Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

16. ikasgaia:
euskal musikaren poesia

 

MIKEL: Oraingo atal hau, euskal kanta herrikoien letrei dedikatuko diegu.

PATXO: Gure kanta herrikoien letrak! Ze aberatsak! Zenbat ñabardura fin!

MIKEL: Tamalez, jendea ez da aberastasun horretaz konturatzen.

PATXO: Denak ez dira musikologoak!

MIKEL: Sentsibilitate berezia behar da...

PATXO: Oso berezia!

MIKEL: Esate baterako:

 

Biolontxeloak laguntzen du, poesia errezitalean bageunde lez.

 

MIKEL:

                        Anteron txamarrotia,

                    Singerren bibotia.

                    Harexek ei dauko

                        ei dauko,

                        preso tximinoia.

 

Isilunea.

 

PATXO: Buah! Ileak tente!

MIKEL: Ezta?

PATXO: Buah!

MIKEL: Eta zure iritziz zer esan nahi du?

PATXO: Nola?

MIKEL: Ea zer dioen.

PATXO: Kanta honek?

MIKEL: Bai.

PATXO: Beno... Irakurketa anitzeko kanta da.

MIKEL: Meta testuala.

PATXO: Hori da.

MIKEL: Baina konkretuki?

PATXO: Konkretuki?

MIKEL: Bai.

PATXO: Beno... Bakoitzak bere irakurketa egin dezake.

MIKEL: Dudarik gabe.

PATXO: Hau da testu honen aberastasuna. Aniztasuna, multikontzeptutasuna...

MIKEL: Baina pixka bat konkretatuz?

PATXO: Konkretatuz? (...) Eh... Beno... Nire ustez... Eh... Eh... Tximinoaren drama islatzen du. Tximinoak gizakume izan nahi luke, baina ai!, urrun dago gizakume izatetik! Tximino geratu da. Preso dago bere... tximinotasunean.

MIKEL: Txipiroia.

PATXO: Nola?

MIKEL: Bizkaiko kostaldeko kanta da, eta tximinoia txipiroia da, ez tximinoa.

PATXO: Ah! Ba arrazoi gehiagoz: txipiroia askoz urrunago dago gizakume izatetik!

MIKEL: Txipiroiaren drama existentziala.

PATXO: Drama existentzialei buruz ari garela, hona beste hau:

 

Biolontxelo musika berriro.

 

PATXO:

                        Urra txuntxulun berde

                    mesmeru mokordo,

                    Urra txuntxulun berde

                    mesmeru mokordo,

                    hortxegoian atso bat...

                    kaka egiten dago.

 

Isiltasuna.

 

MIKEL: Txundigarria!

PATXO: Bai. Eta nola interpretatzen duzu zuk?

MIKEL: Nik? Interpretatu?

PATXO: Bai.

MIKEL: Beno... (...) Nire ustez inportanteagoa da sujeritzen duena esaten duena baino.

PATXO: Azpitestua.

MIKEL: Horixe. Lerro artean ezkutatzen dena.

PATXO: Hala ere, irudi txundigarria da amona gaixo hura...

MIKEL: Gaixoa, bai...

PATXO: Hor goian, bere bakardadean...

MIKEL: Kaka egiten...

PATXO: Kaka egitearena lizentzia literario bat da!

MIKEL: (...) Jakina.

PATXO: Berez ez dago, noski, kaka egiten.

MIKEL: Noski.

PATXO: Zera dago...

MIKEL: Horixe... Zera dago...

PATXO: Argi dago.

MIKEL: Guztiz argi.

PATXO: Drama existenzial latza.

MIKEL: La solitude!!

PATXO: La decadence!!

MIKEL: Honek burura dakarkit... Mari Andresen drama lazgarria.

PATXO: Oh!!

 

Biolontxeloaren musika.

 

MIKEL:

                        Mari Andresaren

                    Mari Andresaren

                    korotza...

PATXO:

                        zazpi libra ta

                    zazpi libra ta

                        bost ontza.

 

biak emozionaturik daude, negar egiteko gogoaz.

 

MIKEL:

                        Harek egiten dau

                    harek egiten dau

                    demasa:

PATXO: epel-epel,

MIKEL: lodi-lodi,

BIAK: Punta motza!