!

AKUSATUA: Ez zaitez joan oraindikan, ez zaitez joan arren...

ABOKATUA: (Fiskalari) Ikusi duzu, ze fundamentu gutxi?

FISKALA: Ez dago lotsarik!

AKUSATUA: Gure asmoak, esperantzak, herria, askatasuna, justizia, pakea... ?

FISKALA eta ABOKATUA: Mitoak, hitz hutsak

AKUSATUA: Protestatzen dut! Justizia kakazahar bat da!

FISKALA eta ABOKATUA: Baina Inon baino alaiagoa izanen da!

AKUSATUA: Ta zer? Ez da berdin!

FISKALA eta ABOKATUA: Inon baino alaiagoa izanen da!

AKUSATUA: Ta zer? Ez da berdin!

FISKALA eta ABOKATUA: Inon baino alaiagoa izanen da!

DENAK: ta zer ez da berdin!

 

Azkenean denok jotzen dute. patxok panderoa ematen dio mikeli. Honek eskertzen dio. patxori laster damutzen zaio.