Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

7. ikasgaia:
kantautorea eta Ez Dok Amairu

 

PATXO: Iparragirre aitzindaria izan zen euskal musikan. Bera izan zen gure lehenengo kantautorea.

MIKEL: Hitz hori entzun eta segidan, 60ko belaunaldi mitikoaz gogoratzen gara: “Ez dok Amairu”. Laboa, Lete, Lertxundi, Artze anaiak...

PATXO: Diktadurapean zeuden eta mezuak metaforen bidez esan behar zituzten, zentsura saihesteko.

MIKEL: Hirurogeigarren hamarkadan gaude.

PATXO: Ni garai hartako kantautore bat naiz.

MIKEL: Ni bere lagun bat. Bere kanta berri bat erakutsi dit, ea ze inpresio.

 

patxok jotzen du kanta, gitarraz.

 

PATXO:

                        Mendian lahar artean,

                        aurkitzen da loretxo bat,

                        aurrean umetxo bat

                        loretxoari begira.

MIKEL: Ze polita. Loreak maite ditut!

PATXO: Beno, lorea metafora bat da, ez da berez lorea.

MIKEL: Ah, ez? Zer da?

PATXO: Herria.

MIKEL: Herria? Lore asko daukan herria? Ze herri da hori?

PATXO: Euskal Herria!

MIKEL: Euskal Herria? Ze metafora klase da hori? Euskal Herriak ez dauka lore baten itxurarik, inondik inora. Ez da ulertzen.

PATXO: Baina...

MIKEL: Ez da ulertzen. Aldatu behar duzu hori.

PATXO: Ondo da.

 

patxok jotzen du kanta, gitarraz.

 

PATXO: Mendian lahar artean, aurkitzen da loretxo bat, aurrean umetxo bat Euskal Herriari begira.

MIKEL: Horrela askoz hobeto ulertzen da. Baina hala ere, Euskal Herria ez dago lahar artean. Paisaje ederrak ditugu.

PATXO: Beste metafora bat da!!

MIKEL: Ah! Eta zer esan nahi du?

PATXO: Euskal Herria zapaldua dagoela askatasunik gabeko eremu latz batean.

MIKEL: Hori askoz argiago dago.

PATXO: Baina bestea...

MIKEL: Ez da ulertzen.

PATXO: Ondo da.

 

patxok jotzen du kanta, gitarraz.

 

PATXO: Askatasunik gabeko eremu latz batean aurkitzen da euskal herri zapaldua. Aurrean umetxo bat Euskal herri zapalduari begira. Umetxoak ikusirik, Euskal Herri zapaldua ezin bizirik, arantzak kendu nahi dizkio, biziberri...

MIKEL: Alto, alto. “Arantzak?” Euskal Herriak arantzak ditu?

PATXO: Beste metafora bat da. Arantzak kentzeak diktadura frankistaren errepresiotik askatzea esan nahi du.

MIKEL: Eta zergatik ez duzu argi eta garbi esaten?

 

patxok jotzen du kanta, gitarraz.

 

PATXO: Askatasunik gabeko eremu latz batean aurkitzen da euskal herri zapaldua. Aurrean umetxo bat Euskal herri zapalduari begira. Umetxoak ikusirik, Euskal Herri zapaldua ezin bizirik, diktadura frankistaren errepresiotik askatu nahi du, etorkizun politiko itxaropentsu bat eman.

MIKEL: Hobeto. Dena den, ume batek ezin du Euskal Herria askatu. Handia geratzen zaio enpresa hori. Ez da sinesgarria.

PATXO: Umea metafora bat da!

MIKEL: Ta zer da umea?

PATXO: Kontzientzia politikoa daukan euskal hiritar bat!!!

MIKEL: Joder, alde ederra. Eta nola nahi duzu jendeak ulertzea...?

 

patxok jotzen du kanta, gitarraz.

 

PATXO: Askatasunik gabeko eremu latz batean aurkitzen da euskal herri zapaldua. Aurrean kontzientzia politikoa daukan euskal hiritar bat, Euskal herri zapalduari begira. Kontzientzia politikoa daukan euskal hiritarrak ikusirik, Euskal Herri zapaldua ezin bizirik, diktadura frankistaren errepresiotik askatu nahi du, etorkizun politiko itxaropentsu bat eman. Orduan izango baitu askatasuna eta burujabetasuna. Orduan emango baitu ugari bere fruitua.

MIKEL: Horrela bai! Horrela oso ondo ulertzen da. Dena den... letra gehiegi, ezta?

 

Polizia sirena bat entzuten da.

 

MIKEL: Hori zer da, polizia?

PATXO: Ez, poliziaren metafora bat!!!

 

musikariek “Loretxoa” kantaren bertsio rokeroa jotzen dute.