Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

15. ikasgaia:
haurren kantak

 

PATXO: Ikasgai honetan, haurren musikari buruz hitz egingo dugu.

MIKEL: Haurren kantak, ze politak! Ze kuttunak!

BIAK: Kutxi kutxi kutxi...!!!

 

Bat-batean serio jartzen dira.

 

PATXO: Seme-alabarik duzu?

MIKEL: Ume txikiak, sehaska umeak?

PATXO: Gau osoa esnaturik ematen duzu, umearen negarrekin, eta lanera zoaz batere lorik egin gabe, zure umea jada lo goxo dagoen bitartean?

MIKEL: Honek badu bueltarik.

PATXO: Erabili euskal musika.

 

mikelek umearena egiten du. Lo dago.

 

PATXO: Haurtxo txikia sehaskan dago Ama emaiozu titia.

            Aita gaixtoa tabernan dago Pikaro jokalaria.

 

Umea esnatzen da asaldaturik.

 

MIKEL: Eh??

PATXO:

                        Otsoak uuuu

                        mendi gainetan ugari.

MIKEL: Eh?

PATXO:

                        Harrapatzen bazaitu,

                        harrapatzen bazaitu...

MIKEL: Zer??

PATXO: jo ta bertan hilko zaitul!

MIKEL: Aita!!

PATXO: Aita-semeak tabernan daude...

MIKEL: Ama, ireki atea!!

PATXO:

                        Zabalik badaukazu

                        bertako atia,

                        galduko duzu eta

                        bigarren hankia

                        bai eta, bide batez,

                        zure hankartia.

MIKEL: Nor dabil hor?

PATXO:

                        Atoz, atoz, zure bila nenbilen ni.

                        Atoz, atoz, zure bila nenbilen ni.

MIKEL: Ama. Argia piztu!

PATXO: Zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten...

MIKEL: Zer gertatzen da?

PATXO: Din dan, nor hil da?

MIKEL: Nor?

PATXO: Zer egin dau pekatu?

MIKEL: Ezer ez! Ama!!!

PATXO:

                        Zure ama hil da

                    lanak itota, zertarako dan bizitza

                    jakitera iritsi gabe.

PATXO: Amatxo? Hilda?

PATXO: Ta ziur zure aita ere bai!

MIKEL: Nola?

PATXO: Dolugabe, dolugabe.

MIKEL: Ama!!!!

 

Umea negarrez hasten da.

 

PATXO: Zaude ixilik haurra, ez egin negarrik!!!

MIKEL: Lagundu!!!

PATXO: Handitzen zeranean ikusiko duzu ixilik egoteak zenbat balio dun!!!

MIKEL: Amatxo!!! Aitatxo!!!

PATXO:

                        Loa loa txuntxurunberde.

                    Loa loa...

MIKEL: Masustaaaaaa!!!!!!

 

Musika bukatzen da.

 

PATXO: Zure haurrak ez dizu lorik egiten uzten gauez?

MIKEL: Eta zu goizean, leher eginda, lanera abiatzen zarenean, umea lo goxo ikusten duzu bere sehaskan?

PATXO: Larrutik ordaindu dezala. Erabili euskal musika.

MIKEL: Loa loa...

DENAK: Masusta!